Itzuli zirenetik, 2012an, Arkada Socialen dinamika berbera izan da: disko bat atera, aurkezpenerako kontzertuak eskaini hurrengo urtean eta, ostera, lan berria prestatzen hasi. Oraindik dinamikak ez du aldaketarik jasan, ez jasango, momentuz, eta bi urteren ostean album berria aurkeztuko dute Durangoko Azokan: No retorno.
"Ez da automatikoa bi urtean behin disko berri bat ateratzea", azaldu du Hodei Beitiak, Arkada Socialeko abeslari eta baxujotzaileak. "Baina aurretik ia bagenbiltzan lan berri bat behar genuela, ikus-entzuleei abesti berriak emateko, gehienbat". Kontzertutik kontzertura eta entsegutik entsegura tartea aurkitu dute konposatzeko, behintzat, abeslariak berak dioen moduan, eurentzako konposatzea "naturala eta erraza" dutelako.
'No retorno' albuma
Bederatzi abestirekin osatu dute lana: zortzi kantu berri eta aurreko lan baten bertsioa: Ukabilak gora, zehazki. Aurreko albumean aurkeztu zuten abesti hori, baina orkestra baten eta Arrasateko Txorbela Otxotearen laguntzarekin birmoldatu egin dute. "Kontu arraroa izan da guretzako ere", nabarmendu du abeslariak. "Jendeak flipatu egingo du". Dena den, esperientzia oso aberasgarritzat jo du taldeko kideak; izan ere, hainbat pertsonak parte hartu dute bertsio berria grabatzen, eta esperientzia bera balioztatzen dute. "Ukabilak gora 2.0" izendatu du, txantxetan.
"Ukabilak gora kantuarekin jendeak flipatu egingo du, orkestra eta otxotea lagun"
Bestalde, emaitzarekin oso gustura gelditu dira. Estiloari eutsiko diote eta musikalki ez du beste lanetatik diferentzia askorik eskainiko. Hala ere, diskoan, konposatzeko orduan, taldekide guztiek prestatu dituzte abestiak; hau da, taldekide bakoitzak aurkeztu du kantu baten lehen bertsio bat, behintzat. "Orain artean, akaso, nik hartzen nuen, gehienbat, lan hori", gehitu du Beitiak. "Lan honetan denok atera ditugu abestiak. Oso polita da hori. Denon artean egin dugu album hau".
Gai politikoei eta egunerokotasuneko arazoei eskaini dizkiete abestien letrak. Diskoaren izena, No retorno, berez kantu batena zen, hargatik jarri zioten albumari bera. Horrela aurkeztu dute lana, baina kantuari berari aldatu diote izena. Immigrazioaren gaia jorratzen dute abestian. Bizi berri baten bila itsasoan itotzen direnak jarri dituzte jomugan.
Aurkezpen bira
Diskoa ateratzeaz bat kontzertuak eskainiko dituzte Euskal Herrian zehar. Momentuz, pare bat kontzertu lotuta dituzte, baina ez gainontzekoak. Dena dela, seguru, lehenengo kontzertua larunbat honetan, abenduak 7, emango dute Durangoko Plateruena antzokian, 23:00etan. Horrez gain, ia seguru den beste puntua apirilean Japoniara joango direla da. Abenduan bertako talde bat gerturatuko da Euskal Herrira, beraiekin joko dituzte kontzertuak, eta bueltan eurak joango dira Asiako estatura. Hortik aurrera, euskal lurraldeetan zein Bartzelonan eta Madrilen kontzertuak eskainiko dituzte.
Oraindik ez dago jakiterik hemendik bi urtera lan berri bat aurkeztuko duten, baina Beitiak nabarmendu du gustura, indarrarekin eta inspirazioarekin jarraitzen duela Arkada Socialek. "Diskoan daudenak ez dira sortuta genituen guztiak; grabatu gabe gelditu zaizkigu kantu batzuk", argitu du abeslariak. "Kontzertu mordo bat eman eta gero ikusiko dugu zer egiten dugun".
Ezin guztiz ezer ziurtatu, baina Beitiak dio gustatuko litzaiokeela musika taldeari oraindik ere ibilbide luzea gelditzea.