Sortuko lau kideren atxiloketa gaitzesteko elkarretaratzeak egiten ari dira egunotan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urt. 23a, 09:48
Atzo Arrasaten egindako elkarretaratzea.

Atzo atxilotu zituen Guardia Zibilak Sortuko kide diren Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia. 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi "antolatzea eta koordinatzea" leporatzen diete. Atxiloketa horiek salatzeko elkarretaratzeak deitu dira hainbat herritan; Arrasaten atzo bertan egin zuten Herriko Plazan. 

Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa izan zen atzokoa eta Barne Ministerioak komunikatu baten bidez jakinarazi zuenez, "terrorismoa goratzea" eta "biktimen umiliazioa eta mespretxua" egozten dizkiete laurei. Ministerioaren arabera, harrera ekitaldiak "modu sistematikoan" antolatu dituzte hiru urteko denbora tartean eta harrera horien "benetako burua" direla ondorioztatzen du.

Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ostean, aske geratu ziren laurak atzo bertan. Hala ere, Kabat izena jarri dioten ikerketak zabalik jarraitzen du. Barne Ministerioaren esanetan, ikerketa duela urte eta erdi abiatu zuen Guardia Zibilak. Ikerketa horren baitan, EAEn eta Nafarroan egindako 95 ekitaldi zenbatu ditu, 2016ko abendutik 2019ko urrira. Aditzera eman dutenez, guztiek "antolaketa egitura bat" zuten atzean, eta "kasu gehienetan Kalera kalera dinamikaren baitan gauzatzen zituzten".

"Ezer ez da kasualitatea"

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek operazioaren "izaera politikoa" nabarmendu zuen atzoko agerraldian eta atxiloketak egiteko unea ez dela ausazkoa izan ere esan zuen: "Euskal Herrian inoizko adostasunik handiena dagoen honetan presoen sakabanaketaren kontra eta espetxe politikaren errotiko aldaketa baten alde", eta "independentismoaren zati batek ahalbidetuta konponbiderako aukera leiho bat zabaldu den honetan". Rodriguezen hitzetan, atzoko atxiloketen helburua da "egoera lokaztea, baldintzatzea eta konponbiderako edozein aukera oztopatzea".

Ildo beretik hitz egin zuen Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, eta atxiloketen testuingurua ez dela kasualitatea esan zuen atzo. Une honetan bultzatzen ari diren "agenda demokratizatzaileari Estatu aparatuek ematen dioten erantzunaren aurrean" gaudela azpimarratu zuen. Gaineratu zuenez, "2020. urtean oraindik ere" horrelako gertaerak bizi behar izatea "oso larria" iruditzen zaie. Horregatik, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die.

Elkarretaratzeak Debagoienean

Arrasateko Sortuk deituta atzo 19:30ean egin zuten elkarretaratzea. "Bakea eta demokrazia" lelopean egin zuten elkarretaratzea. Atxilotutako lau kideen familiei eta lagunei "elkartasuna" helarazi nahi izan zieten lehenik, eta jarraian, Arkaitz Rodriguezek esandakoan bide beretik, atxiloketak ez zirela "kasualitatez gertatu" eta ez diotela "logika judizial bati jarraitzen" azpimarratu zuten: "Atxiloketa hauek Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak sustatu duten egoera berriarekin erlazionatuta daude".

Bergaran gaurko deitu du elkarretaratzea, Irala kalean izango da 20:00etan. Bergarako norbanako, sindikatu, eragile eta alderdi guztiei bertaratzeko deia egin die Sortuk.

Antzuolan bihar, egubakoitza egingo dute elkarretaratzea. Herriko plazan 19:00etan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak