URTEKARIA

Iazko lepo beretik dator aurtengoa ere

Xabier Urtzelai 2020ko urt. 3a, 08:50

2018an Maialen Axpe, Kipchoge eta Jon Rham nabarmendu zituzten EITBko kazetari Haritz Gallastegik eta Anartz Agirrek. 2019ko urtekarirako, Rafa Mungia batu da errepasoko lana egitera, baina protagonistak ez dira horrenbeste aldatu.

2018an nabarmendutako hiru kirolari horiek aurten albiste izaten jarraitu dute, bakoitza bere mailan. Hala, 2019ko kirol errepasoa egiteko, GOIENAk EITB taldeko Anartz Agirre, Haritz Gallastegi eta Rafa Mungia kazetariak izan ditu bidelagun, eta, Debagoieneko kirolariak nabarmentzerako orduan aukeraketa zabalagoa izan bada ere, fokua Euskal Herrira eta nazioartera zabaldutakoan bat egin dute hirurek.

Arrasate Dragoi, Axpe, Aristi...

Debagoien mailan aukeraketak askorako eman du. Hala, Realaren partiduak Euskadi Irratian kontatzen dituen Rafa Mungia arrasatearra hasi da: "Arrasate Dragoi Gimnasia Taldekoak nabarmenduko nituzke, eta, bereziki, gimnasia aerobikoa egiten dutenak. Aurten ere dominak ekarri dituzte Espainiako Txapelketatik, bai bakarka eta baita taldekako lanean ere. Gainera, baliteke aurki atzerrira lehiatzera joateko gonbidapena jasotzea; horrenbestez, sekulako meritua dute".

Euskal Telebistako kazetari Anartz Agirrek, berriz, goi mailako kirolari agur esan dioten bi debagoiendar izan ditu gogoan: "Markel Irizar eta Aitor Mendizabal nabarmendu nahi ditut. Gainera, esango nuke biek profil antzerakoa dutela. Akaso, euren ibilbide profesionalean ez dituzte garaipen mordoa batu, baina zaleen maitasuna eta errespetua irabazi dituzte, zaleek estiman dituzte, eta horrek, askotan, txapel batek baino balio handiagoa izaten du".

Eta hori esatearekin batera, bergararra mendira begira jarri da: "Oihana Kortazarren itzulera nabarmenduko nuke. Bi urte lesionatuta egon eta gero gutxik uste zuten garai bateko mailara bueltatuko zenik, eta Euskal Herri inguruko hamaika lasterketa irabaztearekin batera benetako lorpena Zegama-Aizkorrin euskal emakume onena izatea izan da. Mundu mailako lasterkari onenekin batera lehiatu da eta bosgarren sailkatu da; hor erakutsi du ze maila duen oraindik ere".

Eta, noski, ezin 2020an Olinpiar Jokoetan, Tokion, egoteko aukera duten debagoiendarrak alde batera utzi: "Mikel Linazisoro eta Maialen Axpe hor daude aurten ere". Eta, hain zuzen, Axperen urtea azpimarratu du Euskadi Irratian Athleticeko partiduetan esatari lanetan jarduten duen Haritz Gallastegik: "Amets egiten jarraitzeko aukera ematen dion urtea egin du arrasatearrak. Uste dut bere kirol ibilbidean azken urtean aurrerapausoa eman duela; handia, gainera". Izan ere, Espainiako Txapelketa irabaztearekin batera, pertikarekin 4,50 metrotako saltoa eginda Axpe Glasgown lehiatu da 2019an.

Linazisorok, berriz, Espainiako Txapelketa irabazi du overall kategorian, eta gazte mailan hirugarren izan da Europakoan; baina, Tokiora sailkatzeko lehen aukerek ihes egin diote; apirilean izango du txartela lortzeko azken aukera erabakigarria.

Gertukoenak ahaztu barik

Ibarrekoen errepasoa egiterakoan, baina, Gallastegik etxekoetatik hasi gura izan du. Batetik, Anartz Agirrek aipatutako Oihana Kortazar nabarmendu du, eta, bestetik, futbol jokalari bat: "Gutxitan iritsiko da elgetar bat futbolean zilarrezko kategoriara, eta Iñaki Olaortua Santanderko Racing taldean dugu jokatzen. Iaz igo ziren mailaz, eta elgetarrak protagonismo handia izan zuen berdegunean, asko jokatu zuen eta. Orain, berriz, ez dabiltza momentu gozoa pasatzen, entrenatzailea aldatu dute eta ez dabil horrenbeste jokatzen".

Haritz Gallastegi: "Oihana Kortazar ondo errekuperatu da; aurrerapausoa eman du Axpek"

Eta Elgetatik Bergarara jaitsita, kuadrilla bereko bi lagun nabarmenduta: "Mikel Aristi Muriasko ziklista eta Beñat Rezusta Aspeko pilotaria, eta biak kuadrilla berekoak. Bada, nabarmentzeko moduko urtea egin dute biek. Batak bi lasterketa irabazi zituen abuztuan, Portugalgo Itzuliko etapa bat eta Limousingo Tourrean beste bat, eta horri esker profesionalismoan jarraitu ahal izango du Euskadi Fundazioaren barruan. Eta Rezustak, berriz, eskuz binakakoan txapela jantzi zuen Elezkanorekin batera".

Euskal Herrira saltoa

Bailaratik irtenda, Euskal Herri mailan Mungiak Realeko emakumezkoek egindako lorpena azpimarratu du: "Kirol lorpenaz haragoko eragina izan duelako eta gizartean oihartzun handia izan duelako. Esango nuke mugarria izan dela, eta etorkizunean berdintasunaren alde aurrerapauso handia. Emakumezkoen momentua iritsi da futbolera ere, eta olatu hau aprobetxatu beharra dago oinarrizkoak diren baldintzak lortzeko. Horrekin batera, uste dut komunikabideok oraindik asko dugula egiteko, baina guk ere eman ditugula aurrerapauso batzuk gai honen bueltan".

"Jon Rham gorenean dago"

Hala, Agirre eta Gallastegi bat datoz Realeko nesken Kopa garaipenak izan duen garrantziarekin. Eta, horrekin batera, biek errepikatu dute izen bera: Jon Rham. "Iaz ere aipatu genuen, baina kontua da aurten ere mundu mailako kirolari onenen artean ibili dela; ez diogu berak lortutakoari merezi duen errekonozimendurik ematen. Akaso,izango da golfa ez dugulako horrenbeste jarraitzen... Batek daki, baina mundu mailan hirugarren golf jokalari onena da orain momentuan, eta kirol hori nazioartean jende askok jarraitzen du. Pentsa, bost milioi euro irabazi berri ditu Dubain". Eta Gallastegik jarraitu du Barrikako kirolaria nabarmentzen: "Gurean oso gutxitan ikusiko dugun kirolari horietakoa da. Duela hiru urtetik da profesionala, eta ordutik ez dago munduan berak baino torneo gehiago irabazi dituenik, hamar irabazi ditu, guztira. Eta 25 urte baino ez ditu!".

Anartz Agirre: "Jon Rham mundu mailako golfean egiten dabilena izugarria da"

Horrekin batera, Agirrek beste kirolari batzuk ere gogoan izan ditu: "Batetik, hainbat piraguista nabarmenduko nituzke: Iñigo Peña, Ander Elosegi eta Maialen Chorraut. Hala, emakumezkoetan Euskal Herrian hainbat lagun ditugu lau Olinpiar Jokotan parte hartu dutenak: Almudena Cid gimnasta, Ainhoa Murua triatleta, Ainhoa Ibarra eskiatzailea, Maialen Chorraut piraguista... Baina gizonezkoetan ez dugu halakorik, eta Tokioko Jokoetarako sailkatuta, Ander Elosegi izango da lehenengoa. Kontua da Elosegiri Chorrauten itzalean egotea egokitu zaiola, baina sekulako kirolaria da".

Eta nazioartean zer?

Bada, hor ere iaz protagonista izandako hainbat kirolari nabarmendu dituzte aurten ere; esaterako, Simone Biles gimnasta: "Izan ere, estatubatuarrak Rioko Jokoetan izandako agerpenari Munduko Txapelketan lortutako urrezko dominekin eman die jarraipena. Lehenengoz irabazi ditu gimnasta batek bost Munduko Txapelketa, eta 2019ko Munduko Txapelketan bost domina irabazi ditu. Horrekin nahikoa ez, eta Vitali Sherbo ukrainarraren marka ondu du; guztira, 25 domina eskuratu ditu Munduko Txapelketan. Hala, emaitza horiekin Bales erreferente bilakatu da estatubatuarrendako, baina baita afroamerikarrendako ere", dio Mungiak.

Rafa Mungia: "Simone Biles erreferente da emakumezko askorendako"

Agirrek eta Gallastegik ere Biles azpimarratu dute, baina ezin da nazioarteko errepaso hau amaitu 2019an antolatu duten kirol ikuskizun handienean protagonista izan den Eliud Kipchoge aipatu barik: "Batzuek diote zapatila horiekin korrika egitea dopin teknologikoa dela, erbien laguntza izan duela, ez dela lasterketa ofiziala izan... Esan dezatela gura dutena, baina Kipchogek erakutsi du gizakia kapaz dela maratoian bi ordutik jaisteko, eta korrika apur bat egin duenak badaki zer den kilometroa 2.50era egitea –1.59.40 egin zuen hark–".

Kenyakoarekin batera beste izen propio batzuk ere azaleratu dituzte, bakoitzaren kirol meritua bestearen gainean jartzea ez da-eta batere erraza: "Lewis Hamilton 1 Formulan, Mark Markezek MotoGPn egin duena, Van der Poel, Evenepoel eta Egan Bernal ziklistak...". Ez lukete inoiz amaituko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak