Debagoieneko natura zein kultur ondarea ezagutzeko bisita-gidatuak urte osoan zehar egiten diren arren, abenduaren 6tik 8ra bitartean egitekoen eskaintza zabala antolatu dute Debagoieneko Mankomunitateak eta herrietako turismo bulegoek; bailarako gastronomia, natura eta kultura ezagutzera bideratuko dituzte hiru egunetan zehar egiteko antolatu dituzten horiek.
Pintxo-ibilbidea, berrikuntza
Eskaintza gastronomikoari dagokionez, pintxo-ibilbidea antolatu dute, hirugarrenez. Herrietako zenbait tabernatan kalitatezko produktuekin osatutako pintxo bereziak egingo dituzte egubakoitzetik domekara bitarte. Debagoieneko Mankomunitateko Turismo arduradun Ana Erizek azaldu duenez, pintxoibilbidea izango da ekintza gastronomikoen artean "berrikuntza" nagusia. Aurreko urteetan "arrakasta" izan dute pintxoek, eta bide beretik jarraitu gura dute.
Horretaz gain, Debagoienean dauden hiru gaztandegik euren ateak zabalduko dituzte –horretarako aurrez izena emanda–. Oñatiko Gomiztegik, Antzuolako Ama Txok eta Eskoriatzako Atxaldek hartuko dituzte bisitak.
Txokolatearen inguruan gehiago jakiteko, Oñatiko Txokolateixia –txokolatearen interpretazio zentroa– ezagutzeko aukera egongo da, txokolatea hizpide hartuta bisitak egingo baitituzte egubakoitzean, eta asteburuan.
Azkenik, domekan emango zaie 33. jardunaldi gastronomikoei amaiera. Ordura arte, zenbait jatetxetan izango da bertako produktuekin egindako platerak dastatzeko aukera.
Ezkutuko altxorretara, lau bisita
Ezkutuko altxorrak ekimenaren baitan bailaran zehar "ezkutuan" dauden "altxorretara" bisitak egin dituzte urte hasieratik, zenbait alditan. Eta Erizek azaldu duenez, datozen egunetan ere izango da bisita "ezohiko" hauek egiteko aukera.
Hain justu, Antzuolan egingo dute bisita "bereziena", abenduaren 7an 12:00etan herriko erdigunea eta Antiguako ermitan herriko historiako gakoak emango baitituzte ezagutzera. Bertara joan nahi duenak aurrez eman beharko du izena, turismo@ debagoiena.eus helbidean.
Bestalde, Leintz Gatzagako Gatz Museora ere bisitak egingo dituzte; izen-ematea, turismoa@bergara.eus helbidera idatzita.
Azkenik, Oñatin bisitatu ahal izango dira gainontzeko altxor ezkutuak. Giltzapeko altxorrak izeneko bisitan, Sancti Spiritus unibertsitatea eta San Migel Parrokiako altxorrak ezagutzeko aukera izango da. Ignaziotar lurraldean ilunabarrean bisitan, bestalde, Oñatiko monumentuak gauez ikusi ahal izango dira. Azken bisita hau bihar, egubakoitza, egingo dute, 18:00etan. Oñatiko Turismo Bulegoko Nahia Garetxanak azaldu duenez, "bisita benetan berezia izango da, gauez herriko txokoek xarma berezia izaten baitute".
Ezkutuko altxorren ekimenetik kanpo, Debagoieneko ondare gehiago ezagutu ahal izango da egunotan. Zapatuan Bergarako gune monumentalera bisita egingo dute, baita Laboratorium museora ere. Azkenik, Arantzazuko Santutegira ere bisitatu ahal izango da.
Inguru naturalak bisitagai
Naturari lotutako eskaintza ere izango da datozen egunetan. Oñatiko Arrikutz Kobetara bisitak egingo dituzte 6tik 8ra. Domekan, gainera, Espeleotxiki ekintza eramango dute aurrera. Bisitak egin zein ekintza horretan parte hartzeko, arrikrutz@ onati.eus helbidean eman behar da izena. Bestalde, Arantzazuko Parketxeak ere hartuko ditu bisitak; horretarako, 943 78 28 94 telefonora deitu behar da.