'Zut' jaio da, gazteentzako aldizkari digitala

Maialen Regueiro 2019ko aza. 21a, 11:59

Zut, Gaztezuloren eta ADMren artean –ADM, Tokikom, Esguard, Anboto, Baleike, Goiena eta Euskalerria Irratiak osatzen dute– sortutako proiektua da eta lehen zenbakia gaur aurkeztu da, Donostian, Tabakalerako 2deo aretoan. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Gaizka Izagirre, Gaztezuloko zuzendaria eta Goienako Josu Bilbao kazetaria, IXA-Serie aplikazioaren lantaldearekin batera.

Edukiak bertikalean

Josu Bilbaok, aplikazioak izango dituen hiru ezaugarri nagusiak adierazi ditu: "Kalitatea, eduki bertikala eta ikus-entzunezkoak". Bilbaok gainera, aipatu du, Zut eskuko telefonoetan kontsumitzeko proiektua dela, doakoa eta edukiak atalka aurkeztuko direla. Bilbaoren esanetan, hau da edukia bertikalean eskaintzearen arrazoia: "Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu, eta mugikorra zutik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe”.

Aplikazioak atal finko batzuk izango ditu: Ikus-entzunezko formatuan grabatua eta Instagram storie-en kutsua izango duen elkarrizketa sorta freskoa, arina eta dibertigarria, musika atala, youtuberren iritziak eta hausnarketak bilduko dituen gunea, telesailen gaineko gomendioak, moda aholkuak, esketx formatuan edota era freskoan egindako sexologia tartea eta lehiaketa-erronka atala.

Hamabostean behin

Zut-en erabiltzaileek hamabostean behin izango dute edukia eskuragarri. Horrekin batera, edukia euskara hutsean izango da eta ikus-entzunezkoekin batera, sare sozialek ere protagonismo handia izango dute. "Testu gutxi eta irudi eta bideo asko. Interakzioa bilatzen dugu. Gazteen parte hartzea ezinbestekoa da; kontsumitzaile aktiboak izatea nahi dugu. Haiek izango dira aldizkariaren protagonistak. Eduki bertikalen aldeko apustua egin dugu. Produktu osoa mugikorretan modu bertikalean kontsumitzeko prestatuta egongo da" adierazi du, Bilbaok.

Gazteen gustuko gaiak

Gaizka Izagirrek aipatu du, gazteekin bi Focus Group egin dituztela, garrantzitsua delako, gazteen gustuak zeintzuk diren jakitea: "Gazteekin bi focus group egin ditugu, prototipoa kontrastatu eta euren ekarpenak jasotzeko. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gazteek benetan zer nahi zuten jakitea, eta zuzenean haien ekarpenak bildu ditugu edukiak lantzeko eta, batez ere, horiek zabaltzeko moduari buruz hausnartzeko. Gazteek gazteentzat eginikoa".

Ixa-Serie aplikazioa

Aurkezpen ekitaldian, Izagirrek honakoa ere aipatu du: "Euskal Herriko lehen serie aplikazioa Zut-en bidez ikusi ahalko da soilik eta mugikorrek eskaintzen dituzten erreminta guztiak ezinbestekoak izango dira telesailean murgiltzeko". Ixa taldeko Unai Portillo ere aurkezpenean izan da eta honela mintzatu da: "Zailtasun nabarmen batekin topatu ginen hasieran, gure seriea nola zabaldu. Aplikazio propio bat sortzeko helburuarekin ari ginen, hutsetik jaioko zena, baina zailtasun ekonomikoek ezinezko bilakatzen zuten helburu hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak