Sekulako poza zuten Arizmendi Ikastolako taldekideek sari banaketaren ostean. Hilabetetan zehar egindako lanak eman ditu fruituak eta orain dena ondo prestatzea tokatuko zaie, Tenerifeko lehiaketan onena emateko. Etxean irabazi dute gainera Espainiako txapelketarako txartela. Hain justu ere, First Lego League Euskadiren finaleko hiru egoitzetako bat izan baita Arrasatekoa. Txantxiku Ikastolako eta Zuazola-Larraña institutuko taldeek ez dute saririk eskuratu baina oso pozik azaldu dira egindako lanarekin.
Arrasatekoarekin batera, Donostian eta Bilbon jokatu dituzte gaur finalak eta Mariaren Lagundiko bi talde Donostiako kanporaketan izan dira. Biek ala biek jaso dituzte aipamenak. ML Team-ek balioen saria eskuratu du. ML Crew taldeak, bestetik, robotaren diseinu onenarena.
Mondragon Unibertsitateko Iturripeko Campusean egin dute Arrasateko finala goizetik hasita eta guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe desberdinetatik etorritako 350 ikaslek hartu dute parte. City Shaper erronkaren baitan, hiri adimenduei buruz garatu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte talde partaideek.