Andoni Urzelairen liburu gomendioa: 'Afrikanerrak'

Goiena 2019ko abe. 5a, 10:58

Eneko Barberenaren (Arrasate, 1983) Afrikanerrak (Elkar, 2019) lana gomendatu du Andoni Urzelai idazle aretxabaletarrak Puntua aldizkariko Liburu artean atalean. Hemen haren gomendioa.

Eneko Barberena arrasatearraren lehen eleberria da hau. Eta, nire irudikoz, kristoren nobela ondu du. Hauxe sinopsia: migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz, Europar Batasuneko tropek Afrika inbaditu dute. Armadan izena emateko nahikoa gazterik ez, eta zozketa bidez hautatzen dituzte Magrebeko frontera doazen soldaduak.

Nobela Arrasaten kokatzen da, oso urrun ez dagoen etorkizun hipotetiko batean, eta Eider eta Aitor bikotea du protagonista. Liburutegiko langilea, bata; irakaslea, bestea. Beraien bitartez azaltzen zaigu etorkizun hurbileko balizko gizarte hori, oso modu arin eta entretenigarrian, aisa irakurtzen baita nobela. Parte batean Enekok oso idazkera telegrafikoa darabilelako narrazioan. Esaldiak motzak eta zuzenak dira, baina hain dira indartsuak non askotan tiro batek bezala zulatzen dizkizuten tripak.

Oso modu inteligentean azaltzen dizkigu idazleak egungo eta etorkizuneko munduaren inguruko kezkak bi pertsonaia nagusi hauen bitartez. Garai nahasiak dira, Europa gerran dago eta gizartean inoiz baino nabariagoak dira hiritarren arteko desberdintasun, gatazka eta gaizki-hartuak. Gaur-gaurko gaiak mahai-gaineratu ditu, horrenbestez, Enekok protagonisten ahots zorrotz eta gupidagabearen bidez: migrazioa, klase borroka, etorkinekiko mesfidantza, desberdinen arteko talka... Eta horren guztiaren erdian, bikote baten eguneroko gorabehera emozional eta existentzialak, oso modu zehatz eta biluzean kontatuak.

Etorkizunean kokatuta dagoen arren, ez zaio irakurleari zientzia fikziozkoa egiten

Narrazioarekin abil jokatu du Enekok, eta historia etorkizunean kokatua dagoen arren, ez zaio irakurleari arrotz edo zientzia fikziozkoa suertatzen. Aitzitik, gaurkotasun itzela du nobelak eta irakurlea ezelako filtrorik gabe identifikatzen da kontatzen zaionarekin.

Nobelari bainaren bat aipatzekotan: planteatzen duen distopia muturreraino eraman ez izana. Irakurle lez, pena eman dit pausotxo bat harago joan eta etorkizun erradikalago bat proiektatu ez izanak, fantasiazkoago bat; Years and Years telebista seriean planteatzen den moduko zerbait, esaterako. Behin lupa geroan jarrita biharko munduaren ajeak gehixeago esajeratu zitezkeela iruditzen zait. Nobelan kontatzen denak hain du gaurkotasun handia, non ematen duen 2030ean barik 2019an kokatua dagoela.

Gustu kontua da hori, edozelan ere. Egia ukaezina hau da: nobela bikaina osatu du Enekok. Gozamen izugarria hartuko duzue berau irakurtzen eta, garrantzitsuagoa dena, zer pentsatua ere emango dizue, kapa ugari baititu narrazioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak