URTEKARIA

Arrakastaz, nazioartekoen aho eta begietan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urt. 6a, 13:03

Agur eta ongietorri entzutetsuak izan dira musika arloan; euskal zinemagintzak konplexuak hautsi ditu ekoizpen berritzaileekin eta sariak lortuta; idazle berriak agertu dira eta aitortza jaso dute eskarmentua dutenek.

Berri Txarrak taldea erretiratu egin da, 25 urteko ibilbide oparo eta eredugarria eginda

Berri Txarrak taldeak orain dela urtebete iragarri zuen 2019an erretiratzekoak zirela. Agur esan aurretik, baina, ezaugarri eta tamaina askotariko hamaika kontzertu egin dituzte. "Urte luzea izan da Lekunberrikoentzako eta euren milaka zaleentzako; Iruñeko Nafarroa Arenako bi gau erraldoiez gain, Kobetamendin eta euskal diasporako toki askotan egin dituzte emanaldi gogoangarri eta hunkigarriak", azaldu du Iker Barandiaran musika adituak.

Garai bateko kantuak zuzenean

Sorpresa izan da, berriz, 80ko hamarkadako musikariak orduko kantuak abesten zuzenean berriz entzutea. Evaristo Paramosek gidatzen duen La Polla taldeak BECeko aretoa lepo bete zuen, bi egunetan, 34.000 zale batuta; Espainiako kontzertuetan ere sarrerak agortu dituzte, eta hastear duten Hego Ameriketako biran ere bide beretik doaz. "La Polla taldearen itzulera eta horiekin batera El Drogas-ek egindako Barricada taldearen gogorapena hunkigarriak izan dira. Eta baita Hertzainak izan zena omenduz Garik eta Josu Zabalak prestatutakoa ere. Talde horiek miresten dutenek errepikatu egin nahi izan dute aspaldi bizi izandakoa, eta gazteagoek hainbatetan entzundako esperientzia azalean bizi. Gauza antzerakoa gertatu zen, baina modu apalago eta familiarrean, irailaren 5ean hil zen Iñigo Muguruza zena omentzeko egindako jaialdi piratan, eta geroago Bilboko Kafe Antzokian egin zutenekoan. Atzera begira bizi gara hala-beharrez edo. Itzela izan da izan duten harrera. Nazioartera begiratuta, aipatzekoak dira Faith No More, Rage Against The Machine eta The Who-ren itzulerak ere", dio Barandiaranek.

Estilo nahasketa eskualdean

Eskualdera etorrita, disko asko atera dituzte aurten: Ruper Ordorikak hogeita bat ditu dagoeneko; urteetako ibilbidea duten Iker Martinezek eta Serge-k bakarkako lan berria, Arkada Social-ek zazpigarrena... Bergarako Brigade Loco taldeak aurten goia jo duela dio Barandiaranek: "Oraindik ere indarra du punk-oi! estiloak, eta, horren erakusle, talde gaztearen arrakasta. Hala ere, izan dira beste hainbat bitxikeria ere, adibidez, Arrasateko Assata taldea. Shot estudioan grabatu dute, eta poztekoa da; izan ere, urtea estudioaren aldeko IShotU elkartasun jaialdiarekin hasi genuen eta urtean bertan zabaldu ditu berriz ere ateak".

Arrasateko Goikobalu eta Oñatiko Ganbara abesbatzak, 30 eta 25 urte kantuan

Debagoienean beste esparru batera begiratuta, Arrasateko Goikobalu eta Oñatiko Ganbara abesbatzek 30 eta 25 urte bete dituzte. Eta Bergaran gogoratzekoa da Musika Bandan izan den aldaketa: 32 urtean zuzendari izan den Alfredo Gonzalez Chirlaquek Enrike Txurrukari eman dio lekukoa.

Euskal zineak, "konplexurik ez"

La trinchera infinita Donostia Zinemalditik indartuta atera zen, sei sari eskuratuta; horien artean, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren saria eta euskal ekoizpenen Irizar saria. Urriaren 31n estreinatu zuten aretoetan, eta dagoeneko 200.000 ikusletik gora izan ditu; eta goxo bukatuko dute urtea, Goya sarietarako hamabost izendapen jasota onenen zerrendan dago", dio Aitor Abaroa zine adituak, eta zera gaineratu du: "Moriartikoek proiektu honekin konfirmatzen digute euskal ekoiztetxe, zinegile eta zineko profesionalek badutela talentua eta gaitasuna industria indartsuekin lehiatzeko". Imanol Gallego zine-kazetariak ere Moriartikoen ibilbide oparoan beste pauso bat dela dio: "Itzela da, baina Handia-k lortutako hamarrak berdintzea ezinezkoa dela uste dut, Mientras dure la guerra eta Dolor y gloria oso indartsu baitaude".

Moriartikoez gain, euskal zinegile gehiagok jaso dute nazioartean aitortza eta saria

Zinemazale biak bat datoz: "Euskal zinemagintzak konplexuak apurtu ditu". Eta biek goraipatu dituzte Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren El hoyo eta Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren. "Genero eta ekoizpen berriak lantzen hasi dira hemen, eta argi dago talentua sobera dagoela", dio Gallegok; eta zera Abaroak: "Gaztelu-Urrutiak eta Morenok Goya sarietako zuzendari berri onenaren izendapena jaso dute. Bestetik, Alice Waddington bilbotarraren Paradise Hill ere aipatuko nuke; ez da hain laudatua izan, baina aktore oso ezagunak izan ditu bere esanetara, eta Netflix-entzat Scarlet filma egiteko eskaintza jaso du orain".

Iban Del Campo arrasatearra ere goraipatu dute. "Jarraitu beharrekoa da; orain arte, bigarren lerroan egon da. Bere unibertsoa gainontzeko euskal zinemagileengandik urrun dago. Ziur nago Glittering Misfits lanak hegoak emango dizkiola", dio Gallegok. "Poztekoa da benetan Del Campo bezalako egileek euren lanak aurrera ateratzea. Film laburren, esperimentalen eta dokumentalen alorrean hutsune handia dugu; ez dago publiko zabalago batengana eramateko aukera handirik".

Euskal zinema eta websailak

Euskarazko zinegintzarentzako albiste ona Agur, Etxebeste! filmak dakarrela dio Abaroak: "Hollywooden oso ohikoak diren bigarren parteek industriaren datu garrantzitsuak erakusten dituzte; hau da, ekoiztetxe batek bigarrena egitea erabakitzen duenean, gehienetan adierazten digu argi samar ikusten dutela irabaziak izan ahal dituela. Publiko fidela duen adierazle da hori. Bestetik, telesailen loraldi edo masifikazio aro honetan, websailen fenomenoa euskarara iritsi izana oso albiste pozgarria da. Gutxienez, hiru proiektu oso interesgarri plazaratu dira: Ixa (Gaztezulo-Goiena); Maddi Castrok zuzendu duen Pikuak; eta Uemarentzako Hiru Damatxo ideia faktoriak egin duen Kartzela". Koldo Serrak azken telesaila telefonoekin grabatu duela aipatu du Gallegok: "Argi dago hizkuntza eta aurrekontua baino gehiago talentua dela artearen muga bakarra".

Idatzitakoengatik, aitortza

Idazle beteranoek sariak jaso dituzte: Bernardo Atxagak, Espainiako Letren Sari Nazionala; Xabier Amurizak, Manuel Lekuona saria; eta Abbadia, Arantxa Urretabizkaiak. "Euskal letretan kontsakratuena den Atxagari hemendik kanpo leku hori berretsiko dio. Baina, sariez gain, uste dut gauza interesgarriak ari direla gertatzen; ekimen bat aipatuta, Azpeitiko Dinamoa Sormen Guneak abiatu duen Hitzaren Eskola", dio Berria-ko Itziar Ugarte kazetariak.

Liburu berri asko izan dira aurten. "Adibidez, poesian, Iñigo Astizen Analfabetoa eta Jon Gerediagaren Urtaroak eta zeinua; narratiban, Irati Elorrietaren Neguko argiak, Atxagaren Etxeak eta hilobiak, Karmele Jaioren Aitaren etxea eta Unai Elorriagaren Iturria", dio Ugartek. Debagoienean ere, bereziki eleberrietan, uzta ona izan da. Besteak beste, John Anduezak El último fotograma eta Magali ez dago bakarrik idatzi ditu eta Eneko Barberenak Afrikanerrak, lehenengoa genero horretan.

Gipuzkoako Bertso Txapelketa

Beñat Gaztelumendik irabazi zuen Donostia Arenan jokatu zuten finala, eta aitak jarri zion txapela. "Parte hartzaileen kopurua eta maila azpimarratuko nituzke, eta, bereziki, emakumeena. Txapelketa ez da parekidea izan, baina lau emakume finalean, eta eskualdeko ordezkariak ere hiru emakume", dio Jon Altuna kazetari bergararrak. Txapelketa nagusiez harago, herrietan egiten dituzten bertso ekimenak goraipatu ditu Bergarakoak: "Nire herrian, aurten 15 bertsolarik hartu dugu parte herriko txapelketan. Giro bikaina egon da kanporaketetan, eta ederra izango da gaur [hilak 27] jokatu dugun finala".

Erakusteko zailtasunak

Antzerkian ekimen asko sortu dira ibarrean; adibidez, Oñatiko Bridges, Nazioarteko Antzerki Topaketa, Bergarako Jardun euskara elkartetik jaiotako Kokoxa taldea eta Oñatiko Irazanekoen Xup! kimu berria. Mireia Gabilondo aktoreak urte lanpetua izan du: "Oso lan ezberdinak egin ditut, eta pozik nago, baina oso gogorra da bizirik irauteko proiektu askorekin ibili beharra. Denbora gutxi egiten dute obrek aretoetan eta horrek etengabe estreinaldiak eskaintzera bultzatzen gaitu, hori da-eta programatzaile gehienen eskaera". Hain justu, Gabilondok zuzendutako iazko Erlauntza eta Ander Lipusen taldearen Zaldi Urdina goraipatu ditu Altunak: "Ederrak dira, ahalegin handia egin dute; euskarazko superprodukzioak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak