URTEKARIA

2019. urtea, hauteskundeen zurrunbiloan

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko urt. 4a, 09:58

Udal, Foru Aldundi, Espainiako Gorte eta Europako Parlamentua kontuan hartuta, debagoiendar bakoitzak zazpi boto ezberdin emateko aukera izan du 2019an. Gainera, klima aldaketa eta kale-protestak ere erdigunean izan dira.

Hauteskundeak izan dira 2019ko protagonista nagusiak. Izan ere, Debagoieneko herritarrak hiru alditan joan dira botoa ematera. Guztira, zazpi boto emateko aukera izan dute herritarrek: Espainiako Kongresu eta Senaturako, bi alditan, Europako Parlamenturako, Gipuzkoako Foru Aldundirako eta udaletarako.

Gipuzkoako Foru Aldundian ez da aldaketa handirik izan, eta Markel Olanok jarraitzen du diputatu nagusi, EAJk boto gehien eskuratu ostean.

Debagoienean gertatu dira aldaketak. Aipagarriena Bergaran izan da, EH Bilduk gehiengoa eskuratu zuelako eta orain Gorka Artola delako alkatea. Oñatin Mikel Biainen lekukoa Izaro Elortzak (EH Bildu) hartu du, eta beste herrietan ez da aldaketarik izan, indar bozkatuenek eta alkateek aurreko agintaldikoak izaten jarraitzen dutelako.

Leintz Gatzagan izan da bitxikeria. Maiatzeko hauteskundeetara ez zen zerrendarik aurkeztu, eta azarora atzeratu zituzten. Eugenio Otsoak hartu du Juanito Bengoaren testigua.

Espainiako hauteskundeak

Apirilaren 28an, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak egin ziren eta PSOE nagusitu zen, 123 parlamentari lortuta. Gainera, Vox alderdi ultraeskuindarra 24 eserlekurekin estreinatu zen Kongresuan. Hala ere, sozialistek ez zuten Podemosekin akordiorik lortu eta beste hauteskunde batzuk deitu zituzten. Azaroaren 10ean, PSOE gailendu zen berriro, 120 eserlekurekin, baina Voxek eta PPk gorakada nabarmena izan zuten. Santiago Abascalen eskuin muturreko alderdiak 52 parlamentari ditu gaur egun. Euskal alderdiei dagokienez, EAJk 6 ordezkari eta EH Bilduk 5 eskuratu zituzten azken hauteskundeetan.

48 ordu ere ez zuten itxaron PSOEk eta Podemosek azken hauteskundeen ostean akordioa sinatzeko. Hala ere, bien arteko batura ez da nahikoa eta Kataluniako eta Euskal Herriko alderdiek zer esana izango dute inbestidura lortzeko.

Iñaki Galdos oñatiarrak dio hauteskundeen urtea izan dela: "Zerbait izatekotan, hauteskunde urtea izan da gurean. Baina urtea bukatzear, oraindik ez dakigu zein den hauteskunde gehienen azken fruitua. Espainiako presidentea aukeratu ezinik dabiltza oraindik. Hauteskundeak berriz deituta oztoporik gabeko bidea ikusten zuena ikaraz dago orain, ausarkeriaz egindako urratsagatik, damututa ziurrenik. Europarretan ere baldar jokatu dutela jabetuko dira batzuk, agian, Kataluniako independentistak euren aulkietan ikusteaz gain, Europako auzitegiak jipoia eman ondoren gerta daitekeelako hori. Zigor bikoitza, beraz. Nafarroan bai, osatu da gobernua, baina ikustear dago zer emango duen agintaldiak. Bada maiatzekoa jipoi handitzat hartu zuenik, baina baita gerora begira aukera izan daitekeela dioenik ere. Erkidegoko lurraldeetan dena lasai ordea. Herri batzuetan izandako aldaketak salbu, gauzak antzera. Ez dirudi datorren urterakoetara begira panorama askorik aldatuko denik. Barealdiak beharrezkoak izaten dira sarri… neurri batean".

Klima aldaketa, erdigunean

Ikasleak, Greta Thunberg norvegiarra buru dutela, kalera irten dira 2019an, klima aldaketaren arazoaren aurrean oihu egiteko. Udan, gainera, Amazonas oihanean izan ziren suteek arazoa hedabideetako lehen lerrora ekarri zuten.

Klima aldaketaren arazoa erdigunera etorri da Greta Thunberg gaztearen eskutik

Horixe bera azpimarratu du Elena Laka abokatuak 2019ko gertakari gisa: "Klima aldaketaren arazoaren gaineko jabekuntza aipatuko nuke. Ez da 2019a arazoa sortu deneko urtea, baina bai, maila globalean, gobernu, erakunde pribatu eta norbanakoen mailan guztiok arazoak jabetu garen urtea. Greta Thunberg nerabea, bere argilunekin, ezagutu dugun urtea izan da, eta berarekin mundu osoan milaka gaztek ingurumenaz arduratzeko exijitu duten urtea. Mugimendu honek sortutako jabekuntzak inflexio puntu bat ezarri du; ez du arazoa konponduko, baina inor gehiagok ezingo dio izkin egin. Hurrengo urteetan politika guztietan nabarmenki –behintzat, nominalki bada ere– txertatuko den lerroa izango da. 2019. urteaz geroztik, guztiok sentituko gara interpelatuak klima aldaketaren inguruan, eta inork ezingo du esan erantzukizunik ez duenik".

Gainera, klima aldaketarekin eta gizarte eraldaketarekin lotura zuzena duen D-2030 ekimena ere ipini dute martxan aurten. Debagoieneko erronkei lankidetzatik erantzuteko proiektua da hori. 2020ra begira, ekimenaren helburua da erronka horiei erantzungo dieten proiektuak martxan jartzen hastea.

Ezberdintasunak gizartean gora

Elena Lakak aipatu du, gainera, "2019ko joera" izan dela "pertsonen arteko desberdintasunak handitzea. Joera moduan, eta aurrera doana da, gure gizartearen barruko desberdintasuna. Ezin esan, zoritxarrez, gailurra jo duela, zeren datorren urtean ere gertatuko da gero eta langile gehiago direla pobreak, ezin dituztela, nahiz eta lan egin, bizitzeko gutxieneko baldintzak eskuratu euren soldatatik, eta gero eta jende gehiago dagoela baztertze arriskuan".

Hego Amerika, aztoratuta Gobernuen aurkako aldarrietan herritarrek –eta herri indigenak, batez ere– kaleak bete dituzte. Hala gertatu zen Perun, Kolonbian, Brasilen eta Ekuadorren, eta hainbat herrialdetan gobernuek erreformetan atzerapausoa ematea lortu zuten protesten bidez. Txilen, bestalde, gobernuaren eta Pinera presidentearen aurkako protestekin bete dira kaleak, eta manifestazioen ondorioz dozenaka hildako izan dira. 

Gainera, Bolivian, Evo Morales presidentearen aurkako estatu kolpea eman dute indar kontserbadoreek militarren babesarekin, herrialdea egoera ezegonkorrean lagata.

Francoren gorpua

Zalaparta galanta sortu zuen diktadorearen gorpuaren lekualdatzeak. Hilabeteak gorpuarekin zer egin, nora eraman eta zer-nolako zeremonia egin erabakitzen egon ostean, jarduneko Gobernuak Erorien Haranetik atera eta Mingorrubioko hilerrira eramatea erabaki zuen urrian. Leku-aldatzeak haserrea eragin zuen gizarteko hainbat sektoretan, haien esanetan "ohoreekin" eta "estatuko hileta gisa" egin zutelako eta diktadoreari "gorespena" egin zitzaiolako.

Emakumeak Alardean

Antzuolako Mairuaren Alardeak lehen emakume kapitaina izan du aurten. Izan ere, Edurne Iturbek Jose Angel Arbulu ordezkatu du Alardeko kapitain lanetan. Lehen aldiz, Alardeko partaide garrantzitsuenetako bat emakumezkoa izan da 2019an.

Debagoienetik Afrikara

Bi proiektu solidario gertutik ezagutzeko aukera izan zuten udan hainbat debagoiendarrek. Ndank Ndank Bergarako elkartearen eskutik Senegalgo Dionewar-en izan ziren berrogei debagoiendar inguru. Gainera, Mundukidek Mozambiken dituen proiektuak ezagutzeko aukera izan zuten Debagoienetik abiatu ziren hainbat kidek. Aipatu behar da, gainera, Mundukidek 20 urte bete dituela 2019 honetan.

Rikardo Arregi Saria

Ttap aldizkari digitalak irabazi du Rikardo Arregi Komunikazio Saria. Goienak beste tokiko hedabide batzuekin batera sorturiko aldizkaria aukeratu zuen epaimahaiak. Kazetaritza saria, bestalde, Kanaldudek irabazi zuen Hurbiletik saioagatik.

Apaiz aldaketa bailaran

Horazio Argaratek Arrasateko parroko izateari utzi eta Oñatiko parroko izendatu dute. Joxean Larrañagak –aurreko Oñatiko parrokoa– erretiroa eskatu zuen gaixotasunagatik, eta apaiz aldaketak zalaparta sortu zuen, Arrasateko kristau komunitateak Argaratek jarraitzea nahi zuelako.

'Humanity at music'

Musika, dantza eta sorkuntza literarioa esperientzia kooperatiboarekin uztartu zituen Mondragon Taldeak "sinfonia kooperatibo batean". Herririk herri emanaldiak egin ostean, Buesa Arenan egin zen ekitaldi erraldoia izan zen azken emaitza. Ekitaldian 1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak