Kazetaritza digitala 2020an: harpidetza eta podcast-en urtea

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ots. 5a, 13:36

Goienako multimedia erredakzioa. (Argazkia: Jagoba Domingo)

Reuters Institutuak egindako ikerketa baten arabera, hamarkada berri honetan kazetaritzaren helburu nagusia irakurleen konfiantza berreskuratzea izango da. 2020an zehar online albisteak irakurtzeko izen-emate zein harpidetza mugak nagusituko dira eta horrekin batera, podcastek indar handiagoa hartuko dute. Gainera, Adimen Artifizialak (AA) pisu handia hartuko du.

2020an kazetaritza digitalak ekarriko duena ikertzeko 32 herrialdetako komunikabide ezberdinak elkarrizketatu ditu Reuters Institutuak, bereziki Europakoak. Arlo digitalean lana egiten duten 233 liderrek hartu dute parte prozesuan, besteak beste, eduki zuzendariak, zuzendari nagusiak, arlo digitaleko zuzendariak...

Albiste faltsuak eta politika

Ikerketan parte hartu dutenen gehiengoak kezka azaltzen du orokorrean kazetaritzarekiko konfiantzari buruz galdetzerakoan, ez hala beraiek lana egiten duten hedabideari dagokionean. Kezka, bereziki, hazkundean jarraitzen duten albiste faltsuek edo post-egiek sortzen dute, batez ere politika arloan. Ikerketan esaten denez, 2020ko hauteskundeek eragin handia izango dute desinformazioan eta medioei egiten zaizkien kritika eta erasoetan.

Batetik, nabarmentzen dute politikariek kazetariekiko duten jarrera. Azaltzen denez, lehentasuna sare sozialei ematen diete. Horrela, Erresuma Batuan adibidez, telebistako eztabaida saioetan parte hartzeari uko egiten hasi ziren 2019an, komunikabideak mespretxatzera helduz. Bestalde, ikerketan parte hartu dutenen %85ak uste du komunikabideek gehiago egin beharko luketela politikarien gezurrak eta erdi-egiak azaleratzeko.

2020an zehar sare sozialei eskatzen zaizkien pribatutasun neurriak gogortzea espero da

Era berean, sare sozialek ere albiste faltsuak zabaltzean ardura handia dutela uste dute eta egiten duten esfortzua baino handiagoa eskatzen zaie. Inkestatuentzako Twitter da sare sozial fidagarriena eta Facebook (Whatsapp eta Instagram barne) konfiantza gutxien pizten diena. 2020an zehar, sare sozialei eskatzen zaizkien pribatutasun neurriak gogortzea espero da.

Adimen artifiziala: informazio pertsonalizatua

Zalantzak sortzen ditu Adimen Artifizialak (AA) eta garrantzia ezberdina ematen zaio erredakzio bakoitzean. AAk albiste faltsuen areagotzea ekar dezakeela uste dute askok, gezurrezko albisteak sortzea eta zabaltzea erraztuz. 

Hala ere, hedabide handi gehienak dagoeneko saiakera ezberdinak egiten hasi dira. Adibidez The Times aldizkariak James robota erabiltzen hasi dira erabiltzaileei albiste gomendioak helarazteko; aurrez haiek zehaztutako orduan, formatuan eta gaien inguruan. Horretarako AI-Driven deritzon teknologia helarazten dute, Netflix bezalako plataformek erabiltzen duten gomendio motorra hain justu ere.

RTVE kazetari gabeko albisteen idazketa probak egiten hasi da

Erredakzioko lana errazteko ere garrantzitsua dela uste du gehiengo handiak; lan horien artean transkripzioak, etiketatze automatikoa eta idazketa laguntzailea daude. Duela egun gutxi jakin da RTVE kazetari gabeko albisteen idazketa probak egiten hasi dela EFE agentziarekin batera.

Hedabide txikiagoak aldiz atzean geratzeko beldur dira, AAk suposatzen duen konplexutasun teknikoei, gastuei eta gaitasun bereziei aurre egiteko izango dituzten zailtasunak direla eta.

Podcast-aren urtea?

Podcastarentzako urte ona izango dela dirudi. Ikerketan parte hartu dutenen erdiak baino gehiagok diote podcast ekimen berriak bultzatuko dituztela urte honetan. Adibidez, The Times of London-ek albisteen podcast bati ekingo dio eta Le Monde-ek elkarrizketa edo dokumental estiloko ikerketa podcast-ei ekin die.

Hurbilago etorrita, Berria-k edo ZuZeuk adibidez, podcast-en aldeko apustu garbia egin dute dagoeneko. Podcastak.eus atarien euskarazko podcastek bilgunea eskaintzen dute.

Plataforma handietan ere zerbitzu berriak agertzen ari dira, besteak beste, Google Assistant-ek eskaintzen duen audio bidezko albiste zerbitzua edo musika eta albisteak nahasten dituen Spotify Drive.  

Idatzizko albisteak ahotsarekin

Adimen Artifizialari lotuta, hainbat herrialdetan webguneko albisteak entzuteko aukera eskaintzen da. Kasu batzuetan entzuleak gustukoen duen ahotsa edota hizkuntza aukeratu ahalko ditu, hizkuntza eta herrialde arteko mugak gaindituz.

Ordainpeko kazetaritza digitala

Podcast-arekin batera, harpidetza digitalaren aldeko apustua izango da 2020ko ildo nagusietako bat. Ikerketan parte hartu dutenen erdiak uste du etorkizuneko diru iturri nagusia harpidetza izango dela. %35ak publizitatea eta harpidetza parean ikusten dituzte eta soilik %14ak uste dute publizitatea izango dela diru iturri nagusia. 

Espainiar estatuan harpidetza digitalerako tendentzia areagotzen ari da

Espainiar estatuan ere harpidetza digitalerako tendentzia areagotzen ari da. El Mundo-k dagoeneko aktibatu du eduki premium-a eta El Pais gradualki ari da egiten aldaketa. Iritzi bat baino gehiago irakurtzeko izena ematea eskatzen du (momentuz doan). Vocento-k eta Prensa Ibérica-k eduki gehiena ordainpekoa egin dute dagoeneko. Hedabide independenteek aldiz, bazkideen eta donazioen aldeko apustua egin dute gehienbat.

Erregistratzea ezinbestekoa

Irakurleek gero eta muga gehiago izango dituzte albiste webguneak doan irakurtzeko

Cookie datuen arauak zorrozten doazen heinean, webgunean nabigatzeko erregistratuta egotea eskatuko da gero eta gehiago. Horretan arriskua ere ikusten da, noizbehinkako erabiltzaileentzako muga handia izango baita. Horretaz gain, gailentzen ari den tendentziaren arabera, irakurleek gero eta muga gehiago izango dituzte albiste webguneak doan irakurtzeko. Harpidetzari dagokionez, irakurleak soilik albiste digitalak eskaintzen dituen webgune batera edo bira harpidetzeko prest egongo lirateke, ikerketan esaten denez. 

Bestalde, alde guztietara heldu ezin direla ikusirik, komunikabideek aliantza editorialak egingo dituzte, proiektu amankomunak bultzatzeko edo elkarri onura egingo dion zerbitzu edo informazio baten truke. Proiektu zehatzetarako aliantzak ez ezik, komunikabideek talde berdinetan elkartzeko joerak jarraituko du; bereziki arrazoi ekonomikoak direla eta. Ondorioz, informazio iturriak esku gutxiagoren artean banatuko dira.

Kalitatezko kazetaritzarako sarbidea eliteen esku geratuko da ordainpeko zerbitzuen areagotzearen eraginez

Ikerlariek uste dute, aurrerantzean biztanleriaren zati mugatu batek izango duela kazetaritza "seriorako" sarbidea, eta biztanleriaren gehiengoa titular eta sare sozialetako memeetara mugatuko dela; edo zuzenean albisteak ekidingo dituztela.

 

Dibertsitatea eta talentua erredakzioan

Erredakzioetan aniztasuna falta dela nabarmentzen du ikerketak, bereziki generoan jarri da fokua: #Metoo mugimendua, Erresuma Batuko soldata-arrakalak edota Frantziako erredakzioetako jarrera sexistak aipatzen dira. Hala ere, ikerketan parte hartu dutenen %76ak uste du beraien enpresa lan ona egiten ari dela generoaren ikuspegitik. Baina inkesta erantzun duten emakumeak, orokorrean, eszeptikoago agertu dira. Gainera, herrialdearen arabera ezberdintasun handiak ikusten dira.

Horretaz gain, nabarmentzen diren beste bi puntu dira dibertsitate politikoaren falta erredakzioetan eta hiri handietatik kanpo bizi diren herritarren beharrak ulertzeko ezjakintasuna.

Bestalde, erredakzioetara talentua erakarri eta mantentzeko beharra ikusten da, bereziki teknologia arloetan. Ikerketan esaten denez, enpresa teknologiko eta marka handiek hori zailtzen dute, soldata altuagoak eskaintzen baitituzte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak