Unai Argarate, Fagor Arrasate: "Fabrikazio instalakuntza egokiak eskaintzen ditugu pieza arinagoak egiteko"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko ots. 7a, 21:00

Fagor Arrasatek kostuen murrizketa handia lortu du automobilgintzako piezetarako karbono-zuntzez indartutako konpositeen fabrikazioan; hain justu ere, %30 merkatzea sport-autoen kapotaren fabrikazioa. Kooperatibako ikerketa saileko koordinatzaile Unai Argarate elgoibartarrak eman ditu proiektuaren zehaztasunak. 

Autoetarako piezetan kostuak merkatzea lorpen handia da lehiakortasunari begira?
Makina ekoizleak gara gu, ez gara osagai ekoizleak. Beste batzuek erabiltzen dituzte gure makinak, osagaiak fabrikatzeko. Kasu honetan, autogintzarako. Bezeroei aukerak eskaini nahi dizkiegu, gure makinekin, osagai arinagoak ekoizteko. Makinak esaten dudanean, soluzio globalaz ari naiz: prentsak eta automatizazioa.

Osagai arin horiek ekoiztea merkeagoa ala garestiagoa izaten da?
Sarritan, garestiagoa. Eta guk lortu dugu material honekin, karbono zuntzarekin eta erretxina termoegonkorrarekin, prozesua optimizatzea. Lehengaia garestia izanik ere, eskaintzen dugun ekoizpen modu eta makinekin, fabrikazio prozesua merkatzea lortzen dugu. 

Autoak gero eta arinagoak egiten dira, zenbat eta arinagoa gutxiago kutsatzen duelako. Arautegi geroago eta zorrotzei erantzun behar izaten diezue?
Bai. Autoek gutxi kontsumitzea da gakoa, izan elektrikoak edo izan erregaiz ibiltzen direnak. Eta gutxiago kontsumitzeko faktore garrantzitsuenetakoa da gutxiago pisatzea. Egun, altzairu edo aluminio geroago eta gogorragoak erabiltzen dira eta baita material konpositeak ere. Gure erronka da fabrikazio instalakuntza egokiak eskaintzea auto fabrikatzaileei, material arin horiekin ekoizteko. 

Kirol-autoetako kapotak ekoizteko makinak dira eskaintzen dituzuenak. Kirol-autoen piezak bereziak dira?
Sektore ezberdina da. Ez da iguala auto modelo arrunt edo ohiko eta masiboak fabrikatzea edo luxuzko sektoreetarako fabrikatzea. Luxuzkoetan, material garestiagoak erabiltzen dira, lan asko eskuz egiten dira… Karbono zuntza ezin da erabili produkzio masiboan. Garestia da. Hortaz, gure proposamenak eskaintzen du produkzio masiboan kostuak murriztea, ekoizpen prozesu egoki eta merkeagoaren bidez. 

Harrera ona izan du?
Bai. Egia esan, balio handia da eskaintzen duguna. Pieza ekoizleei eta auto ekoizleei eskaintzen diegu soluzio bat lehiakorrak izateko, makina eta sistema egokien bidez eta karbono-zuntza erabilita. Sumatu dugu merkatuan hasi direla erabiltzen. Urte askotako garapena izan da, ezagutza eta azterketa teoriko-praktikoa erabili dituena. 

Beste erabilera batzuk izan ditzake?
Aukeratu dugu propio segmentu eta pieza jakin bat, pieza handi bat, kapota. Baina beste era bateko piezak ere ekoiztu daitezke sistema honen bidez. Dena den, guk makina ekoizle moduan ezin genezake gehiago egin. Pieza eta auto fabrikatzaileek aurkitu behar dizkiote orain beste aplikazio batzuk. 

Nortzuk aritu zarete instalazio oso hau garatzeko?
Fagor Arrasate, Koniker, bere ikerketa unitatearen bidez, eta Mondragon Unibertsitatea aritu gara proiektu honekin. Horretaz gain, proiektu europar bateko parte izan da eta Suitzako unibertsitate batekin, Italiako pieza ekoizle batekin, Frantziako ekipamendu hornitzaile batekin eta Austriako tresneria ekoizle batekin aritu gara.

Ze motatako bezeroak dira zuenak?
Edozein auto ekoizle, edo pieza fabrikatzaile… Volkswagen, PSA taldea, Toyota, Volvo… Eta Gestamp, Benteler, Magna…

Parisen martxoan egingo den JEC World azokan izango zarete. Ze espero duzue?
Autogintzarako eta aeronautikarako berritasunak eroango ditugu. 

Aldatzen ari da asko autogintza sektorea azkenaldian. Zelan egiten diezue aurre erronka berriei?
Sektorea geldiune baten dago, auto elektrikoek eraginda. Inork ez du garbi ikusten ze eragin izan dezakeen auto elektrikoak sektorean. Makineria ekoizleak gara, autoen txasisa eta gorputza egiteko erabiltzen dira gure makinak, eta, egia esan, guri ere eragiten digu auto elektrikoak edo bestelakoa izan, baina bereziki auto arinak ekoiztea da erronka, eta horiek egin ahal izateko sistema eta makina egokiak ekoiztea. Horretan ari gara. Altzairuaz gain, beste hainbat material erabiltzen delako autoak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak