Alekak jaso du Landaola saria, Euskal Herriko Hazi Ekologikoak proiektuagatik

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 7a, 19:07

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak gaur eguerdian banatu ditu Landaola sariak Aretxabaletan, Otalora jauregian. Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua eman diete, saridunei, eta baita hautagai guztiei ere. Saririk jaso ez arren, Libe Ramila Gabiria eta Beste Bat, eta Gatzagako Udala izan dira sarirako hautagaiak, museoari lotutako gatz ekoizpenerako proiektuagatik.

Ekitaldian, sariak ematen, Xabier Arruti, GFAko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Jone Fernandez Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertz Garapenerako eta Europear Politiketako zuzendaria, Ana Mª Eizagirre Landaolako Lehendakaria, eta Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea izan dira, besteak beste.

Saridunak

Erakunde publikoek sustatutako proiektuen saria Azpeitiko Udalak jaso du Aratzerrekako ura garbitzeko sistema naturalaren proiektuarengatik. Erakunde pribatuen arloan, berriz, Alekak jaso du saria, Euskal Herriko Hazi Ekologikoak proiektuagatik. Emakumeak landa eremuan saria, berriz, Ebel elkarteak jaso du, landa eremuan emakumeek eta emakume elkarteek egindako lan eskerga nabarmenduz, eta itzalean gelditu den esfortzua azalaratuz. Azkenik, urteetako ibilbideari saria, Jaime Zubia Zinkunegik jaso du, hunkituta, baina, pozez. Baserritarren prestakuntza eta nekazari berrien formazioa izan da bere bizitzako lan-arlo nagusia. Zabalegiko Nekazari Eskolan irakasle gisa hasi zen 60ko hamarkadan eta bertako arduraduna izaten jarraitu zuen, helduen formazioan…, besteak beste. Hala, landa ingurunearen alde egindako lan oparoari eskertza egin diote.

Honako hauek izan dira Landaola sarietarako hautagaiak:

Elkarte pribatuko hautagaiak
- Igeldoko Kooperatiba

- Libe Ramila Gabiria eta beste bat

- Txurruka jatetxeak

- Goierriko Nekazal Kooperatiba

- Gurdi kooperatiba

- Aleka

Elkarte publikoko hautagaiak
- San Markos Mankomunitatea

- Leintz Gatzagako Udala

- Itziarko Auzo Udala

- Idiazabalgo Udala

- Berastegiko Udala

- Azpeitiko Udala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak