Datorren urtea amaitu baino lehen ordainpekoa izango da Deskargako autobia

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ots. 4a, 18:09

 A-636 errepidean, Bergara eta Beasain artean, ezarriko duen bidesariaren aurreproiektua aurkeztu du Gipuzkoako Diputazioak. Foru Arauak martxan jarriko den data zehazten ez badu ere, garbi uzten du ez dela izango "2021eko abenduaren 31 baino beranduago".

Aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, autobia errepide tarte ezberdinetan banatuko dute eta ordainsaria horren arabera aplikatuko da:

  • Beasaingo arkua, 2,8 km: Beasainetik (0 Kilometro Puntua) Ormaiztegiko lotuneraino (2,8 KP).
  • Ezkioko arkua, 5,4 km: Ormaiztegiko Alegiako lotunetik (5 KP) Zumarragako lotuneraino (10,4 KP).
  • Deskargako arkua, 7,3km: Urretxu/Legazpiko lotunetik (12,5 KP) Bergarako ekialdeko lotuneraino (19,8 KP). Irteera/sarrera Antzuolako erdilotunean 2,5 km.

Dokumentuan zehazten denez, Legazpi/Urretxu - Antzuolako erdilotunea deritzon ibilbidea aplikatu ahal izateko ezinbesteko izango da ibilgailuak TAG gailu bat erabiltzea bidaia ordaintzeko.

Bidesaria ibilgailu motordun edo ibilgailu talde artikulatu guztiek ordaindu beharko dute, motozikletak izan ezik. Azaldu dutenez, ibilgailuak detektatzeko, identifikatzeko eta haiei kanona egozteko free flow izeneko sistema ireki bat ezarriko da, ibilgailuak gelditu gabe.

Kanonaren zenbatekoak

Ibilbidea Kilometroak Arinak Ibilgailu astunak 1 Ibilgailu astunak 2
Beasain-Ormaiztegi 2,8 0,38 0,61 0,78
Ormaiztegi-Zumarraga 5,4 0,74 1,18 1,50
Legazpi/Urretxu-Bergara 7,3 1,41 2,32 2,87
Legazpi/Urretxu-Antzuola 2,5 0,48 0,79 0,98

Aintzane Oiarbide eguenean Goiena telebistan

Bidesariari buruzko azalpenak eskainiko ditu Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Goiena telebistan. Otsailaren 6ko Hemen Debagoiena saioan elkarrizketatuko du Txomin Madinak.

Bidesariaren aurkako sinadura bilketa

Bidesariaren aurkako taldea sortu da Urretxu-Zumarragan eta sinadura bilketa abiatu dute Change.org-en. Urretxutik Bergarara joateko ordaindu egin beharko zela jakinekoa zen aurretik ere, eta horrela azaldu zuen Oiarbidek Goiena telebistako Harira saioan, 2019ko otsailean: "Autopista bat da, beraz, bidesaria izango du". Dagoeneko 6.500 sinadura lortu dituzte eta helburua 7.500ean ezarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak