Eusko Jaurlaritzak –EAJ eta PSE-EE– Elkarrekin Podemos koalizioarekin egindako akordioak ahalbidetuko du datorren urteko, 2020ko, aurrekontuak aurrera ateratzea. Hala, 201,5 milioiko aurrekontua hitzartu dute, guztira; horietako 88,9 inbertituko dituzte 2020an, hiru arlo ezberdinetara bideratuta. Batik bat, politika feministetan, klima aldaketan eta familiak, gazteak eta enpresak babesteko neurrietan lan egiteko baliatuko dute kopuru hori. Aldiz, gainontzeko 112,6 milioiak konpromiso-kredituetarako erabiliko dituztela adostu dute –2027ra bitartean egikaritu beharko dituzte horiek–.
Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzaren aurrekontua babestuko duen arren, koalizioaren baitan jarrera kontrajarriak azaldu dituzte alderdiek. Hamaika legebiltzarkide ditu, guztira, koalizioak, eta horietako bederatzi abstenitu egingo dira; hain zuzen, Ahal Duguko zortziak eta Equoko bakarra. Ezker Anitza-IUko gainontzeko bi legebiltzarkideek, bestalde, ez dituzte aurrekontuak babestuko. Honela azaldu dio GOIENAri alderdiko koordinatzaile Isabel Saludek: "Uste dugu ez direla aurrekontuak babestu ahal izateko baldintzak betetzen". Gaineratu duenez, azken asteetan birritan bildu dira Ezker Anitza eta EAJ, baina bigarren bileran "argi" ikusi ahal izan zuten jeltzaleak ez zeudela "negoziatzen jarraitzeko" prest. Zehazki, erreforma fiskalean eta enplegu plan indartsu bat egitean jarri gura luke fokua Ezker Anitzak, baita lan arloko inspektoreen lantaldea handitzean ere, enpresen iruzurrak gehiago kontrolatu eta langileen segurtasun baldintzak bermatzen direla ziurtatzeko. Saludek dioenez, EAJk "bestelako" interes batzuk zituen; horrenbestez, ezin izan zuten negoziatzen jarraitu eta, are gutxiago, aurrekontuak babestearen aldeko jarrera azaldu.
Ahal Duguk, abstentzioa
Ahal Duguk bailaran duen zinegotzi bakarrak, Podemos Arrasateko Igor Urizarrek, uste du "akats handia" dela abstenitzea; izan ere, abstentzioak "praktikan aurrekontuak babestea dakar". Hala eta guztiz ere, argi utzi nahi izan du hori bere iritzia dela; ez, ordea, Ahal Duguko zuzendaritzarena. Iritzi kontrajarriak dituzte, beraz, bailarako Ahal Duguk eta taldeko zuzendaritza orokorrak. Alderdi barruan ere iritzi askotariko jendea dagoenez gero, kideen arteko "kontsulta" egin dute asteon; hala, Ahal Duguko kide orok bere iritzia eman ahal izan du, nolabait, erabakia abstentziorantz "nahiko bideratuta" egon arren. Urizarren aburuz, 2020ko aurrekontuekin egingo diren inbertsioek "murrizketak" ekarriko dituzte, "batez ere", osasun arloari dagokionez.
Elkarren artean, "errespetua"
Elkarrekin Podemos koalizioaren baitako ezberdintasunak "errespetatu" egin behar direla uste dute biek –Saludek eta Urizarrek–. Ezker Anitza-IUkoak dioenez, koalizio barruan adosten dena "programa" izaten da; hain zuzen, hori da alderdi guztiak batzen dituena: "Horretarako batzen gara, elkarrekin indartsuagoak izateko". Hortik kanpo, botoa emateko "askatasunak" agintzen duela dio. Eta, iritzi kontrajarriak sortu arren, koalizio barruan harremana ez dela aldatu aitortu du, eta "elkarrekin" lanean jarraituko dute.