First Lego League nazioarteko heziketa programatik eratorritako lehiaketa da eta gazteak zientzia eta teknologiaren arlora hurbiltzea du helburu. Innobasquek bultzatuta, azken hilabeteetan Euskal Herri osoko 2.000 ikasle aritu dira proiektu honetan lanean, sormena, inklusioa, talde-lana... landuz. Zehazki 51 ikastetxetako 126 ikasle-taldek hartu dute parte, tartean Debagoieneko zortzik.
Proiektu jasangarriak
Aurtengo proiektua Hiri Adimendunak gaiaren ingurukoa izan da. Hala, espazio eta hiri jasangarrien aldeko proiektuak egin behar izan dituzte ikasleek, bizi eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea helburu. Zuazola-Larrañako ikasleek baserri jasangarri baten aldeko apustua egin dute. Txantxiku Ikastolakoak, bestetik, herriko uren hoditeria arazoak konpondu eta ur ihesak ekiditeko lanetan aritu dira. Mariaren Lagundiko talde bat uholdeei nola aurre egin ikertzen aritu da; bigarren taldekoak, gainpopulazioari aurre egiteko etxebizitza bloke bereziak sortu dituzte. Arizmendiko ikasleek, azkenik, jasangarritasuna bultzatzeko aplikazio bat egin dute, etxeak eguzkiaren bitartez argiztatu daitezen lortzeko.