Lapurdiko ipar-ekialdeko herria da Beskoitze. 2013an sortu zuten ikastola, hiru ikaslerekin, euskararen iraupena bermatzeko tresna moduan. Egun, Ahurtiko, Bardozeko, Beskoitzeko eta Urketako 39 ikasle batzen ditu ikastolak. Gurasoek sortu zuten eta ikastolaren kudeaketa osoa gurasoen esku dago. 2013az geroztik ikastolak izan duen hazkundea kontuan hartuta, lursail bat erosi eta ikastola berria eraiki nahi dute –egun eraikin prefabrikatuetan daude–. "Beskoitzeko herriko etxetik badugu laguntza, eta baita Seaskarena, baina hortik kanpo ez dugu laguntzarik. Horregatik, gurasook ekintzak antolatu behar izaten ditugu hilabetero", azaldu du Beskoitzeko Ikastolako presidente Clemence Labrouchek.
Elkartasun krosa
Beskoitzeko Ikastolak behar duen laguntza ekonomikoari bultzada emateko, Txantxiku Ikastolak eta Aranzadi Ikastolak hainbat ekintza antolatu dituzte. Horietako bat, gaur egin duten elkartasun krosa izan da: dortsalak saldu dituzte euro baten truke. "Oso pozik gaude elkartasun krosak izan duen erantzunarekin, bultzadarekin, bihotzez eskertu gura dugu, maitasuna ere sentitu dugu", gehitu du Labrouchek. Gaineratu du oso polita izan dela euren haurrak euskaraz komunikatzen ikustea Oñatiko haurrekin: "Han ikastolatik kanpo ezin dute erabili euskara".
Umeentzako tailerrak antolatu dituzte plazan, eta patata tortila eta gazta pintxoak saldu dituzte.
Gustura ekimenak izan duen harrerarekin
Txantxiku Ikastolako zuzendari Itziar Arana ere pozik zegoen bai domekako kontzertuak eta baita gaurko krosak izan duen harrerarekin: "Izugarrizko elkartasuna ikusi dugu, oso polita izan da. Lantalde polita sortu dugu, eta esan behar da gurasoen parte-hartzea itzela izan dela. Oso gustura egin dugu lana".