Aloña Mendiko eta Bergarako igerilariak "ondo" Gipuzkoako txapelketan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ots. 9a, 19:38

Aloña Mendiko hamabost igerilarik eta Bergarako seik hartu dute parte asteburuan Agorrosinen ospatzen ari den Gipuzkoako igeriketa txapelketan eta emaitzekin gustura agertu dira Josune Odriozola eta Xabier Labaka entrenatzaileak. Gipuzkoa osoko hamabost igeriketa taldek hartu dute parte txapelketan, 250 igerilari inguruk.

Zapatu goiza arratsaldea baino hobea izan da Aloña Mendiko eta Bergarako igerilariendako orokorrean, baina domeka goiza ere txukun joan da eta asteburua zer moduz doan galdetuta, "ondo" erantzun dute talde bietako entrenatzaileek, Josune Odriozolak eta Xabier Labakak. "Igerilariek ze aurrerapen egin duten ikusita, pozik nago. Oñatikoak ere ondo ibili dira", dio Labakak. Odriozolak ere ondo ikusi ditu igerilari oñatiarrak: "Bai, badaude gu baino talde indartsuagoak, Bidasoa esaterako, baina gu ere lan oso ona egiten ari gara, geure neurrian". Gipuzkoako txapelketa izaten da ikasturtean orain arte egindako lana erakusteko tokia. "Igerilariendako eurendako eta baita entrenatzaileondako ere. Orain arteko lanaren emaitza ikusten da", gaineratu du Labakak.

Aloña Mendiko igerilari Sara Isasisasmendi urduri heldu da gaurko probara: "Gogor entrenatu dugu, eta iritsi da eguna, baina proba egin arte, urduri egoten naiz, bai". Gipuzkoako Federazioak eskatutako gutxienekoak lortuta hartu du parte Isasisasmendik txapelketa honetan, beste denak bezala, eta Euskal Herrikora joateko txartela ere eskuan du: "Beti jarri behar dira helburua eta helburu horiek lortzen saiatu. Nik Euskal Herrikora joateko gutxieneko denbora lortu dut, baina Espainiara joatea beste kontu bat da, hori zailagoa ikusten dut".

Entrenamendu bateratuak

Urtarrilaz geroztik Bergarako Agorrosin igerilekuan entrenatzen dute elkarrekin Aloña Mendik eta Bergarak. "Asier Perez,  Josune Odriozola eta hiruron arteko lana, elkarlana, erabatekoa da, ez dugu eragozpenik; ondo ari gara entrenatzen eta igerilariak ere ondo erantzun dute", dio Labakak. Odriozolak ere gustura ari direla dio: "Entrenatzeko modu ezberdinak genituen eta moldatu egin ditugu, agian bergararrak egokitu dira gure entrenamenduetara, baina bai, ondo ari gara lanean".

Talde bateko zein besteko igerilariak ere ondo moldatu dira egoera berrira. "Ordutegian igarri dugu guk aldaketa. Okerrena da joan-etorria, bidaia, baina gurasoei esker ondo antolatu gara. Nik nahiago dut goizean entrenatzea, seietan, Oñatin egiten genuen moduan, baina Bergarakoek ez dute gura", dio barrez Isasisasmendik. "Aurretik ere ezagutzen genuen elkar, harreman ona dugu gure artean eta ondo konpontzen gara oraingo egoera honetan, bai. Jende asko gaude orain eta motibazioa handiagoa da, baina goizeko 06:00etan etortze hori, aldaketa handiegia da, bai", onartzen du, Uxue Azkarate igerilari bergararrak, barrez horrek ere. "Hilean behin izaten ditugu igeriketa frogak, baina Gipuzkoakoa berezia da, azterketa modukoa guretako ere, eta gogor entrenatuta etorri gara. Udako Euskal Herriko txapelketara sailkatzea dut orain helburu", gaineratu du Azkaratek.

Iñaki Yarza: "Gazteen artean kirola bultzatzea gura dugu, horixe da gure lana"

Bergara Igeri Elkarteko kide da Iñaki Yarza, Gipuzkoako Igeriketa Txapelketa antolatu duen elkarteko kidea.

Zer moduz doa asteburua?

Oso ondo. Joan den urtean alebin eta benjamin mailako txapelketa antolatu genuen, Gipuzkoa mailakoa hori ere, eta erronka izan zen guretako. Aurten, infantil, junior eta senior mailakoen txapelketa antolatu dugu.

Zenbat igerilari ari dira parte hartzen?

Gipuzkoako 15 igeriketa talde ezberdinetako 250 igerilari inguru; lurraldeko onenak bakoitza bere kategorian.

Zenbateko lana da Gipuzkoako txapelketa bat antolatzea?

Lan pixka bat bada, bai. Baina ume eta gazteen kirola sustatzea da gure helburua, geure kasuan igeriketa, eta hori bultzatzeko lana egin behar dugu guk ere. Urtean zehar 50 bat ekitalditan hartzen dute parte gure igerilariek, igerilekuetako zein itsasoetako probetan. Agorrosinen hiru saio izaten ditugu, bi proba eta Gipuzkoako txapelketa hau.

Zenbat lagun zaudete lanean asteburuan txapelketa egin ahal izateko?

Urteko probarik garrantzitsuena hau izaten da guretako. Asteburu osokoa da, lau txanda; goiz eta arratsalde zapatuan eta beste horrenbeste domekan. Txanda bakoitzean 20 lagun baino gehiago behar dira, 25 bat inguru. Bateko eta besteko, 100 lagunetik gora elkartzen gara asteburuan lanerako.

Bergarako eta Oñatiko jendea zaudete, ala?

Bai, Oñatiko guraso asko etorri dira laguntzera, eta izugarri eskertzen dugu hori. Entrenamenduak ere batera egiten dituzte herri bietako igerilariek, eta benetan eskerrak eman gura dizkiegu Oñatitik laguntzera etorri diren denei.

Erlazionatuak

Gipuzkoako igeriketa txapelketa Agorrosinen

Oihana Elorza Gorostiza 2020 ots 09 Bergara   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak