Aristi, Axpe eta Linazisoro dira finalistak DKSn

Xabier Urtzelai 2020ko urt. 24a, 09:45

Mikel Aristi, Maialen Axpe eta Mikel Linazisoro dira 2019ko kirolari onenaren sarirako hiru finalistak.

Debagoieneko Kirol Sarietako epaimahaiak eman du aditzera ze hiru kirolari aukeratu dituzten 2019ko kirolari onenaren sarirako. Iaz saria jaso zuen Maialen Axpe eta Mikel Linazisoro finalean dira ostera ere; Mikel Aristi da nobedadea. Kirol ibilbidearen saria Markel Irizarrendako izango da, kirol talde onenarena Eskoriatzako areto futbol taldearendako, eta sari berezia Antxintxikak jasoko du.

Gainean dago Debagoieneko Kirol Sarien ekitaldia. Hiru egun baino ez dira geratzen martitzenean Bergarako Seminarixoan (19:00) DKSen aurtengo 14 sariak banatzeko, eta ia dena dago gertu. Batetik, dagoeneko itxi dute Herritarren Sarirako botoa emateko epea –1.600 boto inguru jaso dituzte aurten–; hala, iaz Martin Perez eskoriatzarrak abantaila handiarekin irabazi zuen, baina aurten oso borroka estua egon da hainbat hautagairen artean.

Irabazlearen berri, martitzenean, DKS ekitaldian

Irabazi duen kirolaria –ekitaldira arte antolatzaileek ez dute izenik aurreratuko– boto kopuru totalaren %24arekin gailendu da, eta atzetik, bigarrenak %20 jaso du. Bestalde, iaz moduan, epaimahaiak kirol talde onenaren saria, ibilbidearen saria eta sari berezia ere aurreratu ditu –ikus behean–, eta, amaitzeko, hiru izen proposatu ditu 2019ko Kirolari Onenaren sarirako: iazko irabazle Maialen Axpe atleta, Mikel Linazisoro eskalatzailea eta Mikel Aristi txirrindularia dira aukeratuak, eta martitzeneko ekitaldian jakingo da nor den irabazlea: "Ez da erabaki erraza, besteak beste kirol jarduera ezberdinak direlako. Hala, izendapen honekin epaimahaiak hiru kirolariak omendu gura ditu, eta euren lana aitortu. Hirurak dira irabazleak, baina bai, bat aukeratu behar da eta martitzenean izango dugu horren berri".

Talde onenaren saria: Eskoriatzako areto futbol taldea

Eskoriatzarrak, iazko apirilean, Zirauntzari etxean irabazi ostean. Argazkia: Goiena.

Eskoriatza KEko areto futboleko gizonezkoen talde nagusiak jasoko du datorren martitzenean kirol talde onenaren saria. Urteak egin dituzte Euskadiko Txapelketan lehian, maila nazionalera igotzeko amesten, eta iaz lortu zuten helburua. Manuel Muñoz kiroldegira gerturatzea baino ez dago ikusteko talde hortako zaleek zelan bizi duten norgehiagoka bakoitza.

Kirol ibilbidearen saria: Markel Irizar

Markel Irizar, Donostiako klasikoko agur lasterketan. Argazkia: Aritz Gordo.

Trek-Segafredo taldeko ziklista ohiak 16 urte egin ditu profesionalismoan. Oñatikoari nazioarteko lider handienendako lan egitea egokitu zaio, eta, hain zuzen, lan horretan nabarmendu da. Hala ere, Andaluziako itzulia eta Poitou-Charentesko Tourrean erlojupekoa irabazteko gauza izan zen. Iaz hartu zuen erretiroa, Donostia Klasikoan, eta talde osoa etorri zen gero Oñatira, agur jaira. Eta ezin ahaztu, kantzerra gaindituta iritsi zela profesionalismora.

Sari berezia: Antxintxika Triatloi Taldea

Joseba Azkarate aurtengo Antxintxika krosean helmugan. Argazkia: Goiena.

Sari berezia jasoko duen taldeak 15 urte egin ditu Soraluze eta Bergara batzen dituen krosa antolatzen, eta urte hauetan guztietan ahalegina egin dute lasterketa hori gurpildun aulkian dabiltzanek ere egin dezaten. Lasterketako ibilbidea ezaugarri horietara egokitu izan dute, eta aurten, gainera, ‘Zure irrifarrea gure indarra’ ekimenaren barruan urritasun funtzionala duten haurrak ere lasterketan izan genituen, etxekoez eta gertukoez lagunduta. Hori gutxi ez, eta aurten, triatloia debagoiendarren artean zabaltzea helburu duen klub honek kirol egokituko saila sortu du, eta hori motibazio iturri galanta izan da beste debagoiendar batendako, kasu honetan oñatiar batendako. Duela bi urte auto istripu batean elbarri geratu zen Joseba Azkaraterendako. Oñatikoak bizikleta berezia estreinatu du, Gabonetan klubekoek egindako zozketari esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak