Dezelerazioa da 2019an ekonomiak utzi duen goiburu nagusia. Nazioarteko Mundu Funtsaren eta Mundu Bankuaren arabera, urduritasun geopolitiko eta merkataritzarenak eragindako dezelerazio –ez krisi– global batean sartuta gaude. Eragile batzuek beste bi arazo egiturazko gehitzen dizkiete aurrekoei: digitalizazioa eta klima aldaketa. Horien guztien eraginez, munduko ekonomia aurreko urteetan baino motelago haziko da, eta, okerrena dena, hainbat lurraldetan politika ekonomiko eraginkorrak pizteko ahalmena oso murriztua izango da, gehienbat, iristen ari diren zorpetze maila handia dela eta.
BPGk, bilakaera positiboa
Dena den, eta dezelerazioa izan arren, ez da atzeraldirik gertatu Euskal Herriaren kasuan, eta, oraindik ere, bai Euskal Autonomia Erkidegoak eta bai Nafarroak ere ekonomiaren bilakaera positiboa dutela esan daiteke. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak –Barne Produktu Gordina– %2,1 egin du gora 2019ko azken hiruhilekoan, uztailean aurreikusitakoa baino hamarren batzuk gutxiago. Nafarroari dagokionez, hazkundea %2,5ekoa izan da. Ekai Group-eko Errukane Aperribairen hitzetan, "ekonomiaren bilakaeraren aldaketak ez dira aldi berean gauzatzen lurralde guztietan". Hala ere, haren ustez, nazioarteko egoerak okertzen jarraitzen badu, euskal ekonomia ere sufritzen hasiko da.
Eta zeri zor diogu BPGren hazkunde hori? Batez ere, eraikuntzaren eta zerbitzuen sektorearen hazkuntzari. "Eraikuntza eta zerbitzuak dira, batez ere, hazten ari diren sektoreak. Alegia, Euskal Herriko barne ekonomiarekin lotuta dauden esparruak. Gure hiritarrek jarraitzen dute kontsumitzen, eta, konfiantza galtzen ez duten bitartean, indartsu jarraituko dute sektore horiek", azpimarratu du Ekai Group-eko Errukane Aperribaik.
Aukera asko daude datorren urtea finantza leherketaren urtea izateko
Enplegua, hazkunde-bidean
Egoera honetan, Euskal Herriko ekonomiaren hazkundea positiboa izan dela esan dugu, %2,1eko hazkundearekin. Nafarroan are hobeak izan dira datuak, %2,5eraino iritsi baita epe berean. Datu hauek garrantzitsuak dira, oraintsu arte uste baitzen %2tik behera ez zela enplegurik sortzen, baina lan merkatuan txertatutako malgutasunak eta munduko ekonomiaren paradigma berriak, digitalizazioa barne, zalantzan jarri dute muga hori. Gurean balekoa dela esan genezake, bai EAEn, bai Nafarroan lan-tasak gutxitzeaz bat enplegua sortzea lortu delako. EAEn 2019ko azken hiruhileko datuak 2018ko amaierakoekin alderatuz gero 20.000 okupatu gehiago daude eta langabezia tasa %9,2an dago. Nafarroan, berriz, %8,19koa da langabezia tasa eta 5.600 gehiago dira okupatuak. Langabeak, berriz, 2018aren amaieran baino 5.700 gutxiago.
Enpresagintza Fakultateko Lander Belokiren ustez, "lan merkatuko emaitzak onak dira lanpostuei dagokienez eta BPG %2 inguru horretan dabilen bitartean horrela izango da". Hala ere, KPI baxua izaten ari da eta Europako Banku Zentrala esku artean dituen tresna guztiak erabiliz ahalegin handiak egiten ari da ekonomia suspertzeko neurriak hartuz. Ekai Group-eko Errukane Aperribaik azaldu duenez, "hemen lasai gaude nazioarteko teknologia indartsu mantentzen den bitartean, baina, tamalez, aukera asko daude datorren urtea finantza leherketaren urtea izateko. Hori gertatzen bada, 2008tik 2012ra arte bizi izan genuen egoera berriro bizitzeko aukera guztiak ditugu". Aperribairen ustez, Euskal Herria ez dago prestatua egoera horri aurre egiteko; izan ere, "ez ditu une onak aprobetxatu etor daitekeen finantza krisi berriari aurre egiteko. Ez finantza egituren aldetik, ez aurrerapen teknologikoen aldetik ere".
Debagoiena, indartsu
Puntu honetan, Debagoiena litzateke salbuespena, Aperribairen ustetan: "Kooperatibak asko egiten ari dira epe luzera guretzat funtsezkoa den erronka teknologikoari aurre egiteko. Oro har, Euskal Herrian geroz eta motelago dabil inbertsio produktiboa, eta teknologikoa eta kooperatibak benetako salbuespena izaten ari dira arlo horretan. Gainera, Debagoienari dagokionez, urtearen gaineko zein irakurketa egingo luketen galdetuta, Beloki eta Aperribai bat datoz erantzunean: "Kooperatiben bilakaera gainerako euskal enpresen bilakaeraren nahiko parekoa da; gainera, kooperatibek euren proiektuak indartzeko pauso garrantzitsuak eman dituzte".
Soldatak eta arrakala
Bestetik, 2019ak ekarri duen datu esanguratsu bat lanbide arteko gutxieneko soldata berrikustearena izan da, %22,3 igo baita. Enplegu suntsitzailea izan behar zuela esaten zutenen aurrean badirudi ez duela horrelako eraginik izan, Espainian ere langabezia tasa jaitsi egin baita, nahiz eta ez izan gurean besteko proportzioan. Urriko datuen arabera, %14,2koa zen batez bestekoa. Puntu honetan, emakumeen eta gizonezkoen arteko arrakalari dagokionez, Mondragon Unibertsitateko Lander Belokik uste du arazo bati aurre egiteko lehenengo egitekoa arazoa azaleratzea dela. "Horretan pausoak eman dira, baina ez da nahikoa, noski. Neurri gehiago hartu behar dira, maila guztietan: legedian, esparru pribatuan, gizartea kontzientziatzen, lana eta familia uztartzeko erraztasunetan... Lan horren emaitzak epe ertain-luzera ikusiko dira".
Hazkunde txikiena, nazioartean
Nazioartera eginda, hazkunde tasa %3 inguruan kokatzen du Nazioarteko Mundu Funtsak bere azken txostenean, 2008- 2009tik izan den txikiena. Gure ingurunera etorrita, eta OCDEren aurreikuspenei erreparatuz gero, atzeraldia nabarmenagoa izango da herrialde ekonomikoki indartsuenetan, hala nola Alemanian %0,5, Erresuma Batuan %1 eta Italian %0. Txinan, aldiz, beherako joeran izan arren, %6,1eko hazkundea aurreikusten dute.
'Brexit'-ak gure ekonomian aurten izan duen eragina hutsala da, baina handia izan daiteke
Ziurgabetasuna Gainera, ziurgabetasuna eta urduritasuna handia da AEBetan bereziki eta hango presidente Trump hartzen ari den aldebakarreko erabaki komertzial babesleekin eta erantzun bezala beste lurralde batzuek hartzen dituztenekin. "Ziurgabetasun handia dago ekonomian eta merkatuetan. Txinaren, AEBen eta Europar Batasunaren arteko gerra komertzialak alarma guztiak piztu zituen, baina badirudi baretu egin dela eta datorren urtera begira ez duela eragin hain negatiboa izango", dio Belokik. Europan bada ziurgabetasun foku gehigarri bat, eta Euskal Herrian bereziki, Bretainia Handiarekin dituen harreman komertzialengatik; adostasunik gabeko brexit-az ari gara. Aurten izan duen eragina hutsala izan dela esan genezake, baina "eragin handia izan dezake epe laburrera", Lander Belokiren ustez. Izan ere, kontuan hartu behar da "EAEko esportazioen %7 doala Erresuma Batura; batez ere, industria sektoreari dagokiona. Irteera baldintzak zorrotzak badira, azkenean, kalte handia egin dakioke brexit-ak euskal ekonomiari". Bestetik, krisiari aurre egiteko mendebaldearen azken estrategiaren porrota ere nabarmentzekoa da, Ekai Group-eko Errukane Aperribairen ustez: "Horren ondorioz, finantza burbuilaren gurpil zoroan sartu gara berriro. Aldaketa politiko bat etorri arte ezinezkoa izango da Mendebaldeak behar dituen egiturazko aldaketak gauzatzea".
Gertakari positibo bat azpimarratzekotan, Enpresagintza Fakultateko Lander Belokik klima aldaketaren inguruan nazioartean sortu den kontzientziazioa nabarmendu du.
Atzerriko kapitala, gurera
Bestetik, atzerriko kapitala euskal enpresa estrategikoak hartzen ari da. Lehenengo, Gamesa hartu zuen Siemensek; eta orain, Zegona funtsa bilakatu da Euskalteleko bazkide nagusi. Horrek adierazten du, batetik, euskal enpresak interesgarri direla atzerriko kapitalarentzat, eta "hori bera berri ona da". Halere, Belokiren esanetan, "posizio hartze hauek arriskuak ere badituzte, erabakiguneak atzerrira joan daitezkeelako". Ekonomia globalean murgilduta gauden honetan, "Euskal Herriak eduki dezakeen babesa enpresen jarduerarako lurralde erakargarria izaten jarraitzea da". Horretarako, ezinbestekoa da enpresen jarduera sustatzeko eta babesteko politika publiko aktiboak edukitzea eta, bestetik, ezagutza eta berrikuntza maila handiko langileak izatea.