Gaixo daudenak kaleratzeko deia

Eneko Azurmendi 2019ko aza. 29a, 14:45
Azaroan egin dituzten ekitaldien berri emateko egin zuten prentsaurrekoa.

Debagoieneko Sarek manifestazioa deitu du biharko, zapatua; Joseba Erostegi Eltzikorta antzuolarra eta gaixo dauden beste 20 euskal presoak "kartzelaldi ankerra pairatzen ari direla" salatuko dute. Antzuolako eskolako patiotik abiatuko da manifestazioa, 18:30ean.

Larriki gaixo dauden presoak etxera! Eltzikorta etxera! lelopean egingo dute biharko Antzuolako manifestazioa. "21 euskal preso politiko gaixo larri daude espetxean; bailaran garatzen ari garen dinamikarekin, preso hauek jasaten duten salbuespen legedia eta kartzelaldi ankerra salatzea nahi dugu. Urgentziazkoa da preso hauek kaleratzea eta haien gaixotasunak modu egokian, kalean, artatzea. Indarrean dagoen salbuespen espetxe politika errotik aldatzea eskatzen dugu", azaldu dute Debagoieneko Sareko kideek.

Haien esanetan, lehenbailehen eman behar zaio amaiera gaixo dauden presoek jasaten duten egoerari. "Larritasun horren berri eman nahi diogu bailarako jendarteari, eta egoera hau iraultzeko denon bultzada derrigorrezkoa dela esatera gatoz", nabarmendu dute.

Kale antzerkia, "sorpresa"

Manifestaldia hasi aurretik, performance edo kale antzerki txiki bat egingo dute eskolako patioan. Hala ere, ez dute aurreratzerik gura izan zer eskainiko duen antzerki horrek. "Sorpresa izango da". Gero, patiotik abiatuko dute manifestazioa, 18:30ean, eta Antzuolako kaleak zeharkatu ostean, leku berean amaituko.

Patioan bertan egingo duten ekitaldian, Eltzikorta-ren senitartekoei lore eskaintza egingo diete lehenik. Horrez gain, Aitzol Iturbe bertsolari antzuolarrak pare bat bertso kantatuko ditu eta neska gazte talde batek, berriz, pare bat abesti. Ostean, Inaxio Oiartzabal Sareko eledunak eta Antzuolako Ez Dut Moztuko Bizarra taldeko kide batek hartuko dute berba.

Domekan, ipuin kontaketa

Debagoieneko Sare garatzen ari den dinamika honen baitan, beste hainbat ekintza ere egin dituzte. "Hitzaldiak oso harrera ona izan zuen, eta erakusketa ikustera ere jende ugari gerturatu da". Preso eta preso ohien lanen erakusketa azaroaren 23an zabaldu zuten, Olaranen, eta domekara arte egongo da zabalik. Bihar, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 18:30era egongo da ikusgai eta, manifestazioaren ostean, berriro irekiko dute, 20:30era arte. Domekan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Domekan, Joxemari Carrerek ipuinen kontaketa egingo du, Olaranen, 18:00etan. Eltzikorta-k iaz idatzitako Txori mezulariak liburuarena eta Sara Majarenas preso ohiak idatzitako Maritxipi eta amatxo-rena. Gero, txokolate beroa egongo da.

Anbulantzia, gaur Arrasaten

Bestalde, Euskal Herriko hainbat ospitale bisitatzen ari den Sareren anbulantzia Arrasatera iritsiko da gaur, egubakoitza. "Gaixo larriek bizi duten errealitatearen berri eman eta egoeraren larritasuna irudikatzea da helburua. 13:00etan batuko gara ospitale aurrean. Esku-orriak banatzeaz gain, elkarretaratze bat egin dugu eta sindikatuetako ordezkariekin hitz aspertu bat izan dugu".

'Eltzikorta', "oso indartsu"

Joseba Erostegi Eltzikorta 1997ko uztailaren 1ean atxilotu zuten eta hogeita hamar urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, "Ortega Lararen bahiketan parte hartzeagatik", besteak beste. Herrera de la Manchako kartzelan dago preso, eta 2014az geroztik, gaixo dago. "50 polipotik gora aurkitu zizkioten kolonean, eta kolon guztia kendu zioten. Bederatzi egun egon zen ingresatuta. Gero, 2015eko apirilean, fistulako ebakuntza bat egin zioten, eta ondoren berriro ere polipo gehiagorekin hasi zen. Urte bereko urrian tumore txar bat kendu zioten, eta konplikatzen hasi zen guztia. Egun, polipo horiek heste mehean hazten hasi zaizkio; polipoak kentzen dizkiote noizean behin, eta analizatzera eraman", dio Lorea Erostegik, Eltzikorta-ren ilobak.

Halere, aldarte onean dagoela dio. "Beti egon izan da oso indartsu. Irteteko momentua ere gerturatzen dabil, eta are indar gehiagorekin dago orain. 2020an gurekin egotea espero dugu".

'Amonaren ipuin magikoak'

Iaz Txori mezularia liburua kaleratu zuten Eltzikorta-k eta Lorea Erostegik eta orain, berriz, Amonaren ipuin magikoak izenekoa. "Mirentxin gidariei eskainitako liburua da. Txikitatik lagundu izan didate eta bidaia horiek niretzat magikoak izatea lortu izan dute. Beraz, eskerrak emateko modu bat da. Oso gustuko dut liburua, eta iazkoa baino istorio politagoa da, niretzat bereziagoa delako. Nahi duguna da ume bakoitza bere liburuaren protagonista izatea. Beraz, bere herriaren izena, laguntxo baten izena, bere izena, eta abar jartzeko aukera izango du liburuan".

Durangoko Azokan salgai jarriko dituzte bi liburuak. Txori mezulariak, 12 eurotan eta Amonaren ipuin magikoak, 15 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak