Aldarrikapenak adostuta, kalera irteteko dei egin du Agijupens-ek

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko urt. 10a, 13:00

Duela urte biko urte hasieran Arrasaten egin zuten lehen elkarretaratze baten irudia.

Debagoieneko Erretiratu eta Pentsiodunen Tokiko Elkarteen Gipuzkoako Elkarteak (Agijupens) hausnarketa egin du, bi urteotako agerraldi eta ekimenen eta egungo egoeraren gainean, aldarrikapenak "eguneratu eta bateratzeko".

Urtarrilaren 15ean beteko dira urte bi erretiratuak astelehenero kalean protestatzen hasi zirela, pentsioen etorkizunaren ziurgabetasunarekin kezkatuta. 2018 hasieran, Bilboko agerraldiak egin ziren berehala ezagun, oso jendetsuak izanagatik. Gutxika-gutxika, pentsiodunak herririk herri ateratzen hasi ziren. Baita Debagoienean ere. Eskualdeko pentsiodunek astelehenerako elkarretaratzeak deitu dituzte berriro ere, 12:00etan.

11 elkarte batzen ditu Debagoieneko Agijupens-ek: Arrasateko Toki Argi, Musakola, Abaroa eta Uribarri, Bergarako San Joxepe, Oñatiko Pake-Leku, Aretxabaletako Basotxo, Eskoriatzako Olazar, Antzuolako Landatxope, Elgetako Xalbadorpe eta Leintz Gatzagako Toki Eder. Guztira, 8.000 bazkide batzen dituzte 11 elkarte horiek. "Noraino gauden ados edota zeintzuk diren lehentasunak jakitea komeni zitzaigun pentsioen aldeko mugimenduan kokatzeko eta komunean duguna identifikatzeko eta nabarmentzeko", dio Pilar Etxanizek, Antzuolako Landatxope elkarteko kide eta Debagoieneko Agijupens-eko idazkariak. Erretiratu gehien batzen dituen kolektiboa izanik ere, Agijupens ez da pentsiodunen aldarrikapenen alde lanean dagoen bakarra. Beste batzuen artean, Duintasuna eta Oneka –emakumeena– elkarteak ere badabiltza borrokan.

Mugimendu zabala

Kontuan izanda "pentsioen aldeko borrokak azkenaldian hartu duen garrantzia" eta zabalak direla jubilatu eta pentsiodunen mugimenduaren baitan agertu diren informazio eta iritziak, "ez beti bat datozenak", Agijupens-ek bere iritzia eman gura izan du. "Asko eta askotarikoak gara, gauza ugari partekatzen dugu eta, baina pentsatzeko, errealitatea aztertzeko eta soluzioak proposatzeko era ezberdinak ditugu". Nolanahi ere, gaurko eta etorkizuneko pentsioen defentsan bat egiten dugu".

Hausnarketa egin dute eskualdean dauden pentsiodun eta erretiratuen elkarteek

Atzera begira, "nahikoa ez bada ere", lortutakoaren balorazio positiboa egiten du Agijupens-ek: "Mobilizazioei esker, lortu dugu gaia alderdi politikoen agendan eta haien diskurtsoetan presente egotea. %0,25eko igoera bertan behera geratu eta bi urtez KPIaren araberako pentsioen igoera lortu zen, pentsio txikienena hobetuz. Sostengarritasun faktorea 2013ra arte atzeratzea ere bai". Pilar Etxanizek uste du agintari politikoek ez zutela espero "horrelako mobilizazio bat hasiko zenik, ezta denboran mantenduko zenik ere". Bestetik, nabarmendu du lorpenen artean, aurretik elkarretaratzeetan eta manifestazioetan egon ohi ez diren erretiratuen jarrera aktiboa eta haien "eskubideekiko kontzientzia" hartzea. Etxanizek dio denendako esperientzia ona izaten ari dela eta azpimarratu ditu emakumeak: "Askorendako lehen aldia izan da pankartan jartzen, Donostiako manifestazioetan parte hartzen…".

1.080 euro, "progresiboki"

Agijupens-ek batzen dituen tokian tokiko 11 elkarteek adostu dituzten aldarrikapen nagusiak ondorengoak dira: pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea eta legez bermatzea; sontengarritasun eta birbalorazio faktoreak ukatzea; pentsio txikienak gehien igotzea, eta erritmo onean, eta 1.080 euroko gutxiengo pentsioa progresiboki lortzea, kopuru hori modu hertsian planteatu gabe. "Pentsioa, gure ustez, kotizatu den denbora eta kopuruarekin lotu behar da, baita gutxiengo soldatarekin ere", diote.

Mobilizazioak "beharrezkoak" direla iritzita, parte hartzera gonbidatu dituzte bazkideak

Horretaz gain, diote Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak (RGI) bazterketa sozial arriskuan dagoen orori laguntzeko balio behar duela, izan langilea, enplegu gabekoa, erretiratua… eta pentsioa ez dela gauza bera. Alarguntasunari dagokionez, diote askotariko iritziak dituztela nork eta zenbat kobratu behar lukeen kontuan izanda. Hala ere, "aho batez" onartu dute pentsioa nahikoa ez bada Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta berehalakoa izan behar dela. Era berean, Debagoieneko Agijupens-ek uste du "40 urteko kotizazioa nahikoa" dela, aurretiko erretiroa deskontu gabe jasotzeko. Eta gutxiengo kontribuzio-pentsioa gutxiengo soldataren parekoa izan behar lukeela, "gutxienez kotizazio-urte eta kopurua" betez gero. Bestetik, adostu dute pentsio "sistema publikoa nahikoa" izan behar dela "sistema pribatua erabili behar ez izateko". Honekin lotuta, inbertsio-plan pribatuen desgrabazioa ez dute onartzen eta uste dute diru-sarrerei "behin bakarrik" aplikatu behar zaiela PFEZ.

Mobilizazioetan parte hartu

1.200 euroko –edo beste kopururen bat izanda ere– gutxiengo soldataren aldarrikapena "lan munduari" dagokiola diote, "sindikatuei". Onartzen dute kopuruak eragina duela gutxiengo pentsioan, baina, pentsiodunen mugimenduaren parte direnez, "aldarrikapen hau eta azaldu daitezkeen beste hainbat ere", ez dituzte lehentasunen artean, baina diote: "Ez dugu esan nahi ezin ditugunik bultzatu".

Bat egiten dute mobilizazioekin, helburuak ez direlako lortu eta "beharrezkoak" direlako, nahiz eta Debagoieneko erretiratuen elkarteko "zuzendaritza batzorderen batek" ez duen "kaleko manifestazioa berea egiten". Eta kontuan hartzeko puntu batzuk zehaztu dituzte: "Leloak eta manifestazio buruetako pankartak unitarioak izatea, eta konpartitzen ditugun edo orokorrak diren aldarrikapenenekin". Horregatik, elkarteetako kideak animatu dituzte mobilizazioetan parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak