Kultura, aukeran, etxetik gertu

Aitziber Aranburuzabala/Naroa Urien 2020ko urt. 12a, 09:07
Mr. Sipp musika taldearen emanaldia Oñatiko gaztelekuko matinee saioan.

Su Ta Gar, Izaki Gardenak, Nogen, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren El dúo de la Africana zarzuela, Madama Butterfly opera... ekitaldi horiek eta gehiago ikusteko aukera izan da 2019an Debagoieneko udalen kultura aretoetan eta gaztetxeetan.

Kultura gosea duenak Debagoienean badu non elikatu, herrian bertan edo aldamenekoan, aukera asko izan dira 2019an ere, kanpoko izen handiko askotariko artistekin eta bertako sortzaile askorekin gozatzeko.

Antolatutako guztien artean, ikusleen artean harrera handiena edo onena izan dutenen zerrenda osatu nahian jo du Goienak hainbat antolatzaileren atea –udalak zein gaztetxeak–; baina nola neurtu arrakasta, zenbakiei ala bestelako sentsazioei begiratuta? Hala, zenbakiez harago, "barruan gordeta" geratu zaizkien emanaldi edo artisten zerrenda osatu dute.

Seminarixoan eta kartzelan

San Martin plazan dagoen aretoa zabaldu zutenetik eskaintza handiagoa eta zabalagoa da Bergaran –Zabalotegi ere erabilgarri dago, baina motz geratzen da hainbat emanaldi edo diziplinatarako–. Antzerki arloan, konpainia ezagunak izan dira 2019an Seminarixoan; honako hauek azpimarratu ditu Maider Osa Kultura teknikariak: "Yllanaren Lo mejor de Yllana lanak oso harrera ona izan zuen, eta baita Vaiven taldearen Erlauntza eta Txalo konpainiaren Zoaz bake santuan lanek ere. Haurrendako ikuskizunetan Oihan Vega bergararrak eta Xabier Zabala eskarmentu handiko musikariak sortutako Musikarium ikuskizuna eta Glu Glu taldearen Pinotxo aipatuko nituzke, bereziki".

Musika arloan, uztailean Espoloian egiten duten Berumuga musika jaialdiak ere puntako musikariak eta musika beltzaren zale asko batu zituen; horrez gainera, maiatzean Seminarixoan izan zen Nogen eta eMe taldeen kontzertua, batetik, eta Bergarako Musika Bandak eta Bergarako Orkestra Sinfonikoak frontoian elkarrekin eskaini zuten Aratuste-kontzertua nabarmendu ditu Osak, eta dantza arloan, berriz, azaroan Uniquart Dance Company-k eskaini zuen Le Spectre de la Rose izeneko ballet dantza emanaldia.

MUSIKA JAIALDIAK, KONTZERTUAK ETA PUNTAKO ANTZERKI ETA ZINEMA ESTREINALDI ASKO

Kartzela zaharrak ere eskarmentua du gauzak antolatzen, eta denetarikoak proposatu zituzten iaz; besteak beste, Txapa Irratiaren eta gaztetxeko liburutegiaren urteurrenek ekitaldi asko antolatzeko aitzakia eman dietela diote kartzela zaharreko asanbladako kideek: "Irratiaren 25 urteak ospatzeko, besteak beste, kontzertuak antolatu genituen eta oso jendetsuak izan ziren". Liburutegiaren hamargarren urtea ospatzeko ere jende asko batu zen. Egubakoitzak berreskuratzen musika egitasmo berriak ere harrera du; eta Kopla Barik Bertso Eskolak antolatzen duen Bertso Txapelketaren finala kartzela zaharrean izaten da urte amaieran, eta hori ere herrian ondo errotu den ekitaldi bihurtu da".

Oñatin jendetsuena, Su Ta Gar

Kultura Sailaz gainera, Gazteria sailak ere askotariko ekitaldiak antolatzen ditu, Santa Ana aretoan eta kultura etxean lehenengoak eta gaztelekuan, bereziki, beste sailak. Musika arloagatik galdetuta, Iñigo Ugarte gaztelekuko kideak eskaintza zabaleko urtea izan dela dio: "Eskualdekoak, herrikoak eta kanpoko taldeak izan dira; estilo askotarikoak. 2018ko urrian abiarazi genituen domeka eguerdietako matinee kontzertuek oso harrera ona dute; askok hilero etortzeko ohitura dute, eta zale berri asko ari dira hurbiltzen. Mr. Sipp Mississipiko abeslariaren kontzertua oso berezia izan zen, Indianakoak kuriositate handia sortu zuen eta sekulako maila erakutsi zuen. Beratu jaialdiaren barruan Athom Rumbak, Elena Setienek eta Vulk taldeak eskainitakoa ere aipatzekoa da; bereziki, azken horiena, jendea txundituta geratu zen". Parabellum taldeak ere zale asko batu zituela gogora ekarri du Ugartek, eta oi! estiloko musika jarraitzaileak ere gaztelekuan egiten duten TxantxOI! eta kontzertuetako fidelak direla gaineratu du.

San Migel jaietan Foruen plazan Eibarko Su Ta Gar taldeak eskaini zuena izan zen German Meabebasterretxea Kultura teknikariaren esanetan kalean egindako urteko ekitaldirik jendetsuena, Musikaegunak musika zikloa ere goraipatuz, aldi berean: "Suhar abesbatzak erakutsitako maila eta batu zuen jendetza oso aipagarriak izan dira". Antzerki ikusienagatik galdetuta, ez du zalantzarik egin: "Zaldi urdina, duda barik. Aretoa bete egin zen, aurrez saldu ziren sarrera guztiak. Ezin da beti aurreikusi zenbat ikusle izango diren, eta, alde horretatik, pena dut Ele! Lorca-Lauaxeta ikustera bakarrik 120 lagun hurbildu zirelako. Izugarria izan zen, han izan zirenentzat oso hunkigarria. Haurrentzako ikuskizunei dagokienez, herriko Ganbara faktoriaren Koloretako munstroa eta Potx eta Lotx pailazoen emanaldiak izan dira jendetsuenak, eta, kanpotik ekarritakoetan, Glu Glu-ren Pinotxo eta Sun magoarena.

Herri erdian dagoen Antixena gaztetxean ere askotarikoak izan dira; antzerki arloan, Korrikaren bueltan egin zuten antzerki laburren bira azpimarratu du Xabi Etxebarria gaztetxe-kideak: "Kultura etxearekin eta Elkar Hezi ikastetxearekin elkarlanean, 30-40 minutuko hiru antzerki egin genituen, eta jende asko bildu zen. Zineari helduz, Napardeath filmen emanaldiak ere politak izan ziren; lau egin genituen uztailean, aire librean. Musikari dagokionez, Amoranteren emanaldia eta beste hainbat azpimarratu ditu Antixenekoak. "Amoranterena oso berezia izan zen; modu inprobisatuan Gaztetxe kanpoan egin genuen. Abenduan herriko Sharon Stoner eta Broken Legacy taldeek eskaini zutena ere aipatzekoa da, eta Beratu jaialdiaren barruan Ainara Legardonena ere bai; Gorka Suaia rap kantariarekin ederto pasa genuen beste baten...".

Arrasaten ere, askotarikoak

Amaia antzokian gogor hasi dute 2020a Goazen! ikuskizunarekin lepo betez aretoa, eta bide onean ari dira domekan eskainiko duten helduentzako Zaldi urdina antzerkia ere. Iazkoa ondo bukatu zutela dio Karmelo Alberdi Kultura teknikariak: "Utzi zure mezua seinalearen ondoren (Ttanttaka) antzezlanak 300 ikusletik gora batu zituen; batez beste 200 lagunetik gora izaten dira gehienetan helduen antzerki saioetan".

Musika emanaldietan herrian klasikoa den Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren zarzuela eta azkeneko urteetan Ozenki elkartearekin antolatzen dituzten opera emanaldiak azpimarratu ditu Alberdik: "Ekitaldi horietan aretoa bete egin da. Aurten berezia izan da Humanity at music ikuskizuna ere bai, 600 lagunetik gora izan ziren, eta beste horrenbeste Mundukide Fundazioak antolatu zuen ekitaldian ere. Ikusle gutxiago –280 lagun– izan baziren ere, Izaki Gardenaken kontzertua aipatuko nuke, antzokian egin nahi genuen eta emaitza oso ona izan zen, eta baita abenduan AMAK taldeak eskainitakoa ere, 350 lagun izan ziren horretan".

Dantzaren aldeko apustua egiten dute Arrasatekoek sarritan, eta euskal zein nazioarteko puntako artista asko gonbidatzen dituzte. Iaz askotariko diziplina eta estilo batzen dituzten Martin Zalakain eta Adrenaline lanek, adibidez, 300 lagunetik gora batu zituen bakoitzak; baina pena dut, Argentinako Poyo Rojo-k 200 lagun inguru bakarrik bildu zituelako."

Amaia antzokitik kanpo ere askotarikoak antolatzen ditu Udalak: udazkenean, Kulturate Akustikoa; udaberrian, musika klasikoari eta abesbatzei tokia egiten dien Musikaldia, eta uztailean, Udazabal. "Azken jaialdiek ere harrera ona izan dute, publiko fidela dute".

Gaztetxean ere urte emankorra izan dutela diote AGAKO asanbladako kideek: "Elkartasun jaialdi asko eta kontzertu asko egin ditugu, eta, horien artean, polita izan da Never Surrender herriko taldeak aspaldiko partez eskaini zuena, eta baita santamas egunean izan zen jaialdia, ahaztu barik eguenero izaten diren Kooltur Ostegunak kontzertuen ibilbide oparo eta osasuntsua".

Zinean, "etxekoenak" garaile

Debagoieneko zine areto guztietan, duda barik, La trinchera infinita eta Agur, Etxebeste! izan dira sarrera gehien saldu dituztenak. Bergarako eta Oñatiko udalek, bereziki, ahalegin berezia egin zuten filma herrian estreinatzeko eta emanaldi kopuru handiagoa eskaintzeko.

Txikietan, eskaintza xumeagoa

Ezin eskaintza bera egin, baina guztiak saiatzen dira "onena" ematen. Aretxabaletan Fund Dantz!-en "arrakasta" aipatu dute, eta Antzuolako ordezkariek, Torresoroa aretoa itxita egotearen eraginez izan dituzten mugak, 2019a hausnarketa urtea izan dela gaineratuta.

2020an Debagoienean izango direnak

Adin eta zaletasun ezberdineko publikoa asetzeko askotarikoak izango dira aurten eskualdean.

Musika

  • Dientes de Luna gernikarrak Oñatiko gaztelekuan, etzi, domeka, 12:30ean.
  • Strad Jorge Guillen biolinjolearen taldea Amaia antzokian, urtarrilaren 31n.
  • Ruper Ordorika Oñatiko gaztelekuan, otsailaren 16an.
  • Numen Arrasateko gaztetxean izango dira otsailean.
  • AMAK eta Ain_1 taldeak Seminarixoan, martxoaren 7an.
  • Caballeria Rusticana izeneko opera martxoaren 17an, 20:30ean, Amaia antzokian.

Antzerkia

  • Zaldi urdina lana. Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia. Etzi, domeka, Amaia antzokian; eta otsailaren 8an, Seminarixoan
  • La Mudanza lana Compañia Perigallo teatro taldearen eskutik, Seminarixoan, hilaren 17an, 19:00etan.
  • Simplicissimus kabaret Tartean Teatroren eskutik, Oñatiko Santa antzokian, otsailaren 21ean; eta Amaia antzokian, martxoaren 15ean.
  • Ene ba!! Txalo konpainiaren eskutik, otsailaren 23an, 19:30ean, Amaia antzokian.
  • Yo, Mussolini Leo Bassiren lana, martxoaren 22an, 19:30ean, Amaia antzokian.

Dantza

  • Kukai Gauekoak lana egingo dute Amaia antzokian, hilaren 25ean, 19:30ean. 
  • Fun Dantz! kaleko dantzen jaialdia, otsailaren 29an, Aretxabaletako kiroldegian.

Haurrentzako ikuskizunak

  • Hansel eta Gretel Amaia antzokian, otsailaren 8an.
  • Kaskarot' ATX taldearen eskutik, urtarrilaren 18an, Seminarixoan, 18:00etan; eta otsailaren 29an, Amaia antzokian, 17:00etan.

Bertsoak

  • Bertso Eguna Aramaion, Bertsozale Elkarteak antolatuta, urtarrilaren 18an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak