2020rekin batera iritsiko da Mugiment txartel birtuala Debagoienera. Proiektua sendotze lanetan dabiltza oraindik, eta txartelaren gaineko asko zehazteke dauden arren, "ziur aski" urtarrilean iritsiko dela azaldu du Oskar Carrascalek, Oñatiko Udaleko Kirol teknikariak.
Herri bakoitzeko abonatuek bailarako beste herrietako kirol zerbitzuez "gozatu" ahal izateko ari dira sortzen txartel birtuala, mugikorrerako app-a. Halere, txartela "mugatua" izango dela azaldu du Carrascalek: "Kirol azpiegituretan erabiltzaile gutxien dauden uneak aprobetxatu nahi ditugu, kanpokoek zerbitzuei probetxua atera ahal izateko". Hala ere, herri bakoitzak zehaztu beharko du zein ordu tartetan jasoko dituen beste herrietatik etorritako erabiltzaileak, baita zehazki zein kirol zerbitzu erabili ahal izango dituzten ere –zerbitzuak "efizienteagoak" izan daitezen–. Bailarako herri guztiak ari dira proiektuan lanean, eta, oraindik onarpen ofizialik ez duen arren, "printzipioz" herri guztietako abonatuek izango dute Mugiment erabiltzeko aukera. Ordaindu beharreko abonu kuota, bestalde, norberaren herriari dagokiona izango da.
Bilbon ere erabilgarri
Bergarako Agorrosin kirol zerbitzuko ordezkari Jon Larrañagak azaldu duenez, txartela dagoeneko erabilgarri dago beste toki batzuetan: Bilbon, esate baterako. Hain zuzen, bertako "eredua jarraituta" gura izan dute proiektua Debagoienean ezarri. "Bilbon, Ezkerraldean dihardute erabiltzaileek Mugiment app-a erabiltzen, eta ideia gurera ekarri nahi izan dugu". Arrazoi horregatik, behin bailaran txartela funtzionamenduan jarrita, Bilboko kirol azpiegituretan ere erabili ahal izango da. Are gehiago, "oso posible" da epe luzean Mugiment erkidego osoan erabili ahal izatea.