Denera 300 lagun inguru batu dira Bertso Eguna zela eta Aramaion izan diren bost otorduetan. Bi bertsolari aritu dira bakoitzean; Uribarrikoaz gain: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izan dira Ehiztari Txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe, Izarra elkartean; Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre, Zabolakoan; eta Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria, Aramaioko eskolako jangelan.
Uribarriko elkartean umorez betetako saioa osatu dute Lizasok eta Enbeitak. Gainerako bazkarietakoak moduan, txartel denak saldu ziren Uribarrikorako ere, eta, elkartea bete, gozatu ederra hartu dute zaleek. Ordu eta erdi inguruko saioa egin dute bazkalostean bertsolariek, atseden txiki batekin. Hura amaituta, kalerako bidea hartu dute denek, gainerako bazkarietako jendearekin batu eta Urola Erdiko trikitilariekin batera Bertso Egunari amaiera polit bat emateko.
Bertso Eguna, astelehenean Goiena telebistan
Bertso Egunaren berri asteleheneko Hemen Debagoiena berezian emango du Goiena telebistak. Saioa Aramaioko Iturrieta sagardotegitik emango dute, eta txotx denboraldiaren irekiera ere izango da hizpide. Hemen Debagoiena, astelehenean, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.