Ia 3 milioi bisita izan ditu 'Goiena.eus'-ek 2019an

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urt. 3a, 09:41

Goiena.eus-ek goranzko joerari eutsi dio 2019an. 2018arekin alderatuta %21,23 igo da webguneak izan dituen bisita kopurua, guztira 2.860.000 saio izan ditu Goiena.eus-ek. Horretaz gain, 550.000 erabiltzailetik gora izan ditu urtean zehar eta 7.700.000 orrialde baino gehiago ikusi dituzte guztira irakurleek.

Erabiltzaileak gero eta fidelagoak

Milioi erditik gora erabiltzaile izan ditu 2019an Goiena.eus-ek; 2018arekin alderatuta %5 igo da datu hori. Bisita kopuruak ere %21 egin du gora, eta erabiltzaile bakoitzak egindako bisita kopurua ere %15,7 hazi da. Hau da, erabiltzaileek gero eta sarriago jotzen dute webgunera Debagoieneko albisteen berri izateko. Egunero 5.500-6.500 erabiltzaile inguru sartzen dira Goiena.eus-en; albiste esanguratsuak daudenean zifra asko hazten da.

Teknologiari dagokionez, mugikor bidezko trafikoak gora egiten jarraitzen du; 2018an %60 zen smartphone bidezko trafikoa, 2019an %67,3ra iritsi da. Ordenagailu zein tableta bidezko trafikoaren ehunekoak aldiz behera egin du, mugikorraren mesedetan.

Orrialde bisitatuenak

Ikusle gehien dituzten orrialdeetan ez da aldaketa handirik egon; hasierako orrialdea alde batera utzita, Oñati, Bergara, Arrasate, zorion agurrak eta eskelak dira bisita gehien izan dituzten bost orrialdeak. Gainera, herrietako orrialde guztiek egin dute nabarmen gora 2018arekin alderatuta: Oñati (%37,5), Bergara (%31), Arrasate (%34,5), Aretxabaleta (%31,9), Eskoriatza (%30,4), Antzuola (%33,1), Elgeta (%20), Aramaio (%29) eta Leintz Gatzaga (%36,1).

Orrialde bereziei dagokionez, Udal hauteskundeetako kanal berezia izan da bisita gehien jaso dituena eta bigarrena, 15. Udako argazkien lehiaketa.

Nabigatzailea gaztelaniaz

Google analytics-ek nabigatzaileei buruzko informazio ere eskaintzen du, datu horien artean besteak beste, hizkuntza zehazten da; hau da, Chrome, Firefox, Safari... nabigatzailea zein hizkuntzatan duten konfiguratuta erabiltzaileek. Datu horren arabera, soilik erabiltzaileen %6,64ak dauka euskaraz konfiguratutako nabigatzailea. Ehuneko txikia bada ere, kopuruak apur bat gora egin du 2018arekin alderatuta (%5,49). Gaztelania da nabigatzaileetan gailentzen den hizkuntza (%79,97) eta ingelesa (%11,35) euskararen gainetik dago.

Nabigatzailea zein mugikorra euskaraz konfiguratzeko informazio guztia hemen.

Erlazionatuak

2019ko albiste ikusienak 'Goiena.eus'-en

Itziar Larrañaga Sarasola 2019 abe 30 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak