Debagoieneko txakolingileak "pozik" daude aurtengoak emandakoarekin

Maialen Santos 2020ko urt. 17a, 12:20
Debagoieneko hiru txakolingile, iazko txakolinarekin

Getariako Txakolina jatorri izenak San Anton egunez, gaur, egingo du 2019ko uztak emandako txakolinaren aurkezpena. Ekoizle debagoiendarrik ez da bertan izango, baina gaurko data mugarri hartuta "laster" hasiko dira mahastiek emandakoa saltzen.

San Anton egunarekin batera, Getariako Txakolina izena daramaten upategiek gaur egingo dute aurtengo denboraldirako ekoiztutako txakolinaren aurkezpena. Ekoizle debagoiendarrik ez da ekitaldian izango; aurrerantzean, bailarako txakolina dastatzerik izango da, halere.

Ibarreko bost baserritan dituzte Getariako Txakolina sormarkako txakolina egiteko mahastiak: Arrasaten bik eta beste hiruk Oñatin. Arrasaten, Bedoñako Artazubiaga baserrian Otxia txakolina egiten dute; Egihaundi baserrian, berriz, Kataide txakolina. Oñatin, Murgialdai baserrikoek izen bereko txakolina merkaturatzen dute; Zañartu auzoko Belaskua baserrian ere etxearen izen berekoa; eta auzo horretan bertan Upaingoa baserrian ere ekoizten dute txakolina. Ekoizle guztiek ez dituzte upategiak. Aurtengo uztari buruz galdetuta, gehienak bat datoz: uzta ona izan dela diote. Otxia txakolingile Felix Etxagibelen aburuz, eguraldiak mahatsari asko lagundu dio: "Eguraldi lehorra egin du, hezetasun handirik gabekoa. Mahatsa inoiz baino osasuntsuago eta heldutasun maila onean jaso dugu". Belaskuako Jon Urzelairen iritziz ere "erraza" izan da mahatsa ateratzea, baina bi ezusteko izan ditu: "Maiatzean egindako izozte batek mahasti sail bat kaltetu zidan. Baina hori baino okerragoa izan da orkatzek eragindako kaltea". Ezaugarriei buruz galdetuta, gustura azaldu dira lortutakoarekin. Murgialdaiko Aritz Galdosek esan duenez: "11,5 graduko txakolina egin dugu. Iazkoaren berdintsua dela esango nuke, baina aurtengoa apur bat sikuagoa da".

Laster, dastatzeko prest

Kataide Txakolinaren ekoizleek etxean egiten dute txakolina, eta botiletan zatika joaten dira sartzen. "Gehienbat, etxerako egiten dugu. Dagoeneko probatu dugu eta pozik gaude". Upaingoak izan ezik, gainontzekoek ez dute upategirik, eta, beraz, beste nonbait botilatu behar izaten dute. Otxia Txakolina, esaterako, otsail bukaeran botilatuko dute, txakolina egitearen prozesuak "bere denbora" behar duela iritzita: "Uste dut txakolinari ez zaiola prozesua bultzatu behar", argitu du Etxagibelek. Bi oñatiarrek –Belaskua eta Murgialdai–, aldiz, dagoeneko "merkaturatzeko prest" dute. "Getariara ez joan arren, San Anton egunetik aurrera hasten gara saltzen eta probatzen".

Bailarako txakolina dendetan eta tabernetan eskuratu ahal izango da aurrerantzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak