Euskal Herriko hamaika txokotatik iritsi da jendea Aramaiora 2020ko Bertso Egunaz gozatzeko. Bertsolariak ere, makina bat, tartean baita ingurukorik ere. Eguerdiko saioan, esaterako, Xabi Igoak, Martin Abarrategik eta Ane Zuazubiskarrek jardun dute Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Jokin Urangarekin –bestek beste– batera.
Bisita gidatua egin dute herrian. Amillena elkarteko Libe Ramilak herriaren gaineko azalpenak eman ditu hiru puntutan, plazan, eliza aurrean eta parkean, eta azalpen horiekin lotutako gaiei kantatu behar izan diete bertsolariek.
Hura amaituta, trago pare bat eta bertso bazkarietara. Aldi bereko bost bertso bazkari ari dira egiten Aramaioko Bertso Egunaren barruan, beste hainbeste lekutan.
Txapelketa eta Bertso Eguna, astelehenean Goiena telebistan
Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren eta gaurko Bertso Egunaren berri asteleheneko Hemen Debagoiena berezian emango du Goiena telebistak. Saioa Aramaioko Iturrieta sagardotegitik emango dute, eta txotx denboraldiaren irekiera ere izango da hizpide. Hemen Debagoiena, astelehenean, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.