Urtarrilaren 23a da Herritarren Saria bozkatzeko azken eguna

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urt. 22a, 15:27

Debagoieneko Kirol Sarietako epaimahaiak hamar hautagai izendatu dit Herritarren Saria jasotzeko. 1.500 boto baino gehiago lortu dira dagoeneko eta hainbat hautagairen arteko diferentzia oso txikia da.

Hamar hautagai dira guztira, eta herritarrek bat aukeratu beharko dute boto hemen emanez, urtarrilaren 24a baino lehen.

Hautagaiak

  • Aitor Ugarte: Gazte mailako mendi lasterkari aramaioarrak sekulako emaitzak lortu ditu aurten, Espainiako kopako probak irabazita, eta baita Espainiako kilometro bertikaleko txapelketa ere. Hala, abuztuan Italian jokatutako Munduko Txapelketara sailkatu zen, eta han ere irabazi egin zuen; horrenbestez, Munduko Txapelduna da gazte mailan. 

Aitor Ugarte aramaioarra. Argazkia: Goiena.

  • Oihana Kortazar: Urte eta erdi min hartuta egon eta gero elgetarra mendiko lasterketetara bueltatu da, eta maila oso onean, gainera. Euskal Herrian eta Espainia mailan hamaika lasterketa irabazi ditu, baina Zegama Aizkorri moduko nazioarteko proba batean bosgarren sailkatu izanak –euskal emakume onena izan zen– berresten du puntako mailan dela ostera ere.

Oihana Kortazar elgetarra Zegama Aizkorriko helmugan. Argazkia: Ioseba Berezibar.

  • Aitor Zabaleta: Bergarako pilotu beteranoak urteak daramatza Euskadiko Mendiko Sarian monoplazen kategorian erreferente izaten. Aurten Opakoako, Gorlako, Aiako, Gatzagako, eta Urrakiko igoeretan irabazi du. Albistea izan zen Udanan bigarren sailkatu izana.

Aitor Zabaleta bergararra Lola BMW autoarekin. Argazkia: Goiena.

  • Oihana Aldai: Zaragozatik fitxatu zuen Realak eta apustu handia izan zen Aretxabaletako atezainarendako, bazekielako Espainiako selekzioan erreferente den Mariasun Quiñonesekin batera borrokatu beharko zuela titular izateko. Gutxi jokatu badu ere bere ekarpena egin du Erreginaren Kopa irabazi berri duen Realean. 

Oihana Aldai aretxabaletarra, Erreginaren Koparekin.

  • Beñat Rezusta: Bergarakoa egun dagoen atzelari sendoenetakoa da elite mailako pilotan. 2017an Iker Irribarriarekin batera jantzi zuen Eskuz Binakako txapela, eta 2019an balentria errepikatu du, oraingoan Elezkano ondoan zuela. Hain zuzen, urtebete lehenago bikote hori txapeldunorde izan zen torneo berean. 

Beñat Rezusta pilotaria, Bergarako pilotalekuan. Argazkia: Goiena.

  • Uxue Oses eta Maddalen Etxegarai: Oñatiko pilotariak Emakume Master Cup txapelketaren finalera iritsi ziren promozio mailan, eta herritarrez betetako harmailak lagun, finalean askoz nagusiagoak ziren pilotariak menderatu zituzten, txapelak Oñatira ekarrita.

Uxue Oses eta Maddalen Etxegarai pilotari oñatiarrak. Argazkia: Goiena.

  • Garazi Estebez: Gazte mailako txirrindularia. Pistan, Bioracer Torneoa irabazi zuen, Espainiako Kopako hainbat probatan podiumean izan zen, eta Valentzian irabazi egin zuen. Europako Txapelketan zortzigarren izan zen. Eta errepidean, Tolosan irabazi zuen, Dos Hermanasen, Ugaon, Lakuntzan eta Agurainen. Eta, besteak beste Arabako Itzulian hirugarren izan zen. Gipuzkoako federazioak etorkizuneko promesa Saria eman berri dio.

Garazi Estebez txirrindulari aretxabaletarra. 

  • Mikel Aristi: Bergarakoak ez du urte erraza izan Euskadi Murias taldearen desagerpenaren mamuarekin egin behar izan diolako denboraldiari aurre. Aurrerapauso bat emateko eskatu zion Jon Odriozola zuzendariak, eta bereziki abuztuan eman zuen pauso hori, Portugalgo Itzulian etapa bat eta Limousingo Tourrean beste etapa bat irabazita. Lan horri esker Euskadi Fundazioak fitxatu du. 

Mikel Aristi txirrindulari bergararra. Argazkia: Euskadi-Murias.

  • Maialen Axpe: Iazko DKSko irabazlea. Espainiako pista estaliko txapelketa irabazi eta gero –4,50eko markarekin– Europako Txapelketa absolutuan lehiatu zen, Glasgown. Han ez zen finalera sailkatu (4,25), eta gogoan izango duzue, hilabete gutxira, ezin izan zuela Estocolmon egindako Diamond Leaguen esku hartu, Iberiak ez zuelako onartu pertikak hegazkinean sartzea. Aurten Olinpiar Jokoetan esku hartzea du helburu.  

Maialen Axpe arrasatearra, Espainiako txapelketan. Argazkia: Felix Sanchez.

  • Mikel Linazisoro: 23 urtez azpiko eskalatzailea bada ere lehenengoa izan da Espainiako Boulder txapelketa absolutuan, eta lehenengoa Overall kategorian. Bigarren izan da Europako Boulderreko Kopan. Munduko Kopan, Chamonixen, finalerdietara sailkatu zen (absolutuan) eta finalerdietara sailkatu zen, baita ere, Briançonen egindako zailtasuneko Munduko Kopan. 

Mikel Linazisoro bergararra, boulder txapelketan. Argazkia: Dario Desnivel. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak