Bailarako ordezkaritza Argia sarien 31. aldian

Maialen Regueiro 2020ko ots. 7a, 13:43
Iker Martinez de Agirre, Bittor Poza eta Ion Lizarazu, 'Egunean behin' jokoan lanean diharduten debagoiendarrak (Irudia: Codesyntax)

Iker Martinez de Agirre aretxabaletarrak, Bittor Poza bergararrak eta Ion Lizarazu antzuolarrak Egunean behin aplikazioan dihardute lanean eta joko horren lehenengo urteurrenaren atarian, Argia saria jaso dute.

2020ko martxoan beteko da urtebete Codesyntax enpresaren Egunean behin jokoak argia ikusi zuenetik. Sortzaile eta garatzaileek, gainera, 31. Argia sarietan Internet ataleko saria jaso berri dute eta Bittor Poza bergararra ekitaldian izan zen saria jasotzen. Pozak positiboki baloratu du horrelako aitorpen bat jaso izana: "Sari honek aurrera jarraitzeko motibatzen gaitu". 2019ko Rikardo Arregi kazetaritza sarietako komunikazio sarirako finalisten artean egon zen aplikazioa, azkenean saritua izan ez zen arren.

Hiru debagoiendar

Bittor Poza bergararrarekin batera Iker Martinez de Agirre aretxabaletarrak eta Ion Lizarazu antzuolarrak dihardute Egunean behin jokoan lanean. Sorkuntzatik "galdera-erantzunen euskarazko jokoa" bezala deskribatzen dute aplikazioa. Izan ere, aipatu dute jokoak test moduko galderak dituela eta astero lehiaketa bat izaten duela. Martinez de Agirre eta Poza aplikazioaren garapenean aritzen dira; Lizarazu, berriz, galdera sorkuntzako taldeko kidea da, zeinek Euskarazko Wikipedia, Google, Twitter eta halako iturriak erabiltzen dituen galderak pentsatzeko.

Eboluzioa eta hazkundea

2019. urtean 3,5 milioi partida jokatu ziren 60.000 euskaldunen artean. "Hazkunde handiena Euskararen Nazioarteko Egunean eta haren bezperan izan zen, eta ondoren, abenduaren 25ean", azaldu dute sortzaileek. Denboralditik denboraldira erabiltzaile kopuruak gora egiten du eta datuekin pozik azaldu dira: "Udan 10.000 lagun jokatzen izatetik, hiruhileko batean 60.000 izatera igaro dira. Gorakada itzela izan da, eta ikaragarri poztu gaitu". Denboraldi bakoitza amaitzean, gainera, etenaldia egiten dute, "jokoa indartzeko neurriak pentsatzeko".

Hirugarren denboraldia

Otsailaren 3an, astelehenean, jarri zen abian Egunean behin aplikazioaren hirugarren denboraldia, eta martxoaren 29ra arte iraungo du. Jokoak aldaketak izan ditu, eta, oraingoan, denboraldi osoko sailkapen bat egingo dute. Finalaren eguna eta lekua zehaztu gabe daude oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak