Unai Telleria elgetarra, moda sortzaile hiriburuetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko aza. 25a, 09:14
Unai Telleria Bolinaga, Londresko Soho auzoan beste artista batzuekin duen dendan. (Iturria: 943UT)

Unai Telleria Bolinaga diseinatzaile elgetarra bere bidea egiten ari da, eta bi salmenta
puntu berri zabaldu ditu; bata Londresen eta bestea Parisen. Denda kontzeptualak
dira; beste sortzaile batzuekin kudeatzen dituen sorkuntza espazioak dira.

Erronka handia da; izan ere, moda kontuetan erreferentzia dira Londres eta Paris. Denda kontzeptualen aldeko apustua egin du elgetarrak. "Hiri handietan indarra hartzen ari den negozio eredu berri bat da", azaltzen du. "Eskaintza homogeneotik bereizteko elkartzen dira lauzpabost artista eta zabaltzen dute espazio bat non bakoitzak bere sorkuntzak aurkezten dituen".

Londresko dendak Never Fade Factory du izena, eta Soho erdian dago. Parisko denda, berriz, No Stock da eta Le Marais auzo komertzialean dago. Txinan ere badu beste salmenta puntu bat, Hainan uharteko Nanyanhai hirian. "Nire bezero gehienak asiarrak edo Ekialde Ertainekoak dira", azaltzen du. "Dirua dute, moda kontuei garrantzia ematen diete, eta erreplikarik gabeko jantzi esklusiboak bilatzen dituzte". 

Elgetarra Parisko 'No Stock' dendan salgai dituen jantziekin. (Iturria: 943UT)

Ibilbide luzea egin du Telleriak modaren munduan. Freelance izan da beti, eta askotariko erregistroak jorratu ditu: publizitatea, Inauteriak, antzerkia, kaleko moda... Bizileku izan ditu New York, Bartzelona eta Londres, eta bidaiatzerakoan erreferentziak hartzen direla dio. "Mundua ikustea oso ona da. Beste modu batera ikusten dira gauzak, eta asko ikasten da". 

Arropa bilduma propioan dihardu orain buru-belarri, baina argi du bestelako lanak egiten jarraituko duela. "Modak aukera handiak ematen ditu, baina saldu nahi baduzu ezin dituzu gauza zoroegiak egin. Antzerkiarekin edo Inauterietako ikuskizunekin, aldiz, zorakeria oso handiak egin daitezke, eta asko gustatzen zait". Telleriak diseinatuko ditu, aurten ere, 200 bat jantzi Las Palmasko Inauterietako Erreginaren Galarako zein Drag Queenaren Galarako. 

Metodikoa lanean 

Sorkuntza prozesu guztiaren jarraipena egiten du Telleriak. "Negozio bat martxan jartzen duzuenean ezinbestekoa da", dio. Londresko dendan du estudioa, eta egunean hamar bat ordu egiten ditu lan. "Batzuetan, piezak egin behar dira; beste batzuetan, tailerrera joan behar da... egunaren arabera", dio. 

Duela urte eta erdi sortu zuen 943UT marka. Gizonezkoendako arropa da, eta online ere saltzen du. Hurrengo pausoa da Los Angelesen ere saltokia ipintzea.

Telleriak sortutako arropak Londresko saltokian. (Iturria: 943UT)

Betiko jantziak oinarri hartu eta diseinu berriak sortzen ari da elgetarra azken boladan, baita ere ehun sintetikoak
naturalekin nahasten. "Horrekin nabil bueltaka orain", dio.

Marka propioa indartzeko sorkuntza lanean da elgetarra. "Londres eta Paris dira hiri erreferenteak. Egiten dudana gustuko dut, zentratuta nago honetan eta badakit nora joan nahi dudan. Modarekin gertatzen dena da jakin egin behar duzula jendeak zer bilatzen duen, eta gaur zaude saltzen eta handik gutxira ez. Oso adi egon behar da", azaltzen du bere arrakastaren sekretuari buruz galdetzerakoan.  Sektorea krisian ez ote dagoen galdetuta, berriz, hauxe dio: "Krisia badago, baina leku batzuetan beste batzuetan baino handiagoa. Londres eta Paris dira hiri erreferenteak moda kontuetan, eta bada jendea arropetan diru asko gastatzeko prest dagoena". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak