Aitor Arregi: "Ematen du Goya sariek zor diotela gau magiko bat Almodovarri"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko abe. 5a, 18:00

Zorioneko jarraitzen dute Aitor Arregik eta Moriartiko gainerako lankideek; izan ere, La trinchera infinita-k Zinemaldian lortu zuen onespenari gehitu zaizkio berriki ezagutzera eman diren Goya, Feroz eta Forque sariketarako aipamenak.

Duela hilabete zinema areto komertzialetan estreinatu zen filmak izan duen harrerarekin ere oso pozik da oñatiarra. 

Donostia Zinemaldian filmik txalotuenetakoa eta sarituenetakoa izan ostean, orain Forque –hiru izendapen–, Feroz –6– eta Goya –15– sarietarako izendapenak etorri dira. Nola hartu duzue?
Pozik, oso pozik. Goyetan ez genuen inondik inora espero horrenbeste izendapen. Zinemaldiak eragina izaten du gerora datozen sariketetan, baina ez ginen ausartzen zifra bat esatera. Handia-k 13 izendapen izan zituen. Eta La trinchera infinita-k 15 ditu! Duela urte bi, Handia izan zen izendapen gehien lortu zituena; orain, 15 edukita ere, hirugarren gaude izendapen kopuruari dagokionez. Uzta kontua da eta aurtengoa uzta ona da. 

Hiru zuzendariok batera ikusi zenuten zuzenean Goyen izendapen momentua?
Bai; Irusoinen egoitzan geunden. Handia-ren izendapen momentuan ere berdin egin genuen, guztiak elkarrekin, toki eta egoera berean. Oroitzapen oso ona geneukan eta errepikatzea erabaki genuen. 

Pedro Almodovar eta Alejandro Amenabar zuzendariekin lehian ariko zarete. Ez da erronka makala.
Ez, horixe. Haiek dira faborito nagusiak. Bi munstro dira, Oscar sariak dituztenak. Espainiatik kanpo, Frantzian, Ameriketako Estatu Batuetan, bereziki Almodovar, jainkoa da, inorekin parekatu ezin daitekeena. Gainera, azken filma nahiko unanimea da asko gustatu dela. Ematen du bere urtea izango dela. Baina ez balitz Almodovarren urtea izango, Amenabar ere hor dago… Dena den, 15 izendapenen artean aukerak izan ditzakegula uste dugu, aktore emakume onenaren sarian, soinuan… 

Zergatik ez zuzendari edo film onenen atalean?
Amestea libre da. Baina zaila da. Bi zuzendariak indartsu daude aurten, Oscarretarako ere aukeratuak…

Goyen eta Almodovarren arteko harremana gorroto-maitasun harremana da.
Bai. Asko hitz egin da horri buruz. Mito ere bihurtzeraino. Eta horrek kalte baino gehiago, mesede egin ahal dio oraingoan. Ematen du Goyak zor diola gau magiko bat. Egia da, bestalde, azkeneko urteotan nahiko banatuak izan direla sariak. Horrek ekar ditzake ustekabeak.

Zinema kritikoen txaloak eta laudorioak ez ezik, ikus-entzuleenak ere lortu ditu La trinchera infinita-k, urri amaieran estreinatu zenetik pelikularik ikusienetakoa baita. Daturik baduzue?
Orain arte dauzkagun datuen arabera, ia 200.000 lagunek ikusi dute Hego Euskal Herrian eta Espainian. Euskal Herrian, Madrilen, hiriburuetan… oso ondo funtzionatu du. Eta pentsa genezake azken egunotako albiste hauen ondorioz jende gehiago hurbilduko dela zinema aretoetara. Milioi bat euro pasa batu da sarreren bidez. Espero genuen zifratan gabiltza. Ustekabe handirik ez da izan. 

Zer da La trinchera infinita-k daukan onena edo nabarmenena eta zuri zeuri gehien gustatzen zaizuna?
Batetik, beldurraren kontzeptua zela erakusten duen eta horrek metaforatik daukana: denok izan gaitezke satorrak, edozein zentzutan, bizitzan zehar. Bigarrenez, maitasun istorioa. Eta horrek ondo funtzionatu badu, bi aktore nagusien lan bikainagatik izan da. 

Almodovarren Dolor y gloria eta Amenabarren Mientras dure la guerra filmetatik, ostera, ze nabarmenduko zenuke?
Almodovar berezia da, autore berezia, inorekin konpara zein daitekeena. Hori oso autore gutxiren gainean esan daiteke. Sortzen ditu filiak eta fobiak. Hori gertatzen zaie Tarantinori, David Lynchi eta beste bizpahiruri. Dolor y gloria-k badauka puntu nartzisista bat, baina, era berean, Almodovarrek erakusten digu nolakoa den, bere gauza on eta gabeziekin. Hori ez da oso ohikoa. Hori apreziatzen dut. Bestetik, gidoi ona dauka. Bukaerako jokoa eta harilkatzeko modua jostalaria da; gustuko dut. 

Eta Amenabarren filma?
Amenabar, egile moduan, estilo askotarikoa da, akademikoagoa, akaso, baina ez horren bakarra. Maisuki erabiltzen ditu hainbat baliabide ikus-entzulea ukitzeko. Badauka radar bat ikus-entzule askorekin konektatu ahal duena. Ez da samurra. Dohain hori dauka. Filmak epel samar uzten nau, baina baditu gauza interesgarriak. Unamunoren familiarekiko hartu-emanaren zatiak hotz utzi ninduen; ostera, Millan Astrain, Franco, haien lidergoa, sentimendu nazional hori nola kontatzen duen interesgarri irudi zitzaidan. Izan ere, begira Franco nola izan dugun presente beti, baina haren izaeraz gutxi dakit nik, diktadorea eta hiltzaile masiboa izan zela jakiteaz gain. Interesatu zitzaidan Franco nola goratzen duten eta gerrari buruz eta eraso militarrari buruz Francok eta ingurukoek diotena.

Franco oso presente dago gaur egun oraindik ere.
Bai, hala da, bai. 40 urteko diktadura baten ostean, oso gaur egungo gaia da, frankismo soziologikoa hor dago.

Hiru film handi lehian eta horien artean zeuek. Urtarrilean jakingo dira irabazleak.
Bai; Madrilera joan-etorrian ibiliko gara urtarrileko lehen hamabost egunetan eta hori nekagarri ere izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak