Javier Goienetxea: "Lege berriak ekarriko du kooperatibak hobetzea eta lehiakorragoak izatea"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko abe. 20a, 15:30

Kooperatiben Euskal Legea onartu du gaur, barikua, Eusko Legebiltzarrak. Zaharkituta geratuta zegoen 1993koa ordezkatuko du. Arauak, "argitasun gehiago" ematen duela dio Goienetxeak.

Zein da lege honen ekarpenik eta baliorik nagusia? Zergatik da inportantea?
Gaurko egoerara egokitzen delako, lehiakortasuna eta gure izaeraren oreka bermatuz. Lege berriak eguneratzen ditu zaharkituak zeuden hainbat arau.

Ze aldatzen da egungo egoeratik?
Hobekuntza juridikoak sartzeaz gain, proposatutako aldaketek argitasun handiagoa ematen dute, arauen garapena ziurtatuz.

Fagor Etxetresnen porroten moduko egoeretatik erator daitezkeen bazkideen erantzukizunak argitzen ditu legeak?
Bai; guretzat garrantzitsua zen gaia argitzea. Legeak kooperatibaren hartzekodunen aurrean pertsona bazkideen erantzukizuna mugatzen du eta ekarpen sozialen enbargaezintasuna ezartzen du. Argi geneukan berez horrela zela, baina legean idatzita egoteak ziurtasun juridikoa ematen digu.

Kooperatiben sektoreari malgutasuna ematen dio legeak? 
Kooperatibetako legegileak jakitun dira eta izan dira euskal kooperatiben globalizazio mailaz. Honela, talde kooperatiboak araututa, enpresen arteko fusioak ahalbidetu du. Kooperatiba mistoen sorrera ere aurreikusten du legeak.

Bazkide ez diren langileen batez bestekoa %25etik %30era igotzeak sortu du zeresana. Zergatik igoera?
Lege berriak ez du funtsezko ezer apurtzen. Langileen kontratazioa da merkatuen lehiakortasunari malgutasunez erantzuteko modua. Enpresa eredu guztien artean, kooperatibak dira eredurik parte-hartzaileena. Langile guztien %70 bazkideak izango dira gure kooperatibetan, orain arteko antzera. Kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan parte hartuz. Bazkide bakoitzak boto bat izanik erabakietan. Eta hori kooperatibek bakarrik egiten dute. Enpresa mota aurreratuena izanik ere, aberastasuna ondoen banatzen duen eredua da kooperatiba.

Kooperatibista izatearen gaineko arau berezirik bada ala malgutasunak urtu dezake nortasun hori?
Alderantziz, lege honek kooperatibak hobetzea eta lehiakorragoak izatea ekarriko du. Hasteko eta irauteko aukera gehiago izango dugu, gizartea hobetzen jarraitzeko. Ez daukagu aldatzeko asmorik eta beharrik. Eta hemen egoteko, bizitzeko eta gelditzeko asmoa daukagu, nahiz eta horretarako globalizazioari egokitzea beharrezkoa izan.

Oro har, lege ona da? Kooperatibek pozik hartu dute?
Lege ona da, dudarik gabe. Pozik gaude egindako lanarekin, lortutako emaitzarekin eta talde politiko desberdinetako legebiltzarkideekin lortutako kontsentsuarekin. Legea egiteko parte hartzeko aukera izan dugu, eta eskertzen dugu horrela egin izana. Legea adostasun osoarekin, aho-batez, aurrera ateratzea nahiko genuke.

Lanbideko administrazio kontseiluko kide izatea ez du ahalbidetuko lege berriak. Penaz hartu duzue erabakia?
Kooperatiba lege berriak euskal kooperatibismoa espresuki aitortzen du gizarte-eragile bezala. Herri arrakastatsuagoa, berdintsuagoa eta elkartuagoa lortzeko, kooperatibek egiten duten ekarpen handiagatik. Aitortza horrek, izaera ekonomiko, heziketa eta sozialeko erakunde instituzionaletan ordezkaritza izatea ahalbidetzen du. Lanbideren gaia, legetik harago doan kontua da. Irmo sinisten dugu gure presentzia eta parte-hartzea legezkoa eta legitimoa dela. Eta beharrezkoa dela gure presentzia enplegu eta formakuntza gaietan daukagun ezagutza eta ekarpenak egiteko gaitasunagatik. Jarraituko dugu lanean Lanbiden ordezkaritza izateko, Nafarroan gertatu den bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak