Beñat Gaztelumendi bertsolariak jantzi zuen zapatuan Gipuzkoako txapel preziatua, Donostia Arenan jokatu zuten finala irabazita; bigarren aldiz irabazi du Añorgakoak txapelketa hori, eta oraingoan, aitaren eskutik jaso zuen saria; izan ere, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan Bertsozale Elkartean egindako borondatezko lan isila aitortu eta eskertu nahi izan dio keinu horrekin.
Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Agin Laburu izan zituen Gaztelumendik taularen gainean lagun, eta Labururekin lehiatu zuen buruz burukoa.
Finalaz, Debagoienekoen ahotik
6.000 lagun bildu ziren Donostia Arenan, Illunben, zapatuan, finalarekin gozatzeko, eta horietako asko Debagoieneko bertsolari eta bertsozaleak; horien artean zen Oñatiko Txinparta Bertso Eskolako Iñaki Olalde. Saio ederra izan zela dio: "Giro ona egon zen, eta irabazleak ondo merezitako saria eraman zuen. Gaztelumendi zuzen ibili zen saio guztian zehar, eta gero, saltotxo bat gora egiteko bakarkako lanean Beñat itzela da, eta hala egin zuen erakustaldia, saiokoan nahiz buruz burukoan". Eta hauxe gaineratu du: "Agin Laburuk bigarren saria ateratzeak asko poztu ninduen, eta, faboritoen artean baneukan ere, saioan jasotako inpresioengatik, nik neuk Beñat eta Alaia Martin pasatuko nituen buruz burukora. Alaia zoragarri dabil, eta uste dut entzulea ondo merezita bereganatu duela".
Gipuzkoako txapelketako finalistak eta puntako bertsolari gehiago eskualdean
Arrasateko Ane Zuazubiskar bertsolaria txapelketako final-laurdenetara heldu da aurten, eta zapatuan Donostia Arenan zen, bertsolari moduan baino gehiago, kazetari lanetan jarduteko: "Barrutik bizi dugunontzako txapelketa polita izan da, eta finala ere ederra. Oso goraipatua izan da finala parekidea izan dela, eta hala da, baina kontuan hartu behar da txapelketa 48 bertsolarik abiatu genuela, eta 17 ginela emakumeak. Bertsolari askok dioten moduan, lagungarria litzateke antolatzen diren saioetan emakume gehiago izatea, horrek hurrengo txapelketan emakume gehiago izatea bultza dezakeelako".
Oñatin, sei finalista
Jon Maia eta Oihana Iguaran izan ezik, Gipuzkoako Txapelketako beste sei finalistak izango dira Oñatiko Txinparta Bertso Eskolak urtarrilaren 5erako Zubikoa kiroldegian, 22:30ean, antolatu duen jaialdian. Sarrerak hamar eurotan salduko dituzte, aurrez, Txokolateixan.
Arrasaten, AEDren eskutik
Urteetako ohiturari jarraituz, Arrasateko euskara elkarteak Amaia antzokian proposatu du bihar, zapatua, 20:00etan saioa. Taularen gainean izango dira: Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Julio Soto, Jon Maia eta Arkaitz Estiballes, Maite Berriozabal gai-jartzailearen agindutara. "Finalaren ostean asko komentatu da molde oso ezberdineko bertsolariak izan zirela, eta biharko saioa ere bada horren erakusle; sarritan batera kantatzen ez dutenak entzuteko aukera polita izango dugu, argazki polita izango da, eta saio bizia eta zorrotza izango dela uste dut; oso gustuko dudan bertsokera nahasketa ederra izango delakoan nago".
Aretxabaletan, urtarrilaren 3an
Amaia Agirrek proposatutakoak kantatuko dituzte Aretxabaletako Arkupe Kultura etxean urtarrilaren 3an, 19:00etan, Andoni Egañak, Onintza Enbeitak, Miren Artetxek eta Igor Elortzak. Astelehenean jarriko dituzte sarrerak salgai, Arkupen.
Ane Labaka (bertsolaria): "Gogoa dut saioetan aske abesteko"
Lasarte-Oriakoa "gustura" da txapelketan egindako lanarekin eta "gogotsu" dago datozen saioetarako.
Zelan txapelketan?
Pozik nago egindakoarekin, eta finalean oso babestuta sentitu nintzen; konplizitate handia izan dut, besteak beste, Beñatekin. Izugarri gustatzen zaizkit haren bakarkakoak; merezitako txapela, duda barik!
Estreinakoz izango zara ibarreko saio horietan; gogotsu zaude?
Arrasaten ez dut sekula kantatu eta Oñatiko saio horretara ere lehenengoz noa. Gogo handia daukat txapelketatik kanpo modu askeagoan kantatzeko.
Zer eskatuko diozu urte berriari?
Aurtengoak gauza asko eman dizkit sortzaile moduan, eta hurrengoan ere hala jarraitu gura nuke, ilusioz sortzen.