Bigarren Dibidendu Digitala edo 700 MHz banda libre uztea onartu zuen ekainean Espainiako Gobernuak, 5G teknologiari espazioa uzteko eta banden eta frekuentzian erabilera eraginkorragoa izateko helburuarekin. Europar Batasunak onartutako proiektu bat da, eta, era berean, ezinbesteko prozesu bat 5G teknologia garatu ahal izateko.
Errege dekretuak zehazten duenez, Bigarren Dibidendu Digitala libre geratu beharko da 2020ko ekainaren 30a baino lehen. Hori dela eta, zenbait telebista katek frekuentziak aldatu beharko dituzte ordurako; eta aldaketa pairatuko dutenetako bat da Goiena telebista. Modu horretan, –beste batzuen artean– Goiena telebista ikusten jarraitu ahal izateko egokitzapen batzuk egin beharko dira zenbait etxetan. Dena den, aldaketak ez du berdin eragingo etxe guztietan; izan ere, telebista seinalea jasotzeko moduari erreparatu beharko zaio etxean zein lan egin behar diren jakiteko.
Soilik LTDan eragina
Lurreko Telebista Digitalaren –gazteleraz, TDT– seinalea jasotzen duten etxeetan izango du eragina frekuentzia aldaketak. Familia bakarreko etxeetan bizi direnek izango dute eraginik txikiena; izan ere, telebista berriz sintonizatuta nahikoa izango da Goiena telebista ikusten jarraitu ahal izateko. Jabeen erkidegoetan, berriz, teilatuko antena kolektiboetan egin beharko dituzte aldaketak frekuentzia berrietara egokitzeko. Antena-jartzaileek egin beharko dituzte egokitzapen horiek, eta horretarako hitzordua eskatu beharko da. Behin antenajartzaileak lanak amaituta, norberak etxeko telebista berriz sintonizatu beharko du telebista kateak berriro topatzeko.
Telebista kable bidez ikusten dutenek; hau da, Euskaltel bidez, ez dute inolako egokitzapenik egin beharrik izango Goiena telebista ikusten jarraitzeko.
Antena-jartzaileek egingo dituzten lanak finantzatu ahal izateko diru-laguntzak eskatzeko aukera badago. Komunitateko presidentearen lana izango da horiek eskatzea, baina erregistratutako antena-jartzaileek egindako lanak bakarrik lagunduko dira. Laguntzetarako informazioa www.televisiondigital. gob.es webgunean dago.
Aldaketa, otsailaren 12an
Datozen asteetan hasiko dira telebista kateen frekuentziak aldatzen, eta Goiena telebistak otsailaren 12an egingo du frekuentzia aldaketa –ETBrekin batera–. Beraz, egun horretatik aurrera hasi ahalko dira antenajartzaileak lanean.
Goienak edozein zalantza argitzeko herritar guztien eskura jarriko du honako telefono zenbaki hau: 943 25 05 05.
Eskoriatzan eraginik ez
Eskoriatzako herriguneak seinalea kable bidez hedatzeko sare propioa dauka –Elorretako auzoan izan ezik–. Horregatik, sare nagusi horretako hornitzailea arduratuko da aldaketak egiteaz.
Debagoienean egokitzapen lanak egiten dituzten erregistratutako antena-jartzaileak:
Aretxabaleta:
- Aranzabal elektrizitatea: 943 79 68 21
- Aretxargi: 943 53 26 28
Arrasate:
- Musakola elektrizitatea: 943793922 / 607225428
- Elkoro: 943794599
Bergara:
- Elektrolan instalakuntzak: 943 76 17 65
- Matxiategi: 9437 61 9 94.
- Mercurio elektrizitatea: 943 76 11 01
Eskoriatza:
- Rele elektrizitatea: 615 75 91 33
Oñati:
- Arregi: 943 78 02 63
- Argi elektrizitatea: 943 71 63 54 / 600 58 45 60
Durango:*
- Vi-car elektronika: 670 08 40 81
Soraluze:*
- Javier Mestre: 943753098 / 665 72 46 32
*Oharra: Antena-jartzaile hauek Debagoienean ere eskaintzen dute zerbitzua.