Valeria Guglietti: "Sinpletasunak harritu egiten gaitu oraindik"

Xabier Urtzelai 2020ko urt. 10a, 09:54

Valeria Guglietti, itzalekin jolasean. Sombraschinas.com

Valeria Gugliettiren eskutik iritsiko da bihar, zapatua (18:00, Seminarixoa, 4 euro), Zineko itzalak izeneko ikuskizuna. Adin guztietarako da aproposa. "Baina ez dakit nork gozatzen duen gehien, egungo gaztetxoek ez dute-eta itzalekin jolasteko halako ohiturarik. Helduok, berriz, haurrak ginenean...", dio, barrez. Bartzelonatik erantzun dizkie GOIENAko galderei.

Zer dela-eta hasi zinen itzalekin lanean?

Hainbat influentzia izan nituen, egia esan. Gaztetako bikotelagunaren aita magoa zen, inoiz ez nuen ezagutu, baina Super 8an egindako grabaketak genituen, eta abiapuntu ona izan zen. Horrekin batera, Sergio Tajanen publikazioak nituen, Gustavo Di Sarroren gomendioak... Asko praktikatu behar izan nuen eskua hartu ahal izateko.

Kabaretean jarduten zenuen orduan.

Bai; gogoan dut bi orduko ikuskizuna egin gura izaten genuela, baina inoiz ez ginela bi ordura iristen, motz geratzen ginen. Orduan pianoa jotzen nuen... Eta, halako batean, itzalak egiten hasi nintzen eta sekulako arrakasta izan nuen. Ikuskizun berritzailea zen, eta, aldi berean, oso zaharra, guztiok ahalegindu gara-eta umetan eskuekin eta argiarekin jolastuz itzalak sortzen. Kontua da halaxe hasi nintzela, eta geroago eta ikuskizun landuagoak eskaintzen hasi nintzen.

Bada, zer da bihar Seminarixoan batuko diren ikusleek ikusiko dutena?

Itzalekin egindako ikuskizuna da, modu sinplean esanda. Zinema mutua da oinarrian, musikaz lagunduta 45 minutuko ikuskizun landua da Bergarara ekarriko dudana. Eta, gainera, ikuskizun honek lotura zuzena du zinemarekin, bertako hainbat pertsonaien gaineko parodia egingo dugu eta: Superman, Charles Chaplin, Tarzan, Dracula, El Zorro... Operako abeslari bat ere erakutsiko dugu itzalen bidez...

Askotan, sinpletasunean egoten da edertasuna.

Bai, ez izan zalantzarik, gezurra badirudi ere, oraindik sinpletasunak harrapatu egiten gaitu. Ikuskizunean, esaterako, argiztapena oso garrantzitsua da. Eskuekin sortutako itzalak dira, baina beste batzuetan beste figura batzuekin lagunduta egiten ditut itzalak. Hala ere, arrakastaren gakoetako bat da ikuskizun osoa ikusleen aurrean egitea, zuzenean, zelan lan egiten dudan ikusten dute bertatik bertara, eta horrek harrapatzen ditu ikusleak. Ez dago aurre-grabaketarik, ez dago aurkezlerik... Bertan egiten dut dena, eta polita da ikustea jendea zelan geratzen den txundituta. Sinplea da, baina, aldi berean, oso ikuskizun landua.

Izan ere, ez da izango erraza jendea entretenituta izatea, kontuan hartuta gaur egungo gazteendako marrazki bizidunek edo filmek ze abiadura izaten duten, ze efektu berezi, koloreak, musika...

Halaxe da, erronka ez da txikia, baina ikuskizunak erritmo polita du eta jendea ez da aspertzen, seguru egon horretaz. Ondo aukeratutako musika, itzalak, sorkuntza lana, urtetako esperientzia... Ikuskizun polita da. Amaieran, poltsikoko telefonoko linternak hartzen dituzte, eta hormaren kontra eskuekin itzalak egiten saiatzen dira eurak ere. Eta ez soilik gaztetxoak, nagusiak ere halaxe ibiltzen dira; kar, kar, kar.

Iaz liburu bat ere argitaratu zenuen...

Bai, eta zapatuan Bergarara eramango ditut zenbait ale, gura duenak erosteko eskuragarri izan dezan. Liburuan, azken batean, eskuekin eta bestelako figurekin itzalak zelan egin irakasten dut, itzalen lengoaia jaso dut liburuan, eta opari polita izan daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak