Izaskun Landaida: "Esterotipoetatik kanpo dauden ereduak behar ditugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urt. 10a, 12:01
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria.

Automozioko emakumeen lehen topaketan izan zen Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria abenduan Aretxabaletan. Puntua aldizkariak berarekin batu eta elkarrizketa egiteko aprobetxatu zuen. Halako edukiak eta askoz gehiago irakurtzeko, egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

Uste duzu garrantzitsua dela horrelako egun bat antolatzea? 
Oso garrantzitsua da; beraz, nire lehenengo hitzak Aretxabaleta Heziketa Eskola zoriontzeko izango dira, ekimena antolatzeagatik. Plazera izan zan automozioan diharduten hainbeste emakume interesgarri ezagutzea. Batetik, ibilbidea egina dutenak euren esperientziak adieraziz; eta, bestetik, arlo hau aukeratu duten neska gazte askoren nahiak. Euren arteko elkarrizketa funtsezkoa da. Denok behar ditugu erreferenteak; eta gehiago, hain maskulinoa den sektorean. Bideak ireki dituzten emakumeak daudela ezagutzea gakoa da atzetik datozen neskentzako. Benetan da garrantzitsua Lanbide Heziketako automozioa bezalako ikasketa batzuetan emakumeak daudela ikusaraztea; hain zuzen, historian zehar gizonen sektoreak izan diren guztietan bezala, beste batzuentzako eredu eta erreferente bihur daitezen.

Gaur egun, zein da emakumeen presentzia automozioan? 
Eustat-ek argitaratutako datuak kontuan izanda esan dezakegu 2017/2018 ikasturtean garraio eta automozioaren arloan Lanbide Heziketako erdi-mailako graduan matrikulatutako mutilak 1.015 zirela eta neskak, berriz, 33; eta goi-mailako graduan, 572 mutil eta 19 neska. Espezializatua den 20 First April erakundeak egindako ikerketa baten arabera, bestetik, automozio arloko multinazional handienetan zuzendaritza postuetan %16 soilik ziren emakumeak 2018an. Emakumeen presentziari dagokionez, egoera apur bat hobetzen joan da azken hamarkadetan lantegietan. Europar Batasunean, adibidez, arlo honetan lan egiten duten emakumeak batez beste %25 izatera heldu dira.

Oraindik ere gizonezkoen eta emakumezkoen ikasketak daude? Lanbide Heziketan %65 gizonezkoak dira eta unibertsitatean Arkitektura eta ingeniaritza ikasten dutenen %71 gizonezkoak, adibidez. 
Apurka-apurka gauzak aldatzen doaz, baina, egia esan, txikitatik jasotzen ditugun mezuek ikasketa batzuk edo beste batzuk aukeratzera bideratzen gaituzte emakume eta gizonak. Horregatik esaten dugu balio aldaketa bat behar duela gizarte honek bakoitzak askatasunez eta genero rolen eraginik gabe bere ikasketak aukeratu ditzan. Eta horretarako, besteak beste, erreferenteak izatea oso garrantzitsua da. Eta ezin dugu ahaztu emakumeen arteko aliantzen garrantzia. Horregatik dira hain garrantzitsuak honelako ekimenak.

Erreferente horien eraginez, apurka-apurka gero eta emakume gehiago daude automozio jardunean. Garrantzitsua da ikasleendako? 
Funtsezkoa. Erreferenteak behar ditugu arlo honetan eta maskulinizatuta dauden beste hainbat arlotan. Arloa gustukoa badute, neskek nabaritu behar dute hau ere euren mundua izan daitekeela. Baina, erreferenteez gain, uste dut mundu honek ere hausnarketa sakona egin behar duela eta pentsatu behar dute zer egin daitekeen emakumeak bertan eroso sentitu daitezen, modu horretan emakumeak erakartzeko.

Teorian, emakumeek eta gizonek heziketa bera izan dute, eta aukera berak. Baina ikasleek hautaketa egiterakoan tradiziozko irizpideei segitzen diete. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori? 
Ikerketa askok erakusten dute generoak arrail handia markatzen duela oraindik ere neska-mutilen artean ikasketak aukeratzeko garaian. Neskek joera handiagoa dute humanitate-gaietarako; mutilek, berriz, zientzia eta teknologiarako. Derrigorrezko eskola-garaia amaitutakoan eta ikasketak aukeratzerakoan, orduan agertzen da, nabarmen, generoak eragindako desberdintasuna. Bai Lanbide Heziketan bai unibertsitate-aurreko nahiz unibertsitateko mailetan, garbi ikusten da generoak nola dauden banatuta aukeratutako ikasketen arabera. Unibertsitatean, osasunaren zientzietan, ikasleen hiru laurden baino gehiago emakumeak dira; aldiz, ingeniaritzetan eta arkitekturan, gizonezkoak dira gehienak. Orotara, ikasketa teknikoak gizonezkoen arloak dira; eta emakumeak kopuruz gehiago diren ikasketak gizartean emakumezkoenak jotzen diren rol edo elementuekin lotutakoak izaten dira; adibidez, hezkuntzarekin edo zaintza fisiko, emozional, elikadurazko edo sozialarekin lotutakoak. Argi dago automozioa eta beste zientzia eta teknologiekin zerikusia duten politiketan genero ikuspegia txertatzea beharrezkoa dela. Zientzia eta teknologiaren alorrean, bizitzako beste alorretan bezala, ezinbestekoa da egoera genero ikuspegitik begiratzea; eta horrek behartzen gaitu galdetzera, adibidez, nora begira dagoen lan heziketaren mundua, zientzia edo teknologiaren mundua. Beraz, egiturak aldatu behar dira, bideak berritu, emakumeen interesak eta beharrak zientziaren eta teknologiaren beharrekin bat egin ahal izateko. Horretarako, berdintasun-politikak behar ditugu; besteak beste, produktibitatea handitzea, gogobetetze-maila hobetzeko eta talentua babesteko. Eraldatzen jarraitu behar dugu hobetzeko eta, horrela, pertsona guztientzako lekua izango duen heziketa profesionala eraikitzeko.

Orain dela urte batzuetako ikerketa baten arabera, genero estereotipoei begira egiten dute ikasketen hautaketa neskek, eta ez beren gaitasunen arabera. Gaur egun horrela da oraindik?  
Berdintasunik ezari buruz berba egiten dugunean egiturazko arazo bati buruz aritzen gara. Gauzak aldatzen doaz, baina, oraindik, androzentrikoa den gizarte batean bizi gara. Horregatik, balioen aldaketa da behar duguna. Arlo honetan oraindik bidea egiteko dago. Txikitatik jasotzen ditugun mezuek, eskolan, etxean, hedabideetan… ikasketa batzuk edo beste batzuk aukeratzera bideratzen gaituzte. Oraindik berdinzaleak ez diren mezu asko entzuten eta barneratzen ditugu eta horrek bere eragina du gure erabakietan. Horregatik, eredu berriak planteatzen dituzten emakumeak ikusaraztea beharrezkoa da. Rol eta estereotipoetatik kanpo dauden ereduak.

"Beharrezkoa da emakumeen presentzia arlo guztietan, ez bakarrik justizia sozialagatik, baita modu horretan bikaintasunaren alde lanean dihardugulako ere", esan duzu. Zergatik diozu hori? 
Frogatuta dagoelako. Enpresetan eta edozein entitate zein erakundetan berdintasun-politikak ezarriz, erakunde horren kudeaketako beste eredu batzuk sartzen ari gara, eta hauek mesedegarriak dira erakunde horretako kide guztientzako, baita erakundearendako berarendako, eraginkorragoa bihurtzen baita. Beraz, berdintasunaren aldeko apustua justua izateaz gain, probetxuzkoa ere bada, eta bikaintasunarekin lotuta dago.

Emakundek egiten dituen txostenetan errepikatu egiten dira hainbat desoreka; sakoneko egiturazko arazo bat dagoela erakusten du horrek? 
Noski. Hori da kontuan hartu behar dugun lehenengo gauza. Egiturazko arazo baten aurrean gaudela, eta horregatik balio aldaketa da bultzatzen jarraitu behar duguna. Eta, tamalez, balio aldaketak ez dira gauetik egunera gertatzen, baizik eta etengabe egindako lan askoren emaitza izaten dira. Eta honetarako, denon arteko elkarlana funtsezkoa da. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, azken urtean, egun osoko greba deialdia egin zuen. Ze irakurketa egiten duzu? 
Kontuan hartu behar dugu une kritikoa bizi izaten ari garela; emakumeen eskubideen aurkako eraso zuzenen testigu izaten ari gara azkenaldian, eta horrek ere eragin du kalera irtetearen beharra eskubide horiek defenditzeko. Bat egiten dugu mugimendu feministak egiten dituen aldarrikapenekin: pertsonen bizitza erdian jartzea, zaintza lanen errekonozimendua eta erantzukizunak banatzeaz oinarritutako antolaketa soziala. Horrez gain, emakumeen autonomia ekonomikoa beharrezkoa dela uste dugu, eta hala jasotzen da Berdintasunerako VII. planean. Planaren ardatz estrategiko bat da "ekonomiak eta gizarte-antolakuntza eraldatzea", eta jasotzen du beharrezkoa dela eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiak inplikatzea, eskubideak bermatzeko eta eredu sozial iraunkorrago eta berdinzaleagoa lortzen laguntzeko.

Mugimendu feminista indartu egin da? Eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan gizartea sentsibilizatu egin dela uste duzu? 
Feminismoak 300 urte baino gehiagoko historia dauka. Uste dut horren inguruan pedagogia asko egiten ari dela eta gero eta ezagunagoa dela izan duen garrantzia emakumeen eskubideen lorpenean. Neurri handi batean, gure aurreko emakumeek egindako lanari esker lortu dira egun ditugun eskubide asko, eta esango nuke, neurri handi batean, momentu honetan aurretik egindako lan guztiaren fruitua jasotzen ari garela, ahaztu barik belaunaldi berriak indartsu datozela gai hauetan. Sentsibilizazio eta konzienziazio gehiago dagoela argi dago. Gure garaian ez zen gai hauei buruz berba egiten, zirkulu txiki eta konkretu batzuetan ez bazen. Hedapen handia egon da, eta egoten jarraitu behar du guztion inplikazioa lortu arte berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzeko emakumeen kontrako indarkeriarik gabe. Asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko; beraz, denon inplikazioa behar-beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzeko. 

Egin zaitez bazkide

Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak