Wuhango koronabirusa eta Australiako suteak, debagoiendarren ahotan

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko urt. 31a, 09:29
Hiritar bat, maskara jarrita, Txinako Wuhan hirian eta kanguru bat Australiako Hegoaldeko Gales Berrian, sute baten ondoan. Argazkiak: Wikipedia eta NYT.

Mundu mailako komunikabideetan nagusitzen ari direnetako bi gai dira Wuhango koronabirusa eta Australiako suteak; hain zuzen ere, Txinan eta Australian bizi diren debagoiendarren testigantzak batu ditu GOIENAk, bi egoerak gertuagotik ulertzeko.

Azken egun eta asteetan komunikabide guztietan izan du lekua kalte handiak eragiten ari den Wuhango koronabirusa deritzonak. Epidemia hau, gainera, Txinako urte berriarekin batera etorri da, hain zuzen, hainbat eta hainbat txinatarrek euren familiengana bidaiatzeko aprobetxatzen duten garaiarekin. Horrek kaos handia eragin du Asiako herrialdean, baina, batez ere, Hubei probintzian eta hiriburuan, Wuhanen. "Hiria itxi egin dute, garraio guztiak geldi daude, hegazkina, metroa, trena, autobusak…", azaldu du Beñat Barberenak. Txinako Hanghzou hirian bizi da –Wuhandik 700 bat kilometrora–, baina Txinako urte berriko oporrak baliatuz, Arrasaten dago egunotan. Halere, neska-laguna han geratu da eta gertutik jarraitzen ari da gaia. "Gomendatu dute Wuhandik pasatu izan den jendea hamalau egun koarentenan egotea, gainontzekoekin ahalik eta kontaktu gutxien edukitzea, autoritateei abisatzea eta harremanetan jartzea ospitaleekin".

Berrehundik gora dira dagoeneko hildakoak, eta milaka kutsatu. Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko alerta ezarri du.

Era berean, desinformazio egoera nabarmena dela uste du. "Informazio asko zabaltzen da sare sozialetan, eta bulo asko daude tartean. Hori dela eta, Txinako Gobernuak adierazi du kontrolatu egingo duela sare sozialetan zer esaten den, zer birbidaltzen den: Gobernuak ofizialki eman duen informazioa ez bada, zigortu egingo da".

Ekonomian eragin dezake

Eneko Lopez de Armentia aretxabaletarra ere Txinan bizi da, Zhuhai hirian –Wuhandik 1.100 kilometro ingurura–. Bera ere oporretan dago, Malaysian, baina nabarmendu du txinatarren artean ardura eta elkartasun handia ikusten dela. Izan ere, "oso batuta dagoen herria da".

Egoera epe laburrean konpontzen ez bada, ekonomiak "arazoak" izateko arriskua daukala uste du Lopez de Armentiak, Hubei 50 milioi biztanletik gorako probintzia dela kontutan hartuta.

Mondragon korporazioak, berriz, hainbat lantegi ditu Txinan, gehienak Jiantsu probintzian, Kunshan hirian –Wuhandik 800 bat kilometrora–. Korporazioko komunikazio zuzendari Javier Marcosek azaldu duenez, otsailaren 1ean hastekoa zen berriro aktibitate ekonomikoa, baina Gobernuak astebete atzeratu du hasiera eguna. "Aktibitate ekonomikoa ez da normaltasunez garatuko, eta horrek eragina izango du, produktuetan eta horniduretan alterazioak egongo dira, eta logistika aldetik ere izango du eraginik".

Barberenak eskola batean egiten du lan eta han ere otsailaren 10etik 17ra arte luzatu dituzte oporrak, badaezpada. "Hara joateko hegazkina otsailaren 4an daukat, baina zain nago, ea nire eskolak zer erabakitzen duen".

10 milioi hektarea, erreta

Kalte handiak eragiten ari den beste hondamendi bat Australiako suteena da. "28 pertsona hil dira, 10 milioi hektarea erre, 1.000 etxe suntsituta geratu eta ia 500.000 animalia basati hil. Espezie batzuk desagertzeko arriskuan daude, gainera, haien habitat naturala suntsituta geratu delako. Ekosistemaren erdia larriki kaltetuta dago", azaldu du Rosa Zafrak, Gold Coast hirian bizi den bergararrak.

Aste honetako datuak aintzat hartuta, Hegoaldeko Gales Berria estatuan 57 su gelditzen dira itzali gabe, Sydneyn bizi den Itsaso Arrayago bergararrak azaldu duenez. "Azken egunotan, okerrena Canberran jasaten ari dira, aireportua ixtera iritsi arte. Aste honetan eguraldi bero eta lehorra espero da ekialde osoan eta sute arriskua larrian gaude", gaineratu du.

28 pertsona  eta ia 500.00 animalia hil dira Australiako suteen ondorioz; espezie batzuk desagertzeko arriskuan daude, gainera.

Urtero izan ohi dute sute denboraldi bat uda partean, fire season deritzona. "Arazoa izan da aurtengoa inoiz baino lehenago hasi dela eta lehorte oso kezkagarri batekin kointziditu duela", dio Arrayagok. Zafrak ere bat egin du: "Sekula ez dira mantendu izan hain denbora luzez, eta hain era suntsitzailean. 21 urte daramatzat hemen, eta ez dut inoiz halakorik ikusi. Australiar askok zeukaten guztia galdu dute suteen ondorioz".

Horrez gain, Gobernuak berandu erreakzionatu duela uste du Iker Olaldek, Adelaide hirian bizi den oñatiarrak. "Suak hasi zirenean, Gobernuak garrantzia kendu zion. Gainera, Gobernuaren Zentralaren eta Estatu Gobernuaren artean ika-mikan jardun dute neurriak hartzeko orduan eta horrek guztiak laguntza berandutu du". Ahal duten neurrian laguntzen saiatzen direla dio. "Gure lagunen eta lankideen etxeak erre dira, suak nahiko gertu izan ditugu eta arnastutako kea aldika oso kaltegarria izan da osasunarendako. Mobilizazio handiak sortu dira, kaltetuei laguntzeko".

Aurrera begira, konponbide bila

Klima aldaketaren inguruan jendea kontzientziatzen dabilela uste du Olaldek. "Australiako urteko batez besteko tenperaturak bi gradu egin du gora azken mendean, eta aurten, pasa den urtean egin zuen euri kopuruaren erdia egin du. Zer pentsatu ematen du honek".

Beraz, aurtengo egoera behin eta berriz errepikatuko da datorren urteetan, Arrayagoren ustez, eta epe luzerako erabakiak hartzea "ezinbestekoa" dela dio. "Inguruan daukagun jendea oso kezkatua dago, badakielako egoera behin eta berriz jasan beharko duela. Horregatik, epe luzerako estrategiak eskatzen dituzte. Herritar batzuen eskaera da hemengo herrialde aborigenek erabili dituzten teknikak ikertu eta aplikatzea, haiek belaunaldiz belaunaldi suteekin bizi izan baitira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak