Erretzeak hil egiten du

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko abe. 13a, 12:21
Zigarro-punta.

Askotarikoak dira Puntua aldizkarian astero kaleratzen ditugun edukiak. Kolaboratzaile sare batek eskaintzen digu, gainera, gai konkretu batzuetara adituen eskutik heltzeko aukera. Erretzeak hil egiten duela gogorarazi digu gaurkoan Ane Ugarte otorrinolaringologoak. Minbizi kasuetan duen eraginari buruz idatzi du. Bestelako artikuluekin batera gaurko zenbakian. Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

Buruko eta lepoko minbizia aipatzean, ahoa, faringea edo eztarriko pareta, laringea edo ahots kordak eta sudur hobietan agertzen diren tumoreez hitz egiten dugu. Italiarekin batera Espainiar Estatua da Europa mailan intzidentzia handiena duen herrialdea. 

Minbizi mota horrek, bestalde, seigarren postua hartzen du Espainia mailan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan intzidentzia bereziki handia da. Hurrengo urtean 10.000 kasu diagnostikatzea aurreikusten da, gehienak 45 eta 65 urte bitarteko biztanleen artean. Bestela esanda, estatistiken arabera, Debagoienean hamabi kasu berri diagnostikatuko dira hurrengo urtean. 

Alkoholarekin arriskutsuagoa 

Tabakoa eta alkohola dira minbizi kasu horien erantzule nagusiak. Azken urteetan giza papilomaren birusak –ingelesez HPV– daukan papera aztertzen ari dira erretzaileak ez diren pertsonetan duen eragina ulertzeko. 

Tabakoak hogei aldiz biderkatzen du buruko edo lepoko minbizia garatzeko arriskua. Alkoholak, berak bakarrik, ez du minbizi mota hori sortzeko gaitasunik erakutsi, baina tabakoarekin batera kontsumitzen denean horren eragina lau aldiz biderkatzen da; izan ere, tabakoaren kearen substantzia kartzinogenikoen disoluzioa errazten du. 

Artikulu honetan aurkitu dezakegun datu garrantzitsuena da aipatutako arrisku faktoreak moldagarriak direla, eta, ondorioz, erretzeari utziz edo alkoholaren kontsumoa murriztuz minbizi kasu asko saihestu litezkeela. 

Diziplina anitzeko espezialistak 

Tratamendua diziplina anitzeko espezialista talde baten esku egoten da kasu gehienetan. Otorrinolaringologoa ebakuntzaz arduratuko da, onkologia taldea kimioterapiaz eta erradioterapeutak erradioterapiaz. 

Kasu bakoitzaren arabera teknika desberdinak konbinatu beharko dira. Horiez gain, beharrezkoak izango dira erradiologoak eta erizain espezializatuak. Tratamenduaren ondorengo errehabilitaziorako, berriz, ezinbestekoa da nutrizionista eta logopeda taldearen lana, hitz egiteko eta irensketa funtzioak berreskuratu ahal izateko. 

Azkar antzematea, berebizikoa

Diagnostikoa egiteko garaia funtsezkoa da gaixoaren biziraupenari buruz hitz egiteko. Azken ikerketen arabera, hasierako estadioetan diagnostikatutako gaixoek %90eko bizi-itxaropen tasa erakutsi zuten diagnostikoa egin eta bost urteko epean. Tumorea estadio aurreratuagoetan antzemandako kasuetan, ordea, gaixoaren bizi-itxaropena %43koa izan zen bost urteko epean. Beraz, berebiziko garrantzia dauka alarma sintomak ondo ezagutzea, batez ere erretzailea izanez gero. 

Sintomak agertzen badira gomendatzen da otorrinolaringologoaren kontsultara joatea, betiere hiru aste baino gehiago mantentzen badira edo familia medikuak agindutako tratamenduarekin desagertzen ez badira.

Alarma sintomak

Ezagutu beharreko alarma sintoma nagusiak dira:

  • Eztarriko mina eta irensteko arazoak.
  • Irensteko mugimenduarekin okerrera egiten duen belarriko mina.
  • Aho barrunbean agertzen diren ultzerak edo odola botatzen duten lesioak.
  • Aho barrunbean edo mingainean agertzen diren lesio zuriak. Kasu gehienetan, dentistak ikusten ditu.
  • Ahotsaren aldaketa, betiere infekzio batekin erlazionatuta ez badago.
  • Lepoan konkorrak agertzea, batez ere gogortu egiten badira edo hazkunde azkarra baldin badaukate.
  • Aipamen berezia merezi dute egur hautsarekin edo nikelarekin lan egiten duten profesionalek; izan ere, sudur hobietako tumoreak garatzeko arriskua daukate. Kasu horietan, alarma sintomak izango lirateke sudur hobi bakarreko blokeoa edo odol isuria.

Egin zaitez bazkide

Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak