Euskal presoen eskubideen alde urteroko hitzordua

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko urt. 10a, 12:32

Sarek eta Bakegileek deituta, bi manifestazio egingo dituzte bihar, zapatua, euskal presoen eskubideen alde; Baionakoa 15:00etan hasiko da eta Bilbokoa, berriz, 17:00etan; Debagoieneko herri guztietatik autobusak egongo dira Bilbora joateko.

Bilboko manifestazioa Orain presoak lelopean egingo dute eta 17:00etan abiatuko da, Casillatik. Baionakoa bi ordu lehenago abiatuko da, Errepublika plazatik, eta pankartak Ez dezagun historia errepikarazi esaldia eramango du. Bilbokoaren mezua Rosa Rodero ETAren biktimak eta Asun Lasa GALen biktimak irakurriko dute.

Orain Presoak dinamikak manifestazioaren harira kaleratutako oharrean azaldu du urteetako sufrimenduari eta konfrontazioari amaiera ematea "guztion ardura" dela: "Gizartearena, elkarteena, erakunde politiko eta judizialena eta, jakina, Espainiako eta Frantziako gobernuena". Dinamikak "ausardia eta erabakitasuna" eskatu die botere politiko eta judizialei, "urrats gehiago egiteko; urgentea da".

Eltzikorta aurten askatzea espero dute senideek, eta uztailean askatuko dute Usandizaga 

241 euskal preso daude egun

Sarek emandako datuen arabera, gaur egun 241 euskal preso daude, 208 Espainiako espetxeetan eta gainontzekoak Frantziakoetan. Horietatik, 21 "larriki gaixo" daude eta lauk 70 urtetik gora dituzte. Euskal preso debagoiendarrei erreparatuta, zortzi daude kartzelan eta bat ihesean.

Joseba Erostegi Eltzikorta

1997ko uztailaren 1ean atxilotu zuten antzuolarra, eta hogeita hamar urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Egun, 66 urte ditu eta Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelan dago. Ines Zubia emazteak azaldu duenez, "indartsu" dago, eta osasun aldetik ere ondo. "Azken probetako emaitzak onak izan dira. Gainera, aurten, 2020an, etxean edukitzea espero dugu".

Garikoitz Garcia

Aretxabaletarra 2010eko urtarrilaren 9an atxilotu zuten, Portugalen, eta hogei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Egun, 41 urte ditu eta Picassent-en (Valentzian) dago. "Gogor dago, animatuta, eta aurrera egiteko prest. Momentuz, ez dauka murrizketarik eta irteera data 2030eko ekainerako dauka jarrita. Gradu aldaketarik ere ez dauka, oraingoz", azaldu du Amaia Garciak, arrebak. "Legea betetzea eskatzen dugu, eta beste preso batzuei aplikatzen zaien lege bera gure senideei ere aplikatzea", gaineratu du.

Josu Arkauz

1991ko martxoaren 20an atxilotu zuten eta 115 urteko zigorra ezarri zioten. Egun, 62 urte ditu eta Murtziako espetxean dago. "Tristeena da martxoan 29 urte bete behar dituela kartzelan, eta oraindik ez daukala irteera datarik. Ez digute ezer esaten. Urteak aurrera doaz, eta ez dago aldaketarik", dio Ramon Arkauzek, anaiak. "Eskuinaren diskurtsoak ez du batere laguntzen. Funtzionarioak eta langile guztiak aurka ditugu, eta kartzeletako giroa ez da ona. Gabonetan ere egun garrantzitsuetan komunikazio guztiak eten dizkiote. Halako detaileek islatzen dute kartzelan bizitzen ari den egoera".

Unai Parot

Arrasatearra 1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten, eta 4.797 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten –40 egingo ditu espetxean–. Gaur egun, 61 urte ditu eta Puerto de Santa Marian dago, Cadizen. Senideek ez dute adierazpenik egin gura izan.

Marixol Iparragirre

Eskoriatzarra 2003an espetxeratu zuten, eta, 2010ean egindako epaiketan, 20 urteko zigorra ezarri zioten. Egun, 58 urte ditu. "Frantziako Estatuan 20 urteko kondena bete ondoren utzi zuten Espainiaren esku. Egun, Avilako kartzelan daukate. Momentu honetan Marixol epaitu gabe dago eta bere aurkako akusazioak polizia-etxeetan emandako testigantzetan oinarritzen dira", dio Larraitz Iparragirre ahizpak.

Xabin Usandizaga

Oñatiarra 1997ko uztailaren 3an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Oñatin. Egun, 60 urte ditu eta Kordoban dago. "Animatuta dago, indartsu. Izan ere, uztailaren 28an aterako dela esan diote, eta pozik dago, hunkituta. Burua hemen dauka dagoeneko. Gu ere pozik gaude, noski. Oraindik zaila egiten zait aita hemen irudikatzea, baina ederra izango da. Erabat aldatuko zaigu bizitza", azaldu du Maider Usandizaga alabak.

Joseba Arregi

Oñatiarra 1992ko martxoaren 29an atxilotu zuten eta 36 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. 74 urte beteko ditu martxoan, eta Alacanteko Villena espetxean dago. "27 urte daramatza kartzelan, eta kalean egon beharko luke jada; adina ere ez diote errespetatzen. Guk prentsa bidez jakin genuen Asturiasera lekualdatuko zutela eta bost egunen ostean jakin zuen berak, guk esanda. Ofizialki orain jakinarazi berri diote Asturiasera aldatuko dutela", adierazi dute senideek. 

Angel Telleria

Oñatiarrak bi urte eta erdi daramatza kartzelan, Guanajuaton (Mexiko) atxilotu zutenetik. 1981eko Maria Josefa Garcia poliziaren hilketa leporatzen diote. Egun, 63 urte ditu eta Estremeran dago, Madrilen. "Aldarte aldakorra dauka. Batzuetan, ondo dago; beste batzuetan, okerrago. Baina indartsu mantentzen da. Egoera antzekoa da guztiontzat, eta tristuraz bizi dugu, gauzak aldatzen ez direla ikusita", dio Kontxi Telleriak, arrebak.

Alberto Plazaola

2015eko martxoaz geroztik iheslaria da oñatiarra; izan ere, Frantziako espetxean betetako zigor urteak ez zizkiotela kontuan hartu ikusita, ihes egin zuen.

Debagoienetik autobusak antolatu dituzte Bilboko manifestaziorako

Autobusak Debagoienetik

Antzuolakoa geltokitik irtengo da, 15:15ean; Aramaiokoa, 15:00etan, biribilgunetik: Aretxabaletakoa, Eroskitik 15:15ean –Ernairena 15:00etan–; Arrasatekoak, Garibaitik –11:00etan egun osokoa eta 15:00etan arratsaldekoa–; Bergarakoak, goizekoa 11:00etan geltokitik eta arratsaldekoak, 15:00etan Osintxu eta Angiozartik eta 15:15ean geltokitik; Elgetakoa, 15:30ean, plazatik. Eskoriatzakoa 15:00etan eta Gatzagakoa 14:45ean –biak geltokitik–. Oñatikoak, 10:00etan eta 15:00etan, unibertsitatetik.

 

Joseba Azkarraga: "Araudia euskal presoei aplikatzea eskatzen dugu"

Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko plataformako bozeramailea da Joseba Azkarraga (Gasteiz, 1950).

Zergatik da garrantzitsua hilaren 11ko manifestazioa?

Irakurketa bikoitza dauka: batetik, milaka pertsona prest daude, ideia politikoetatik aparte, presoek jasaten dituzten eskubide urraketak salatzeko. Bestetik, inportantea da Gobernu berriak ikustea gure kalearen isla, urtez urte aldarrikatzen ari dena espetxe-politika hau amaitzeko. Horrez gain, euskal instituzioek mantendu duten jarrera ere aldarrikapen horien aldekoa da.

Zein aldarrikapen nagusi izango ditu?

Urte asko pasa dira ETAk armak baztertu zituenetik, eta bada garaia espetxe-politika aldatzeko. Gatazka honen irtenbidean parte aktiboa izan behar dute presoek. Beraz, hiru helburu ditugu: urrunketaren politika bukatzea; larriki gaixo dauden presoak askatzea eta euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politikak bukatzea. Espetxean sartzen direnetik irteten direnera arte lehen graduan daude. Eskubide urraketa konstantea da hori.

Legea betetzea da, azken batean, eskatzen duzuena, ezta?

Hori da. Ez gara tratu esklusiborik eskatzen ari. Espetxe araudia euskal presoei aplikatzea da eskatzen duguna, Gobernuak bere legedia aplikatu dezala, alegia. Legea modu berean aplikatu behar zaie preso guztiei, eta ezin zaie eskatu orain arte egin dutena baino gehiago egitea, baldintza beretan egoteko.

Oraindik 241 preso daude Euskal Herritik urrun.

Duela zortzi urte 700 zeudela esango du batek. Baina irten direnak zigorra guztiz beteta irten dira. Ez da egon neurri berezirik zigorra humanizatzeko.

"Ez da aldarrikapen politiko bat; giza eskubideak daude jokoan, eta horiek unibertsalak dira". 

Ondorio asko dakartza urruntze politikak, gainera.

30 urte dira urruntze politika abiatu zenetik. Preso hauen ia %60ren senideek guztira 2.000 kilometro inguru egin behar dituzte 40 minutuko bisita bat egiteko. Beste gehienek, 1.000 kilometro inguru. Horrez gain, oso txikiak diren 115 bat haurrek distantzia horiek egin behar dituzte aita edo ama edo biak bisitatzeko. Mendeku garbi baten ondorioa da hori.

ETA desegin zenetik ia bi urte pasatu dira. Zenbat aldatu dira gauzak ordutik hona?

Oso gutxi. Zertxobait gerturatu dituzte hogei bat preso, baina bakarra ere ez Euskal Herrira. Oro har, oso urrun mantentzen dituzte. Larriki gaixo dauden presoek kartzelan jarraitzen dute, eta hiltzear daudela askatzen dituzte. Gizagabetasun izugarria da hori. Pedro Sanchezek 2018ko ekainean adierazi zuen espetxe-politika aldatu egin behar zela ETA desagertu ondoren, baina hitz horiek ez ditu ekintza bilakatu. Emakumezko presoen kasuan, gainera, urrun egoteaz gain, sakabanatuta daude, bakarrik. Hori ere bada beste aldarrikapenetako bat. Kontzentratu ditzatela espetxe berean, eta etxetik ahalik eta gertuen.

Sanchezen Gobernu berriak emango al du aurrerapausorik?

Eskuin muturrak presio inportantea egingo duela garbi dago, baina konfiantza eduki behar dugu hitzak ekintza bilakatuko direla. Edozein kasutan ere, gu ez gara geldi geratuko eta aldarrikatzen jarraituko dugu, gizartea aktibatuz, eskubide urraketa hauek amaitu arte.

Bukaera hori gertu ikusten duzu?

Giza eskubideak errespetatzeari buruz ari gara eta honek ezin du luzaroan jarraitu. Baikorrak izan behar dugu.

Larri gaixo dauden presoak kaleratzea da beste eskakizunetako bat.

21 dira gaur egun, eta gaixotasun oso larriak dituzte. Ez dauka zentzurik kartzelan mantentzeak, etxetik ehunka kilometrotara, gainera, legeak etxeratzeko aukera ematen du eta.

Zer esango zenioke manifestaziora joateko zalantzan dagoen horri?

Ez da aldarrikapen politiko bat. Giza eskubideak daude jokoan, eta horiek unibertsalak dira, baita presoenak ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak