Turismo fluxuak "Donostiatik harago" banatzeko erronka azpimarratu du Eskualdeen Turismo Mahaiak

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko abe. 24a, 09:01

Eskualdeen Turismo Mahaia Chillida-Lekun. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Eskualdeen Turismo Mahaiaren bileran ezagutzera eman dituzte Gipuzkoan turismoaren arloan abian diren ekimenak eta baita etorkizuneko erronkak zeintzuk diren. Imanol Lasak nabarmendu duenez, "kalitatezko eredu batean edo fluxuen banaketan sakontzeko, eskualdeen arteko lankidetza behar dugu".

Abenduren 19an elkartu ziren Chillida-Lekun Gipuzkoako Foru Aldundia eta eskualdeetako turismo ordezkariak. Bileran izan ziren Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Iker Goiria Turismo zuzendaria, Cristina Iturriagagoitia San Sebastian Region turismo bulegoko arduraduna eta sektorearen eskualdeetako arduradunak; horien artean Ana Heriz Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikaria.

Azaldu dutenez, orain artean foroak "izaera informalagoa" izan du eta horregatik adostutakoen artean dago hemendik aurrerako "lan dinamika" berria. "Kalitatezkoa eta lurraldean orekatua izango den turismo eredu batean sakondu nahi badugu, aberastasuna sortu eta herritarren ongizatea aintzat hartuko duena, eskualdeen ikuspegia eta errealitatea jaso behar ditugu. Dinamika eraginkor eta jarraitu bat ezarri behar dugu, besteak beste, turismo fluxuak Donostiatik harago banatzeko, urte osora hedatzeko edo egonaldien batez bestekoa handitzeko erronkei arrakastaz aurre egiteko", adierazi du Lasak.

Helburu horri erantzun bateratua emateko, Turismoaren Plan Estrategikoa egiteko eskualdeetako arduradunen ekarpenak bildu dira; Gipuzkoak helmuga turistiko adimendun gisa dituen aukerei buruzko azterketa ezagutarazi da; lurraldea sustatzeko hurrengo ekintzak –Fitur, Navatur, Sevatur, Basques a Bordeaux…– aurkeztu dira; 2020ko Turismo Gidaren berri eman da; Gipuzkoako Turismo Bulegoaren sorreraz aritu dira, eta sektorean gaurkotasunezkoak diren gaiak landu, hala nola tasa turistikoa ezartzeko abian diren ekintzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak