Euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak milaka lagun batu ditu beste behin Baionan eta Bilbon

Txomin Madina Milikua 2020ko urt. 11a, 17:44

Euskal presoen eskubideen alde Sarek eta Bakegileek deitutako manifestazioarekin bat eginaz, milaka eta milaka lagunek ­–NAIZek eta Mediabaskek egindako neurketen arabera, 80.000– hartu dituzte gaur Baionako eta Bilboko kaleak. Debagoiendar ugarik egin dute bat mobilizazioekin, batez ere, Bizkaiko hiriburuan.

15:00etan, euskal presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko Ez dezagun historia errepikarazi lelopean abiatu den Baionako manifestazioa amaitu eta berehala hasi da Bilbon helburu bera izan duen mobilizazioa. Bertan, gazteak joan dira, Orain Presoak idatzita zuen oihala eramanaz, manifestazioaren buruan. Ondoren,  pankarta nagusia eroan dute, besteak beste, ETAren biktima Rosa Roderok eta GALen biktima Asun Lasak. Horiek irakurri dute, gainera, mobilizazioaren amaierako mezua. Presoen senideek ere, Etxerateko zapi zuriak soinean, leku nabarmena izan dute.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek bat egin dute gaurko manifestazioarekin, baita euskal gehiengo sindikalak ere. Era berean, Kataluniako ERC, JxCat eta CUP-eko hainbat ordezkari ere izan dira Bilbon.

Debagoiendar ugarik ere erantzun diote deialdiari, eta bai goizean eta baita arratsaldean ere hainbat autobus abiatu dira ibarreko herrietatik Bilborantz. Arrasatetik, esaterako, bi goizean eta hiru arratsaldean.

Lasaren eta Roderoren mezua

Behin manifestazioaren burua Bilboko udaletxera heldu denean hasi da ekitaldi nagusia, eta bertan, esan bezala, Asun Lasak eta Rosa Roderok hartu dute hitza. Azaldu dute bi helburu dituztela amankomunean: batetik, haien seme alabei bakean bizi den gizarte adiskidetu bat uztea; eta bestetik, "euskal gizartea eskatzen ari den eta ekitatea eta justizia, gorrotoaren eta ezinikusiaren gainetik jarriko dituen aro berriaren" alde egitea.

Zehaztu dute ez dutela nahi inork haien izenean hitz egiterik: "Gu geu gara gure buruen ordezkari. Hala ere, uste dugu beste biktima askok sentitzen dutena jasotzen dugula ozen eta argi badiogu giza eskubideak oinarri izan behar direla Espainia eta Frantziako espetxeetan. Gainera, legeak babesten du jardun hori".

Gaineratu dute eskatzen dutena dela espetxeetako onuren kudeaketan diskriminaziorik ez izatea, presoak Euskal Herrira hurbiltzea, gaixotasun larriak dituzten presoak eta adineko presoak askatzea, graduz aldatzeko aukera izatea eta kondena bidegabeak berrikustea. Preso katalanak ere izan dituzte gogoan Lasak eta Roderok.

Egiten dituztenak aldarrikapen giza eskubideen ingurukoak direla nabarmendu dute, ez aldarrikapen politikoak; eta azaroko hauteskundeetan gehiengoa joera aurrerakoia duten indarrek lortu dutela ikusita, presoen gaia, "ausardiaz" Estatuaren agendan sartzeko aukera sortu dela. Era berean, gogoratu dute gaur Bilbon elkartu diren milaka euskal herritarrek eskatu dutena euskal erakundeetan ere babestu dela: "Babes zabal horretan oinarrituta, irmo esan dezakegu Estatuak ez daukala arazo bat jada deseginda dagoen erakunde batekin. Estatuak arazoa eskubideak urratzearen kontra dagoen gizartearen gehiengoarekin du, gehiengo horrek ez baitu nahi bere izenean askatasunez gabetutako pertsonen eta haien senideen eskubideak urratzea". Mobilizazioetan parte hartu duten guztiei eskerrak emanaz amaitu dute Roderok eta Lasak hitzaldia.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak