Ekonomia %1,9 igoko da 2020an, Confebask-en arabera

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko abe. 28a, 16:19

Elgetako MEK Lema enpresa (Artxiboko irudia).

Confebaskek aurkeztu berri duen Koiuntura Ekonomikoaren Txostenaren arabera, zazpigarren urtez jarraian igoko dira Barne Produktu Gordina eta sortutako enplegua. Bestalde, bukatzear dagoen urteari dagokionez, Confebaskek kalkulatu du euskal ekonomiak %2,2ko hazkundearekin itxiko duela 2019a, hasieran aurreikusi zena baino pixka bat gutxiago.

2020rako Confebaskek egindako aurreikuspenaren arabera, euskal ekonomia %1’9 haziko da, 2019an baino pixka gutxiago, baina inguruko herrialdeen gainetik. Hazkunde horren gakoak, berriro ere, "barne eskarian" oinarritzen direla zehaztu dute, "hori izango delarik hazkundearen motorra". Kanpo sektoreari dagokionez, "2019an bezala, ez dio ekarpenik egingo hazkundeari, epe labur eta ertainera nazioartean dagoen jokaleku konplexuagatik".

Sektoreka, euskal industriak "nazioarteko panoramaren arazoak" pairatzen jarraituko du, nahiz eta, "beste urte batez, hazi egingo den (+%1’1)". Aurreikuspen horren arabera, 2019an lortutakoaren pixka bat gainetik geldituko da. Bestalde, eraikuntza izango da sektorerik "dinamikoena" berriro ere, nahiz eta aurtengoa baino "erritmo apalagoan" izan.

2020an langabeziak behera

"2020aren amaierarako, aurreikuspena da Euskadin 2007an, krisiaren aurretik, zegoen enplegu maila gainditzea"

Txostenaren arabera, datorren urtean, euskal ekonomiak berriro ere enplegua sortu eta langabezia murriztuko du.

Ildo horretan, 2020rako, Confebaskek aurreikusi du 11.000 afiliatu berri egongo direla Gizarte Segurantzan, eta urtearen amaieran langabezi tasa %9raino jaitsiko dela (Eustat); 2008az geroztik baxuena. Beraz, "2020aren amaierarako, aurreikuspena da Euskadin 2007an, krisiaren aurretik, zegoen enplegu maila gainditzea".

Arrasateko fruta denda bat. (Argazkia: Imanol Soriano).

%2,2ko hazkundearekin itxiko da 2019a

Confebaskek kalkulatu du euskal ekonomiak %2,2ko hazkundearekin itxiko duela 2019a, "hasieran aurreikusi zena baino pixka bat gutxiago, baina ekonomiarik aurreratuenek lortutako erritmoa baino handiagoarekin". Eta, beraz, Euskadiko BPGak aurten "bikoiztu egingo du eurogune osorako iragarritakoa".

2019ko dezelerazioa

Confebaskek azaldu duenez, 2019an jarraian bosgarren urtez hazi bada ere, barne eskaera "ahulagoa" izan da, eta industriak "jarduera txikiagoa" izan du, horregatik gertatu da dezelerazioa. Aurten ere, eraikuntza izan da "sektorerik dinamikoena, baina aurreko urtean baino balio baxuagoetan, zerbitzuetan bezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak