John Andueza: "Hausnarketa eta duda asko daude sexu erasoei buruz"

Beñat Alberdi Igartua 2019ko abe. 5a, 17:05

Gizartean puri-purian dagoen gaiari heldu dio John Andueza idazle arrasatearrak Magali ez dago bakarrik azken liburuan: emakumeen aurkako sexu indarkeria.

Egun gogorrak bizitzen ari dira Bergarako Institutuan. Duela hamabost egun gertaera gogorra jasan zuten bertako bi ikaslek, eta eragin nabarmena izan du bai Bergaran, bai Elgetan, zein eskualdean. Horrela abiatzen da John Anduezaren azkeneko liburua. Misterio eta intriga generoari helduta hausnarketa sustatu nahi du azken gazteentzako liburuan, nahiz eta ez duen uste gazteentzako bakarrik denik.

Erasoei eta ondorioei buruz

Duela urte eta erdi, proiektu berri baten bila zebilen idazlea. Gazteentzako izango zela garbi zeukan, baina beste kontu bat zen zein gairi heldu. Azkeneko aukeraketa ez zen ahuntzaren gau erdiko eztula: emakumeen aurkako sexu erasoak eta horrek dakartzan ondorio guztiak.

Intriga eta misterioa aukeratu ditu liburuaren narraziorako. Gazteentzat beste hainbat liburu idatzi izan ditu Anduezak, baina baita nobela beltzak ere. Nolabait, kontrolatzen dituen bi arloak elkartu ditu azken lanean. "Kontu horiekin broma gutxi. Nobela gogorra izan behar zuela erabaki nuen, eta hala da, eta horretarako tresna egokia da misterioa".

Nobelaren erritmoa

Gertaerak jazo eta hilabetera hasten da istorioa. Irakurleak berak, herritarrek bezala, ez du jakingo zer gertatu zen hasieratik. Gutxika-gutxika izango du gertatuaren berri, ahalik eta bukaeran dena argituko den arte. Hausnarketa sustatu nahi du Anduezak, finean; nolabait, irakurleak berak atera ditzala bere konklusioak. "Gai horren inguruan gogoeta asko daude, baina duda asko planteatzen zaizkigu: zer egin behar den horrelako gauzen aurrean, ze puntutaraino heldu ahal diren gauzak, eta abar". Narratzailea bera ez du busti nobelan; hots, ez du posizionatu gertaeran aurrean, ez duelako liburua "bere iritzia" emateko idatzi, gogoeta sustatzeko baizik.

Bergarako Institutuan ikasten dute liburuko protagonistek, baina Elgetan bizi dira. Toke lokala eman dio idazleak liburuari. "Uste genuen sexu erasoak urrutiko kontuak zirela. Hala ere, Iruñean bertan pasa eta gurea da. Gauza horiek hemen pasatzen dabiltza. Horregatik aukeratu nuen hemen", nabarmendu du, betiere, fikziozko nobela bat dela azalduta, eta ez dokumental bat. Gazteei zuzenduta dago, berez, baina adin guztietarako balioko lukeela gaineratu du Anduezak, hausnarketa sustatzeko. Ikastetxeetan ere gaiari buruz hitz egiteko balio dezakeela nabarmendu du idazleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak