Salerosketatan iruzurrik gerta ez dadin kontuz jokatzeko eskatu du Ertzaintzak

Maialen Santos 2019ko abe. 16a, 13:37

Adinekoek eta pertsona zaurgarriek pairatzen dituzte iruzur gehienak. Internet bidezko delituak areagotu egin dira azken boladan. Ertzaintzak arretaz jokatzeko eskatu du. 

Geroz eta ohikoago bilakatu dira etxez etxeko salerosketak; produktu bat saltzeko asmoz, saltzaileak eurak joaten dira etxeko atarira, eta bertan gauzatzen da negoziazioa. Horietako salmenta batzuk, baina, "indarkeriazko" teknikak erabilita egiten direla azaldu du Ertzaintzak. Hala, gehienetan, "adinekoei" eta "pertsona zaurgarriei" (bulnerableak) zuzentzen zaizkie iruzurgileak: "Konbentzitu egiten dituzte saltzen ari diren hori erosteko, eta jendeak, presiopean, erosketa sinatzen du". Denetariko produktuak saltzen dituzte; esaterako, entziklopediak, sofak eta koltxoiak. Eta izugarrizko diru kopuruak eskatzen dituzte horien truke: "Batzuetan, hilean kobratzen duten pentsioa baino gehiago eskatzen diete biktimei".

Duela bi aste, horrelako egoera batean ikusi zuen bere burua Carlos Alonso adindun oñatiarrak. Azaldu duenez, ezin du "ziurtatu" iruzurra egin nahi izan ziotenik, baina telefonoz jaso zuen deia "benetan bitxia" iruditu zitzaiola aitortu du. Hain justu, elikadurari buruzko ikerketa bat egiten ari zirelako deitu zioten etxera, "galdera batzuk" egiteko, eta, bide batez, datu pertsonalak eskatu zizkioten. Dei hartan, hurrengo egunean bi emakume etxera joango zitzaiela jakinarazi zioten, eta Alonso bisitaren kontra azaldu zen: "Emaztearentzat krema bat ekarriko zidatela esan zidaten, baina nik ez nuen eurengandik ezer nahi. Are, esan nien ez nuela euren bisitarik nahi". Gaineratu duenez, " zeharo ikaratu" zuen bisitaren berriak, eta Ertzaintzari gertatutakoaren berri ematea erabaki zuen. Hala, bi emakumeak etxera gerturatu zirenean, Ertzaintza arduratu zen eurekin egon eta bisita ekiditeaz. "Eskerrak eman behar dizkiot Ertzaintzari, arreta ezin hobea eman izanagatik", nabarmendu nahi izan du oñatiarrak. Horretaz gain, dio ez zituela emakumeak "iruzurgiletzat" hartu nahi, baina, bisitaren ezezkoari jaramonik egin ez ziotela ikusita, beraren eta emaztearen "segurtasuna" mantentzeko deitu behar izan zuela Ertzaintzara. Azken hauek, berriz, datu pertsonalik ez emateko eta dokumentuak sinatu aurretik "arretaz" irakurtzeko gomendioa eman dute.

Internet bidez delitu "ugari"

Jasotzen dituzten salaketa guztien "laurdena" Internet bidez egindako delituengatik izaten dela dio Ertzaintzak; erosketak egiteko orduan, "segurtasun bermeak" gordetzen dituzten orrialdeetan egiteko gomendioa eman dute. Gaineratu dutenez, segurtasuna mantentzeko neurriak har daitezke: esaterako, txartel birtualak edota aurreordainketakoak erabiltzea –gastatu beharreko diru kopurua bakarrik sartu, gainontzekoa lapurtzea ekiditeko–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak