Euskal kulturgintzaren kontsumoa sustatzeko bide berriak arakatzen

Beñat Alberdi Igartua 2019ko abe. 6a, 09:32

Olatz Osa (Argazkia: Elkar), Arkaitz Villar (Musika Bulegoa) eta Ainhoa Vitoria (Gaztea)

1 Durangoko Azoka sormen lanak kontsumitzeko era berrietara moldatuta dago?
2 Aro digitalean gaude; zein da euskal ekoizpenak sustatzeko eta saltzeko bidea?
3 Zuzenekoen eskaintza handia, baina publiko gutxi batzuetan. Zein da irtenbidea?

Aurtengoa azokaren edizioa 54. da. Badauka jada esperientzia motxila bizkar gainean, baina horrek ez dio erronka berriei aurre egitea saihesten. Azken hamar urteetan nabarmen aldatu da mundua, zer esanik ez komunikatzeko moduak. Izan ere, sarera zein dispositiboetara lotura handiagoa daukagu egun, beste errealitate bat sortuz. Egoera horren aurrean tradizional gelditu al da azoka? Eta, egoki erantzun die bestela ere badauzkan erronkei? Kultur sormen munduko hiru pertsonen iritzia jaso du Goienak galdera horiei erantzuteko asmoz. Azken finean, nola ikusten dute arloko langileek euskal kulturaren plaza nagusia?

OLATZ OSA ELKAR ARGITALETXEA

"Kulturaren balioaz ohartuz erdigunera ekartzea da gakoa"

1 "Azken urteetan, ahalegin handia egin du Azokak lauzpabost egun irauten duen plaza horretan urtean zehar kulturaren unibertso horrek eman duena jendearen eskura era duinean eta erakargarrian jartzeko eta emari eta errealitate horren bueltan egiten ditugun gogoeta eta eztabaidak jendaurrean azaltzeko. Azokaren funtzio nagusienetako bat euskal kulturari ikusgarritasuna ematea da, sortutakoa han bertan kontsumitzeko edo sortutakoaren bozgorailu lanak egin ondoren jendeak gaur egun aukeran dauden era berrietan jasotzeko eta kontsumitzeko".

2 "Uste dut ezagutzen ditugun bide guztiak direla beharrezkoak eta estrategikoak, elkar osagarriak direla ulertuz. Kulturaz ari gara, emozioak, sentimenduak, pentsamendua, gogoeta sortu, eman eta jasotzeaz, eta praktika horrek aurrez-aurreko, mundu analogikoa deitzen den horren lengoaia eta praktikak eskatzen ditu, nire ustez, ezinbestean. Behar ditugu zuzenekoak, herri guztietan liburudenda txiki edo handiak, behar dugu liburutegi sare sendo bat… Eta, nola ez, baliatu behar ditugu aro digitalak eskaintzen dizkigun baliabideak praktika horien berri zabaltzeko, edota edukiak zuzenean euskarri digitaletan kontsumitzeko".

3 "Ez dut uste zuzenekoen arazoa bakarrik denik, irakurzaletasunean ere badugu hutsune handi bat, irudien munduak sekulako indarra duen garaiotan hauek irakurtzeko dugun ezagutza eta gaitasun mugatua, gogoeta eta eztabaidari eskaintzen diogun denbora eta espazio urria… Beraz, irtenbidea kulturaren balioaz eta garrantziaz ohartzea eta kultura erdigunera ekartzea da gakoa. Erraz esaten da, baina iraultza handia eskatzen du horrek; kulturaren unibertsoa bere osotasunean hartu eta ertz guztietan eta eragile guztion artean, modu bateratuan, artikulatuan eta epe luzerako estrategia adostu batekin, herri proiektu batekin jardutea eskatzen du horrek. Honen gaineko kezka badago, eta hainbat eragile norabide horretan urratsak egiten saiatzen ari gara.
Ahalegin horietan asmatu beharra dugu, jendarte aske, kritiko, aberats, ireki eta demokratikoagoa kulturaren bidez etorriko dela ulertzen dugulako".

ARKAITZ VILLAR MUSIKA BULEGOA

"Euskal sortzaileak oso ondo aurreratu dira, nire ustez, aldaketara"

1 "Uste dut baietz. Azkenengo urteetan espazio berriak sortu dira: Ahotsenea, Irudienea, Kabia, etab. Eta uste dut gune hauetan ondo islatzen direla kontsumitzeko era berri horiek. Sortzailea kontsumitzailearengandik oso gertu dago eta hurbiltasun horrek asko lagundu du. Musika Bulegoaren eta Durangoko Azokaren elkarlanaren ondorioz aurten DA Pro! egingo dugu lehenengoz. Profesionalentzako topaketa bat izango da, non disko berriak aurrez aurre programatzaileei aurkezteko aukera izango duten".

2 "Aro digitalarekin batera kultura kontsumitzeko moduak etengabean aldatzen doaz. Euskal sortzaileak eta profesionalak oso ondo aurreratu dira aldaketa honetara eta ekoizpenak sustatzeko modu ugari daude: sarea, streaming-a, digitalizazioa, formatu eta ekoizpen bereziak, eta abar". Eskaintza asko zaintzen da azken urteetan eta gero eta ekoizpen landuagoak aurkituko ditugu. Baita deigarriak ere. Baina ohiko euskarriak ere hor daude eta hor egongo dira beti. Erakusle garbia da edizio mugatuko biniloek izan duten erantzun ona".

3 "Ez dut uste publiko gutxi dagoenik. Publiko asko mugitzen duten estilo edo talde/ artistak ditugu/daude. Musika aretoek lan handia egiten dute urte osoan zehar programazio sendoa eskainiaz. Hori balioan jarri behar dela uste dut. Zuzeneko musika eskaintzen duten guneak babestu egin behar dira.
Gero, joerak daude: gaur egun, erritmo urbanoek jende gazte asko mugitzen dute. Baina ikusi duzu zer gertatu den Berri Txarrak-ekin: zenbat jende mugitu den. Jaialdiak ere hor daude: handiak eta txikiak, guztiak beharrezkoak. Eta guztiek laguntzen dute publiko berriak sortu eta betikoak fidelizatzen. Publiko berriak ez dira bakarrik normalean kontzertuetara ez doazenak, jaialdietara bakarrik doazenak ere badira. Horiek guztiak urte osoan zehar aretoetara gerturatzeko programak sendotu egin behar dira. Zuzeneko musika aretoek hirietako eta herrietako giza, ekonomia eta kultur balioak bultzatzen dituzte"

AINHOA VITORIA GAZTEA 

"Sortzaileek eta eragileek hausnarketa egitea beharrezkoa da"

1 "Beti dago zer hobetu, baina nik uste dut poliki-poliki ari direla garai berrietara egokitzen. Aurten ere Azokan aurkituko ditugun disko nobedade guztien zerrenda Spotify plataforma digitalean zintzilikatu dute. Gazteengana iristeko erremintak dira sare sozialak eta horiek guztiak aprobetxatzeko ahalegina egiten ari dira. Hala ere, Durangoko Azokak duen balio erantsia ez da galdu, eta ez dut uste galduko denik".

2 "Askotan esaten da kultura kontsumitzen duten gehiengoaren adina nahiko altua dela. Egia izango da, bai, baina nik uste dut gazteen artean ere kontsumitzen dela, eta garrantzitsuena: beraien kontsumitzeko modua eraldatu egin da. Garai honetan, sare sozialak ezinbestekoak direla iruditzen zait. Artistak jendea dagoen tokira joan behar du. Inor ez da ibiliko artista horren lana bilatzen. Eta hori bakarrik ez. Garai hauetan, kontsumitzaileok musika edo edozein kultur diziplina era azkarrean –azkarregian– eta errazenean jaso nahi dugula sentitzen dut. Nazioartean, dagoeneko, artista eta talde asko singleak ateratzen ari dira, LP bat kaleratu beharrean. Ez dakit aproposena den, baina gizartearen abiadura berean goaz kulturaren kontsumoan".

3 "Irtenbidea ez dakit, baina arrazoietako bat hezkuntza izan liteke. Baina ez bakarrik eskolan jasotzen dugun hezkuntza, etxean jasotakoa ere oso garrantzitsua da. Disko bat ateratzea artista bati kostatzen zaiona jakingo bagenu, eta kantu baten atzean dagoen lan guztia balioztatuko bagenu, beste modu batean kontsumituko genuke musika. Hala ere, kasu honetan, iritzi kontrajarriak ditut. Ez dut uste ardura osoa publikoarena denik. Badira euskal talde eta artista asko BEC, Euskalduna edota Kursaal modukoak betetzen dituztenak. Jendeak kulturaz gozatzeko nahia ere erakusten du; beraz, euskal sortzaile eta eragileen partetik hausnarketa txiki bat egitea ere beharrezkoa iruditzen zait. Disko bat kaleratuta, dena eginda dagoela ematen du, eta beste hamaika faktore daude kontuan hartu beharrekoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak