Eskualdeko kooperatiben gizarte eraldaketa bokazioa aro berriaren aurrean

Aritz Kanpandegi 2019ko aza. 22a, 08:57

Aberastasuna sortu eta banatzeko orduan eredu aitzindaria eratu dute kooperatibek, bai mundu zabalean, baita gure eskualdean ere. Baina diferentzial kooperatiboa ez da hor amaitzen. Eredu kooperatiboaren zentzuezaugarri nagusietakoa da gizarteko beharrei erantzuteko bokazioa. Arrasateko Kooperatiba Esperientzian, enpresaren limiteak gainditu izan ditu Arizmendiarrietak abiaturiko utopia kooperatiboak, ortzi mugan irudikatuz komunitate autoeratu, justu eta kohesionatua.

Ezin da Arrasateko Kooperatiba Esperientzia ulertu honen eraldaketa sozialerako bokazioa aintzat hartu gabe. Hastapeneko urte haietan, oinarrizko hiru aspiraziok bultzatu zuten mugimendu kooperatiboaren sorrera eta garapena: aberastasuna sortu eta modu justuan banatzea; enpresa eredua humanizatzea, langileen eta lanaren burujabetza oinarrian jarriz; eta egiturak sortzea, komunitate justu eta kohesionatua osatuko zuten pertsonen garapen integrala ahalbidetzeko. Lehen hamarkadetako gizarte eraldaketa bokazioaren zentralitate hori apurkaapurka moldatzen joan zen, kooperatiba esperientziaren ziklo berrietara egokitzen. Ekonomiaren globalizazioarekin eta merkatuen nazioarteratzearekin batera, kooperatiben gizarte eraldaketa bokazioa kalitatezko enpleguaren sorreran eta kooperatiben arteko fondo sozialetan hezurmamitu izan da.

Egun, aldaketa sakonen garaiak bizi ditugu eta hauek nabarmen eragingo dute etorkizun hurbileko gizarte eta ekonomian: klima larrialdia eta krisi energetikoa, aldaketa demografikoa, desoreka sozialen areagotzea, iraultza teknologiko eta digitala, ezagutzaren ekonomiak etorkizuneko lanean eragingo dituen aldaketak… Joera eta aldaketa hauen izaera globala kontuan izanda, hauek lantzeko estrategiak irudikatze aldera, ezinbestekoa izango da tokiko agendetatik (ere) erantzutea erronka global hauei. Eszenatoki honetan, dimentsio estrategikoa hartzen du tokiko lurraldeak; gure kasuan, eskualdeak.

Tokikoaren balioa

Tokiko lurraldea ez da "edukiontzi" geografiko soil bat. Tokiko lurraldearen balio nagusia bertako eragilemultzoak osatzen du, eragileen arteko harreman, antolaketa, kultura eta instituzionalizazioarekin batera. Garapen sozioekonomikoko prozesuen subjektu da tokiko lurraldea. Lurralde berrikuntza modelo nagusien azterketatik (distrito industrialak, "milieu" berritzaileak, cluster politikak, gertutasun dinamikak, berrikuntza sistema lokalak, "learning region"-ak…), hiru ideia nagusi atera ditzakegu: lehena, ezagutzaren ekonomiaren testuinguruan, hurbiltasun geografikoa abantaila lehiakorra izan daitekeela; bigarrena, balioan jartzen direla garapenaren ezaugarri ukiezinak (konfiantza, lankidetza, kultura, harremanak…), eta hirugarrena, lurraldeak subjektu dinamikoak direla, zeinetan askotariko eragileen harremantze eta interakziotik sortzen den ezagutza.

Aro berriaren aurrean

Aldaketa sakonen testuinguru honetan, eskualdeko kooperatibak aro berri baten aurrean aurkitzen dira. Aro berri honen aurrean, eraldaketa sozial bokazioari dagokionez, kooperatibek bi dimentsio nagusi zaindu beharko dituzte: kanpo dimentsioa eta barne dimentsioa. Lehenengoari dagokionez, eragileen arteko lankidetza dinamikak ezinbestekoak izango dira. Lanaren etorkizuna, klima larrialdia, biztanleriaren zahartzea… bezalako erronken konplexutasunaren aurrean, beharrezkoa izango da lankidetza bide berriak arakatzea eskualdeko eragileen artean. Administrazio publikoak, kooperatibek, hezkuntza eta ezagutza zentroek, gizarte eragileek, eta abarrek elkarrekin heldu beharko diete etorkizuneko erronka sozial hauei, eskualdeko agenda bateratu batetik. Ezagutzaren ekonomiaren testuinguruan, badira askotariko eragileen arteko lankidetzaren bide hau jorratzen duten kasu enpiriko eta marko kontzeptualak: helize laukoitzean (eta boskoitzean) oinarritzen diren berrikuntza sistemak, gizarte berrikuntzaren paradigma, berrikuntza irekiko ekosistemak, eta abar.

Barne dimentsioari dagokionez, proiektu sozioenpresarial sendoak beharko dira. Hala, atzean utzi beharko dira kooperatiben dimentsio enpresariala eta dimentsio soziala bananduta irudikatzen dituzten logikak. Etorkizun hurbileko testuinguruan, dimentsio soziala eta dimentsio enpresariala uztartuta landu ahalko dira, proiektu sozioenpresarial sendoak garatuz. Horrela, oso modu naturalean irudika genezake, adibidez, aktibitate kooperatibo berrien negozio estrategiak ere lerrokatu ahalko direla karbono baxuko ekonomiaren trantsiziorantz; edo eraldaketa sozialerako bokazioa bihur daitekeela kooperatibetan talentua erakarri eta mantentzeko estrategiaren palanketako bat.

Ziurrenik, Debagoiena izango da munduko dentsitate kooperatibo altuena duen eskualdea. Esan gabe doa, kooperatibak ez direla kooperatiboak diren eragile bakarrak: administrazio publikoa, enpresa ertain eta txikiak, gizarte eragileak, eta abar ere badira kooperatiboak eskualde honetan. Eskualdeko etorkizuneko erronkei heltzeko, beharrezkoa izango da elkarren arteko lankidetza dinamika berritzaileak sustatzea. Eta egiteko horretan eragile guztiek izan beharko dute proaktibo, eskualdearen etorkizunaren hobe beharrez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak