Etxe-orratzak: moda ala beharra?

Jokin Etxebarria 2019ko abe. 30a, 16:13

Arrasateko erdigunearen ikuspegi orokorra, Ferixalekuko igogailuetatik, herriko etxe-orratzak nabarmentzen direla. (Argazkiak: Imanol Soriano)

Arrasatek sei dorre handi ditu; Bergaran ezagunena Zabalotegikoa da; Eskoriatza sarreran ere badaude pare bat. Garai bateko herrien arkitektura markatu zuten, eta horien fisionomia aldaketaren ikur bilakatu ziren.

Orain gutxi amaitu ditu ULMAk Eguzki dorrea izenez ezaguna denaren berritze lanak. 1971n eraiki zen oraindik ere Arrasateko eta bailarako dorre garaiena dena. Bere 20. solairutik eguzkia ia ukitzeko gaitasuna senti daitekeelako jarriko zioten izen hori. Baina 50 urte izatetik gertu egoteak operazio-gelatik pasa behar izatera eroan du. Txapa eta pinturaren ondoren –egiari zor, dezente gauza gehiago egin dizkiote; fatxada aireztatu-sistema berri bat jartzea, adibidez–, berriz ere harro erakuts dezake bere handitasuna.

Urte batzuk gehiago ditu Izarra dorreak –Unibertsitate edo Eskola Profesionalaren ondoan dagoenak– eta bertan egiten ari diren obrak ere amaitzear daude. Bestelako lan batzuk egin dituzte San Andres auzoko Arrasate, Udalaitz eta Txindoki dorreetan ere. Eraikin hauetako gehienak 50 urteren bueltan dabiltza, eta, autoari IAT pasatzen zaion moduan, dorreei IT pasa behar zaie.

1960ko hamarkadako 'boom'-a

1950ean, ozta-ozta pasatzen zituzten Debagoieneko bi herrik 10.000 biztanleen langa. Arrasatek 10.014 zituen eta 300 gehiago zeuzkan Bergarak. Hala ere, industriak hazten zebiltzan eta horrek lana zekarren; eta lanak jendea dakar berekin. 1980ko hamarkadan, Arrasate 26.000 biztanle baino gehiago edukitzera iritsi zen, Bergara ia 16.000 eta Aretxabaletak ere bere kopurua bikoiztu zuen. Guztiak, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan jasotako jende uholdearengatik. "Villanueva de la Serenara (Extremadura) autobus bat bidaltzen zuen enpresa batek bi edo hiru pertsonaren bila eta autobusa beteta etortzen zen bueltan", dio Alvaro Arregi arrasatearrak. Eta jende kopuru horri guztiorri, lana emateaz gain, etxebizitza bat ere eskaini behar zitzaion.

Jesus Laskurain aparejadore bergararrak argi dauka: "Bergaran 1960ko hamarkadan jende andana jaso genuen; batez ere, Extremadura, Galizia eta Andaluziatik. Orduan, herrian labe garaiak zeuden, 14 edo 15 ehungintza fabrika… jende askorentzat lana; hori ikusita, herriaren bi mugetan, Labegaraieta eta Madura-San Lorentzo auzoak sortu ziren. Testuinguru horretan egin zen Zabalotegiko dorrea ere, Bergarako etxe-orratza. Egia da 18 pisu dituela, garai bateko eran, hormigoi pila batekin eta diru irabazi handirik gabeko eraikuntza motarekin eraikia izan zela, oso kritikatua; baina, era berean, garapenaren sinbolo ere bihurtu genuena herrian, gure etxe-orratza baita".

"Dena azkar egin zen eta konturatu orduko Manhattan jarri ziguten parez pare"

900 etxebizitza San Andresen

"Nik gogoan daukat gure etxe ondoan jarri zuten kartela: Próxima construcción de 900 viviendas en San Andrés", dio Arregik. Arrasateko Udaleko Hirigintzako zinegotzi eta gerora alkate izan aurretik bizi izan zuen lehen eskutik San Andres auzoaren bilakaera. "Aurrena Arrasateko saihesbidea egin zuten. Lehen, Donostiatik Gasteizerako errepidea Portaloitik pasatzen zen, handik Zarugalde kalera egiten zuen eta gero Takolora. Bide berria kuartelaren ondotik pasarazi zuten, honi garrantzia eman nahian edo. Errekaren norabidea ere aldatu zuten guztiz eta konturatu ginenerako hiru dorre erraldoi agertu ziren, lehen diseinuan ageri ez zirenak. Jendea sutan jarri zen, euren etxeei eguzkia eta argia kentzen zietelako. Kontua da Udalak aldaketa batzuk egin zituela isilean. Jendaurreko esposizioan jarri zituen, baina, jendeak horrelako gauzei kasu gutxi egiten dienez gero, dena modu legalean aurrera joan zen. Manhattan parez pare jarri ziguten!".

"Zabalotegiko dorrea garapenaren sinbolo bihurtu genuen herrian"

Arrasaten eta Bergaran, herrien zabalguneak bilatzeko orduan, bi ezaugarri agertzen dira komunean: jende berri asko hartu behar herrian eta etxeak eraikitzeko esparru handirik ez edukitzea, batetik; eta Xabier Unzurrunzaga arkitekto zarauztarra, bestetik. Unzurrunzaga izan zen bi herrien antolamendu plana burutu zuena.

Lehen etxe-orratzak

Erdi Aroan, dorreak boterearekin lotzen ziren zuzenki. Dorreetan erregea, elizgizonak eta jauntxoak bizi ziren. Akaso, lehen etxe-orratzak egiten hasi zirenean boterea erakutsi nahi izatearen ideia ez zen oso urrun ibiliko. Horiek 1884 eta 1939 artean eraiki ziren, Ameriketako Estatu Batuetan. Gerra zibilaren amaierak ekarri zuen garapen ekonomikoak eta eraikitzeko lur faltak eraman zituen arkitektoak dorreetan pentsatzen jartzera. II. Mundu Gerraren amaieran hasi ziren agertzen Manhattanen gaur egun guztiontzat ezagun diren etxe-orratzak.

Modan zeudela iritsi ziren lehen etxe-orratzak ere bailarara eta askok pentsatu dezake moda kontua izan zela hemen hauek agertu izana. Beharraren aldeko jarrera hartzen dute, hala ere, Jesus Laskurainek eta Olaia Etxenausia arkitekto teknikoek. "Dorreak egin ziren etorritako jende andanari erantzun bat emateko, gure herrietan ez baitzegoen eraikitzeko lur-eremu handirik", dio lehenak. "Kontutan hartu behar da lur hiritarra finitua dela eta populazio hazkunde hori egon izanagatik, orekari gehiegizko garrantzirik eman gabe, horrelako eraikuntzak egitera eraman zituen. Gaur egun, bestelako pentsaera bat dago", dio bigarrenak.

Oreka eta bizi kalitatea

Xabier Unzurrunzagak aspalditik esaten duen gauza da hiri erdiguneak bizirik mantentzeak izan behar duela helburu, eta horretarako hiritarrarengan pentsatu behar dela, haiek izan behar dutela erdigune.

Azken urteetako joerek horretara garamatzatela dirudi. Fabrika eremuak herri kanpoaldera eramaten hasi ziren; gerora, autoak erdiguneetatik desagertzen joan dira, eta herritarra eroso egon dadin espazioak sortzen saiatzen dira.

"Herritarrei ahalik eta herrigune eroso eta irisgarriena egitea da helburua"

Olaia Etxenausia Arrasateko Udaleko Hirigintza Saileko lantaldean ari den arkitekto tekniko aretxabaletarrak "oreka" aipatzen du: "Gaur egun, ez dago jende uholderik, gaudenak gaude eta daukagun lur eremua daukagu. Orain, lur eremu hori hobetzen saiatzea da gure helburua. Oinezkoa, herritarra, eroso bizi dadin inguru ahalik eta jasangarri, irisgarri eta erosoena egin behar dugu. Espaloiak behar diren moduan jarri, plaza gogorrak izan direnak biziberritu eta dena oreka baten barruan garatu behar da. Horregatik, gauza txikiak egiten dira, normalean, gutxika-gutxika oinezko eta hiritarrarendako espazioak irabaziz".

Ez dirudi, hortaz, hurrengo urteetan etxe-orratz edo dorre berririk ikusiko dugunik, baina batek daki, tendentziak eta unean uneko joerak ere aldatuz doaz-eta etengabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak