'Katearen loturak' elkartea, Arartekoarekin hartu-emanetan

Goiatz Arana Begiristain 2019ko abe. 27a, 18:00

Elkarteko kide diren hainbat familiak eginak dituzte bilerak Arartekoarekin eta, hemendik aurrera -'Katearen loturak' Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta eta dagokion erregistro-zenbakia eskuratuta- elkarte moduan ere batu ahalko dira. Adierazi dutenez, datozen egunetan -ahal bezain pronto- jarriko dira hartu-emanetan.

Banakako bileretara eramandako eskakizun berarekin joango dira, baina talde modura. Horixe izan da Arartekotik bertatik aholkatu dietena eta hala egingo dute: adikzioen arazoari aurre egin ahal izateko –izan drogen eraginarekin lotutakoa edo ludopatia bezalako drogarik gabeko adikzioena– guraso, udal , ikastetxe edota instituzioen arteko lan integral bat aldarrikatzen dute eta, batez ere, erakunde ezberdinen arteko koordinazioa eta elkarlana.

Baina hartu-emanak hasita, ez daude gustura erakunde batzuetatik jasotako erantzunarekin edota erantzun ezarekin eta Osasun sailarentzat izan dituzte hitzik gogorrenak: "Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko kontseilari Nekane Murgak ez digu erantzun ere egin", adierazi dute. Eta jakinarazi dute, horren harira, bi idatzi igorri dizkiotela jada Iñigo Urkullu lehendakariari ere: Madrilgo Gaixoen Defendatzailea Elkartearen bitartez, bat -"hemengoan ez digute kasurik egiten" diote-; eta Kanarietako Patologia Duala Fundazioaren bidez, bigarrena.

Bailaran errehabilitazio-zentro bat irekitzeko eskaera

Adikzioen arazoari bere horretan heldu behar zaiola azpimarratu dute elkartetik eta buruko gaixotasunek "osasungintzako ahizpa txiroa" izateari utzi behar diotela. Arazo bakoitzaren atzean istorio ezberdin bat dago, euren esanetan, eta kasu bakoitzari egokitutako soluzio-bideak eskatzen dituzte. Baina diote errehabilitazio-zentroetan ez dagoela behar beste toki eta horrek arazoa areagotzea dakarrela: "Errehabilitazio-zentroetan lekurik ez dagoelako kalean geratzen diren gazteek delitu egiten dute berriz eta kartzelara bidaltzen dituzte, eta droga gehiago dago kartzelan beste inon baino. Nola liteke kartzeletan lekua egotea eta errehabilitazio-zentroetan ez?", galdetzen dute eta, ildo horretatik, adierazi dute duela egun batzuk eskaera egin diotela Arrasateko Udalari halako zentro bat ireki dezaten Debagoienean.

Arrasateko Udalak Jose Luis Iñarra kalean duen lokal batean batzen dira behin-behinean, batzarrak egin ahal izateko, eta elkartearekin harremanetan jartzeko posta elektronikoa ere badute: katearenloturak@gmail.com. Azaldu dutenez, jende askok erakutsi du elkartearekin bat egin edo laguntzeko interesa. Gaur egun, 20 kide inguru dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak