Planto, bizitza duinaren aldeko aldarria egiteko

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko urt. 27a, 16:23
Greba orokorrerako deialdiarekin bat egin duten eta erreportajeko protagonista diren hainbat debagoiendar, Arrasaten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu du urtarrilaren 30erako eta hainbat ekintza eta mobilizazio egin dituzte eta egingo dituzte bailaran horren harira; deialdiarekin bat egin duten profil askotariko herritarrak batu ditu GOIENAk.

Greba deialdiaren harira, harekin bat egingo duten profil askotariko herritarren testigantzak jaso ditu GOIENAk.

Arantxa Gonzalez: "Leku batetik bestera mugitzen ibili behar dut jardun duina izateko"

Garbitzailea da bergararra, eta salatzen du "behar den moduko jarduna" edukitzeko, "hala moduzkoa" dena, gainera, leku batetik bestera mugitzen ibili behar izaten duela egunero. "07:00etan Arrasaten hasten dut eguna, ordu eta erdi lan eginez; eta gero, Bergaran bi lekutan, anbulatorioan eta Mariaren Lagundiko haurtzaindegian".

Hori dela eta, lan-baldintzak egonkorragoak izan daitezela gura dugu, eta soldatak bidezkoagoak. "Oso gaizki baloratuta gaude emakumeok. Lanpostu bera izan arren, oraindik ere gizonezkoek soldata altuagoak dituzte emakumeok baino, eta horri aurre egin behar diogu, ezin dugu horrela jarraitu".

Juanito Saizar: "Esperientziak erakutsi digu ereiten ez bada nekez jasotzen dela uzta"

Pentsiodun aramaioarrak bat egiten du deialdiarekin: "Gizarteak daraman bidea ikusita, derrigorrezkoa da aldaketa bat gertatzea". Izan ere, gizartea okerrera doala dio. "Sozialki eskubideak galtzen goaz, erosteko ahalmena ere bai, patronala irabazten ari da, aberastasunaren banaketa ez da ikusten, kontrakoa, aberastasuna pilatzen ari da, eta abar. Beraz, horri buelta emateko iniziatiba guztien alde nago, eta baita greba deialdi honen alde ere, noski; are gehiago, pentsioduna izanda, gure aldarrikapenak sartzen direlako".

Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatu ditu. "Zer gutxiago, gizarte justu baten esperantzan baldin bagabiltza? Injustizia hutsa da batzuk hainbesterekin egotea eta beste batzuk hain gutxirekin. Beraz, erein beharra dugu, saiatu behar dugu, bizitza justu bat lortze aldera. Bide horretan ematen ditugun pauso guztiak onak izango dira guztiontzat, ikuspegi sozialetik".

Arantzazu Egiguren: "Guztioi eragiten digu prekarietateak"

Industria sektoreko produkzio langilea da bergararra, LABeko sindikalista. "Industria sektorea ez da prekarioena, baina denborarekin lan-baldintzak geroz eta okerrago bilakatzen ari dira. Azken urteetan baldintzak okertzen doaz eta prekarietate asko dago hainbat azpikontratatan eta beste hainbat eremutan. Nire kasuan, esango nuke nahiko lan-baldintza onak ditudala, ingurukoekin alderatuz gero. Baina prekarietateak, era batera edo bestera, guztioi eragiten digu".

Emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunera bidean, "beharrezko" deritzo sektore horietan "neurri politiko eta enpresarial" batzuk hartzeari, "gizarte segurantza aldetik edota kotizazioen aldetik, horrela bakarrik iritsiko garelako benetako parekidetasunera".

Deialdi honek langile guztien erantzuna behar duela dio. "Egin dezagun guztiok greba!".

Edurne Ugarte: "Sektore ahulena beti da emakumea"

Aholkularitzan dihardu Oñatiko Sare Feministako kideak, eta greba deialdiarekin bat egitea "ezinbesteko" ikusten du. "Izan ere, aldarrikapen horiek beteko balira, guztion bizitzak asko hobetuko lirateke". Era berean, uste du ez dela eskubide indibidualak eskatzeko momentua bakarrik, "baizik eta eskubide kolektiboak ere bai".

Adierazi du zaintza sektorean, adibidez, emakumeek prekarietatea pairatzen dutela eta kontziliazioarena "broma txar bat" dela. "Zaintza lanak aurrera eramateko lanari uko egin behar izaten diogu emakumeok. Beraz, Martxoaren 8aren bueltan hasitako bide hori jarraitzeko momentuan gaude. Tristea da, baina borrokan jarraitu beharra daukagu. Emakumeok geldituko bagina, mundua gelditu egingo litzateke. Imajinatu zenbat emakumeren gain dauden zaintza lanak, eta hori ze erosoa den estatuentzat eta gizartearentzat!".

Bizitza duina aldarrikatzeko borrokan dabilela aitortu du. "Emakumeen, pentsiodunen, gazteen eta guztion baldintzak duinak izatea gura dugu; bizitza bera dago jokoan. Patriarkala eta neoliberala den eredutik irten behar dugu, bizitzak erdigunean jarriz, planetaren iraunkortasuna ere bermatu ahal izateko", azpimarratu du.

Aitor Kortabarria: "Okerren dagoen jende horrena da beti gure aldarrikapena ere"

Lubaki Langileen Elkartasun Sareko kide da gazte bergararra. Aldarrikapenak "zilegi eta beharrezkoak" direla iritzita egingo dute bat deialdiarekin: "Lan-erreforma deuseztatzea, gutxieneko pentsioak igotzea, Mozal Legearen aurka egitea edota soldata arrakala amaitzea".

Langileen batasuna aldarrikatu gura dute. "Langileok gai izan behar dugu gure diferentziak alde batera utzi eta behar gehien dituzten langileen interesen alde elkarrekin lan egiteko".

Modu berean, gogoan eduki gura dituzte "euren lan eta baldintza sozial txarrengatik greba egin ezingo duten horiek. Arduratuta gaude jende batek ezin izango duelako greba honetan parte hartu. Garrantzitsua da greba orokor hau, baina, hortik harago, langileei antolatzen hasteko dei egiten diegu, langileriaren interesak defendatzeko. Sistema hau bukatu behar da, horrek emango digulako benetan bizitza duina, baldintza hobeekin", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak