Yaman Mjahed Nogales: "Amorruz borrokatzean akatsak egiten dira"

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 22a, 20:00
Yaman, erdian, MMAko eta K-1eko entrenatzaile Javirekin eta Patriciorekin.

Arrasateko Coliseum taldeko kidea da Yaman Mjahed Nogales (Arrasate, 2002), eta, berak aitortuta, borrokarako bizi da. Kick boxinga, MMA eta jiu-jitsu brasildarra tartekatzen ditu, eta Eskoriatzan K-1 borroka txapelketan ringera igo zen 57 kiloz azpikoen junior mailako kategorian. Irabazi egin zuen konbatea.

Zer sentitzen da ringera igo eta aurrean duzun kontrarioak min egin diezazukeela jakinda?

Ez duzu horretan pentsatzen, nahiz eta entrenatzaileak ere horixe esaten didan, ringera igotze hutsa ez dela gauza txikia. Uste dut Eskoriatzan jendea harrituta geratu zela, borrokaldietan benetako kontaktua ikusi zutelako, benetako ukabilkadak eta ostikoak. Nire bigarren borrokaldia izan zen, eta, oraingoan, nahiz eta oso urduri egon, burua hotz mantendu nuen. Ringean sentimendu barik borrokatu behar da, burua hotz duzula. Horrela, errazagoa da teknikan zentratzea, kontzentratuta egotea.

Lehenengo borrokaldia ezberdina izan zen, ala?

Amorratuta igo nintzen ringera, kontrarioa egurtuko nuela konbentzituta. Serio, haserre aurpegiz begiratu nion, aurrean nuen laguna kikiltzea zen helburua. Oraingoan, zentzu horretan, ezberdina izan da, hotzago egon naiz. Amorruak ez du borroka hobeto egiten laguntzen, akats gehiago egiten dira.

Junior mailako azken urtea duzu hau; datorren urtean, seniorrak izango dituzu aurrean.

Bai; bueno, ikusiko dugu. Niri, berez, MMA borroka gustatzen zait, eta horretan nabil burubelarri. Baina oraindik adin txikikoa naiz eta ezin dut borrokaldi horietan esku hartu. Datorren urtean, ostera, bai. Diotenez, 30-40 urte dituen borrokalari amateur batek esperientzia handia du, baina ez du 20 urteko baten gogoa. Profesional izateko, amateur moduan ibilbide polita egin behar da, eta horretan zentratu gura dut.

MMAko borrokalari profesional bilakatzea duzu buruan?

Gustatuko litzaidake, hori daukat buruan, eta horretarako nabil lanean. Borroka daukat une oro buruan, hau bizitza estilo bat da. Hori bai, aurrerago ikusiko dugu; oraingoz, zaletasuna da.

Borroka arte horiek geroago eta ezagunagoak dira...

Pentsa; duela bizpahiru urte, Coliseum gimnasioan bizpahiru lagun ginen kick boxinga egiten genuenok eta gaur egun 25 lagun izango gara taldean. Batzuendako, kirola egiteko modu bat da, ondo pasatzeko helburuarekin etortzen dira. Gu ere halaxe ibiltzen gara, baina apur bat serioago.

Zelakoa izan zen Eskoriatzako borroka eguna?

Luzea. [Barre] Pentsa, 09:00etan pisaketak izan genituen, eta goiz osoan ez nuen jakin noiz borrokatuko nintzen. Eguerdian esan zidaten nire borrokaldia arratsaldean izango zela, eta bazkaltzera joan ginen. Gogoan dut bazkaldu eta gero lagun bati esan niola paseo bat ematen laguntzeko, tentsioak jota nengoelako. Ariketa apur bat eginez lasaitu nintzen. Edozein entrenamendutan borrokaldian baino gehiago nekatzen zara, baina egun osoko tentsio hori... Astebete behar izaten da borrokaldi batetik errekuperatzeko.

Borrokaldi gogorra izan zen?

Bai; kontrarioa gogorra zen, gazte nafar bat. Ukabilkada bat ematen nion eta bueltan zetorkidan beste bat; guztiak erantzuten zizkidan, bazirudien ez niola minik ematen. Baina bai: azkenean, irabazi egin nion.

Hurrengo borroka, noiz?

Donostian, abenduaren 14an. Baina kick light-ekoa izango da, hor ez da kontaktu gogorrik egoten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak